Albisteak

Lautan hiru: antzerki txikien festibal handia

Astelehena, 2019-01-28

Lautan hiru izeneko antzerki-jaialdia antolatu du Euskaltzaindiak, beste hiru eragilerekin elkarlanean: Cafe Bar Bilbao, Bira kulturgunea eta Zazpi katu gaztetxea. Urtarrilaren 31n hasi eta otsailaren 21era bitarte, ostegunez, hiruna antzezlan labur ikusteko aukera izango da Bilboko Zazpikaleetan. Mendeurrena ospatu nahi du euskararen akademiak, eta, besteak beste, euskarazko antzerkia bultzatu. Jarraian bildu ditugu egitasmoari buruzko xehetasunak eta programazio osoa.

Ostegun honetan abiatuko da Lautan hiru jaialdia: lau ostegunez, hiruna antzerki-pieza labur ikusteko aukera izango dute bilbotarrek. Euskaltzaindiak antolatu du egitasmoa, aurten mendea bete duela ospatze aldera. Erakunde horrek, baina, izan du laguntzailerik, eta Zazpikaleetako beste hiru eragilek kolaboratu dute proiektua osatzen: Cafe Bar Bilbao tabernak, Bira kulturguneak eta Zazpi katu gaztetxeak. Lauren egoitzatan erakutsiko dira jaialdiko antzezlanak.

Egitasmoak hiru helburu nagusi bete nahi ditu: euskarazko antzerkia hauspotzea, antzerkilariei beren lanak erakusteko guneak eskaintzea eta, azkenik, Zazpikaleetako giroan eragitea eta Bilboko kultur aukerak zabaltzea.

Sarrerak erosteko hainbat aukera egongo da. Hiru piezak ikusi nahi dituenak, laguntza-bonoa eros dezake aldez aurretik, 5 eurotan. BIRAn (Erronda kalea, 2) eta Euskaltzaindian (Plaza Barria, 15) salduko dira (50 laguntza-bono guztira), astebete lehenagotik. Pieza bakarra ikusi nahi duenak, berriz, 2 euroko sarrerak erosteko aukera izango du, gunean bertan, betiere bonoak ez badira agortu eta espazioen aforoak horretarako aukera ematen badu. Egitasmoak zaleen fidelizazioa bultzatu nahi duenez, 'opariak' zozketatuko dira, astero-astero, hiru antzezlanak ikusten dituztenen artean. Zozketa azken emanaldiaren ostean egingo da, eta opariak Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura bultzatzen duten negozioekin adostuko dira.

Egitaraua

Urtarrilak 31:

- 19:00 Cafe Bar Bilbao

Tabernaria (Mikel Martinez, 30 min)

- 20:00 Euskaltzaindia

Komuna (Irati Agirreazkuenaga, 20 min)

- 21:00 BIRA

Basatiaren mintzoa (Maite Arrese, 40 min)

Otsailak 7:

- 19:00 Euskaltzaindia

Mary’s dream/ Maryren ametsa (Amaia Ruiz de Galarreta, 14 min)

- 19:30 Cafe Bar Bilbao

XVI “Cafe Bar Bilbao” Gidoi Saria

Lurrun minez (Galder Perez, 25’ + Foruma)

- 21:00 Zazpi Katu

Morbus Operandi (Ane Zabala eta Aiora Sedano, 50 min)

Otsailak 14:

- 19:00 BIRA

Inor ez dator (Amaia Irazabal, 15 min)

- 20:00 BIRA

Deskontrolatuak (Karmele Larrinaga eta Iratxe Urkiaga, 25 min)

- 21:00 Zazpi Katu

Tomiris (Iñaki Ziarrusta, 50 min)

Otsailak 21:

- 19:00 Euskaltzaindia

Minus Ukittua (Telmo Irureta, 20 min)

- 20:00 Zazpi Katu

Maite(k)ale borroka  (25 min)

- 21:00 BIRA

Gudua (Asier Hernandez eta Dorleta Urretabizkaia, 55 min)

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)