Albisteak

Komunitatea: sormen-lanen txokoa

Osteguna, 2017-07-27

2015. urtean, atal berri bat jarri genuen martxan: Komunitatea. Berebiziko martxa hartu zuen zabaldu eta berehala. Argazkiak idatzi literarioekin osatuak, orotariko sormen lanak, gogoetak... Atal honek uberan.eus web orriari egin dion ekarpena oparoa izan da. Post honen bidez, 2017 urteko lehen zatian batzuk eta besteek egindako ekarpenak laburbiltzen saiatu gara.

Etxeko piztien saila

Urt Zubiaurre Otamendi urte hasieran hasi zen Komunitatea-n parte hartzen. 2017ko lehen zati honetan, bera izan da atalari arnas gehien eman dion idazlea.

“Etxeko piztien saila” abiatu zuen martxoan. Geroztik hona, txoriak, behiak, zakurrak, ardiak eta euliak hartu ditu hizpide. Bost dira partekatu dituen ipuinak. Bitxia da modus operandi-a. Denetan, jada argitara emanda dauden ipuinak izan ditu inspirazio iturri.

Eulia izeneko ipuinean, adibidez, narrazio hauexek: Dena ez dago gure esku, Uxue Alberdi Estibaritzek idatzia; eta Euliak, Iban Zalduak idatzia.

Komunitatea atalera igo dituen beste ipuinetan, Xalbador, Itxaro Borda, Jon Mirande, Eider Rodriguez, Jorge Luis Borges, Ana Malagon edota Aritz Gorrotxategiren idatziak hartu ditu abiapuntu.

Urt Zubiaurre Otamendiren ipuinak esteka honetan topatuko dituzue: “Etxeko piztien saila”.


Eider Perezen iruzkin literarioak

Martxoan, Eider Perezek bere lehen ekarpena egin zion Komunitatea atalari. Osorik irakurtzeko, egin klik esteka honetan: Ez dugu hitzik asmatu.

KomunitateaEider

Handik gutxira, Eider Perezek beste iruzkin bat literario bat ipini zuen Komunitatean: Cam 16. Reb 53. / C. Rue des Rosies - 15.37pm.


Miren Gorrotxategiren ipuina

Maiatzean, Iban Zaldua eta Miren Gorrotxategi Azkune idazleek 'Literatura, ispilu ala leiho?' izeneko solasaldian hartu zuten parte. Literaturia jaialdiak batu zituen bi idazleak, Zarauzko Modelo aretoan. Ekitaldi horretan, ipuin bana irakurri zuten. Handik gutxira, Iban Zalduak "Oharrak & Hondarrak" blogean zabaldu zuen bere hausnarketaren emaitza. Miren Gorrotxategi Azkunek, aldiz, Komunitatea atalean partekatu zuen bere narrazioa.

KomunitateaMiren

Esteka honetan irakurri daiteke Miren Gorrotxategiren ipuin ineditoa: Azken hatsen lapurra.


Lagun gehiago ere badira

Azkenaldian, hortaz, hauek izan dira Komunitatea elikatzen aritu diren lagunak. Eskaintza, hala ere, zabalagoa da. Komunitatea zabaldu genuenetik hona, asko izan baitira idatziren bat partekatu duten kideak: Iban Laka, Jose Inazio Basterretxea, Edu Zelaieta, Aritz Gorrotxategi, Erisentxokoilunetik, Begoña Lasa, Martin Bidaur, Hasier Rekondo, Mikel Ibarguren, Jon Askasibar, Mikel Zumeta, Ian Sancho Linares, Ainara Maia, Ione Gorostartzu, Pello Otxoteko, Joseba Mikel Ugalde, Aritz Mutiozabal, Ernesto Prat Urzainki eta Juan Ramon Makuso. Ea udazkenak sormen lan gehiago ekartzen dizkigun.


Komunitateko ateak zabalik daude

Komunitateko kide izateko ez da idazlea izan behar. Edonork ditu ateak zabalik. Bere hausnarketak, idatziak, lan literarioak… partekatzeko gogoz dabilenak, txoko bat du gurean. Baldintza bakarra: euskaraz egitea.

Komunitatea

“Nola egin naiteke Komunitateko kide?”. Galdera hori buruan duenarentzat, hementxe du esteka egokia: Komunitatea. Hitz horretan klik egin eta eman beharreko pausoak ezagutuko dituzu. Oso erraza da.

Hori bai: abuztuan eten egingo dugu Hitzen Uberan-eko martxa. Baina irailetik aurrera, beste kideek bezalaxe, kide eginberria ere bere idatziak plazaratzen hasteko moduan legoke.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)