Albisteak

Komunitatea, sormen lanetarako tartea

Osteguna, 2018-01-04

Euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatzen dute Komunitatea. 2015an zabaldu genuen atal hau eta berebiziko martxa hartu zuen zabaldu eta berehala. Argazkiak idazki literarioekin osatuak, ipuinak, gogoetak... 2017. urtean atal honek eman duena laburbiltzen saiatuko gara.

2017an, Komunitateak uberan.eus web orriari egin dion ekarpena oparoa izan da. Urt Zubiaurre Otamendi urte hasieran hasi zen atal honetan parte hartzen eta denbora honetan bera izan da Komunitateari arnas gehien eman dion kideetako bat. “Etxeko piztien saila” abiatu zuen martxoan. Geroztik hona, txoriak, behiak, zakurrak, ardiak eta euliak hartu ditu hizpide. Bost dira partekatu dituen ipuinak. Bitxia da modus operandi-a. Denetan, jada argitara emanda dauden ipuinak izan ditu inspirazio iturri.

Eulia izeneko ipuinean, adibidez, narrazio hauexek: Dena ez dago gure esku, Uxue Alberdik idatzia; eta Euliak, Iban Zalduak idatzia.

Komunitatea atalera igo dituen beste ipuinetan, Xalbador, Itxaro Borda, Jon Mirande, Eider Rodriguez, Jorge Luis Borges, Ana Malagon edota Aritz Gorrotxategiren idatziak hartu ditu abiapuntu.

Eider Perez aldiz, martxoan hasi zen Komunitatean parte hartzen. Hitzak eta irudiak dira baliatzen dituen osagaiak. Ez dugu hitzik asmatu idatzia sareratu zuen lehen lehenik. Handik gutxira, beste iruzkin bat literario bat partekatu zuen Komunitatean: Cam 16. Reb 53. / C. Rue des Rosies - 15.37pm.


Kide askoren bilgune

Eskaintza, hala ere, zabalagoa da. Atal hau zabaldu zenetik hona, asko izan dira idatziren bat partekatu duten lagunak: Eneko Aizpurua, Miren Gorrotxategi, Urt Zubiaurre Otamendi, Eider Perez, Iban Laka, Jose Inazio Basterretxea, Edu Zelaieta, Aritz Gorrotxategi, Erisentxokoilunetik, Begoña Lasa, Martin Bidaur, Hasier Rekondo, Mikel Ibarguren, Jon Askasibar, Mikel Zumeta, Ian Sancho Linares, Ainara Maia, Ione Gorostartzu Etxebeste, Pello Otxoteko, Joseba Mikel Ugalde, Aritz Mutiozabal, Ernesto Prat Urzainki eta Juan Ramon Makuso. 


MirenGorrotxategi

Miren Gorrotxategiren ipuin laburra

Maiatzean, Iban Zaldua eta Miren Gorrotxategi Azkune idazleek “Literatura, ispilu ala leiho?” izeneko solasaldian hartu zuten parte. Literaturia jaialdiak batu zituen bi idazleak, Zarauzko Modelo aretoan. Ekitaldi horretan, ipuin bana irakurri zuten. Handik gutxira, Iban Zalduak Oharrak & Hondarrak blogean zabaldu zuen bere hausnarketaren emaitza.

Miren Gorrotxategi Azkunek, aldiz, Hitzen Uberan web orriko Komunitatea atalean partekatu zuen bere narrazio laburra: Azken hatsen lapurra. Argitarabea den aldetik, toki propioa gorde zioten Hegats aldizkariaren azken zenbakian. Hemen duzue irakurgai:


Azken hatsen lapurra

—Winslow doktorea heldu da —berri eman zuen mirabeak logela ilunera sartzean.

—Etor dadila —agindu zion etxekoandreak, ohe ondotik mugitu gabe. Soilik medikua iristean urrundu zen ohean zetzan senarrarengandik, pultsua har ziezaion.

—Ez dago ezer egiterik —mumurikatu zuen Winslow doktoreak, eta gaixoari eskua aldaka ondoan kokatu ondoren, lurrean utzia zuen maleta hartu eta aterantz abiatu zen.

—Ziur? —hautsi zion etxekoandreak bidea— Baina ez ditu berorrek eskularruak kendu ere egin… eta, gainera, berori etorri aurretxoan, kandela jarri diot senarrari sudurraren parean... eta garra mugitu egiten zen! Zin degiot!

—Zeure hatsak mugi zezakeen, emakumea. Edo haize-korronteren batek: goiko haize zoroa dabil, hor kanpoan —eskularru finak nahasiriko ile bakanetan pasa zituen medikuak, bere hipotesiari indarra eman asmoz—. Tira, egingo diot azken proba bat; baina utz gaitzazue bakarrik, arren.

Emakumeek logelako atea irekitzean, gela doi-doi argiztatzen zuten argizarien garrek dantzan egin zuten aldi berean, hileta-martxa isil baten konpasen arabera. Atea ixteaz bat, medikuak ispilu bat atera zuen maletatik. Gaixoaren sudur parean jartzean, lurrundu egin zen. Ispilua albo batera utzi eta eriari burua altxatu ostean, burkoa kendu eta aurpegiaren kontra estutu zion. Jarraian, burkoa hasierako posizioan utzi, eta berriro gerturatu zuen ispilua ohean zetzan gorpuaren sudurraren parera.

—Ikus ezak heuk ere: hilda hago.

Hilotzari begiak itxi zizkion; maletan gorde zuen ispilua. Etxekoandre atsekabetuari doluminak eman, eta presaka agurtu zuen: larri zeuden beste bi gaixoren etxeak bisitatu behar zituen lanaldia bukatu aurretik. Haietan ere, ahaide nahigabetuei doluminak ematea tokatu zitzaion.

Etxeratzean, paperez beteriko idazmahaiaren aurrean eseri, eta eskularruak kendu zituen poliki, tintaz zikinduriko atzamarrak bistan utziz. Ondoren, maletatik ispilua atera zuen, guztiz gandutua, eta mahai gainean laga, eskuz idatziriko paper mordo baten ondoan. Belarria ispiluaren kontra jarrita eta tintaz belztutako behatzez lumari helduta, orri zuriak zirrimarratzeari ekin zion. Hala, azken hatsek bete gabe utziriko ametsak xuxurlatzen zizkioten Winslow doktoreari, hark, fantasiazko letrez eta fikziozko izenez mozorrotuta, orri zurietan isla zitzan, irakurleren batek nonbait, noizbait, amets haiek bizi zitzan.


Komunitatea

Komunitateko ateak zabalik

Komunitateko kide izateko ez da idazlea izan behar. Edonork ditu ateak zabalik. Hausnarketak, idatziak, lan literarioak, sormen lanak… partekatzeko gogoz dabilenak, txoko bat du Hitzen Uberan. Baldintza bakarra: euskaraz egitea. “Nola egin naiteke Komunitateko kide?”. Galdera hori buruan duenak uberan.eus/komunitatea helbidean topatuko ditu xehetasun denak.


Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea. 


Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

- Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

- Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako. 


Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: uberan.eus/komunitatea helbidean topatuko duzun formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.


 

Argazki nagusiaren egilea: Dustin Lee, unsplash.com

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)