Albisteak

"Lerro etena (2004-2018)" plazaratu du Angel Errok

Asteartea, 2019-04-09

Angel Errok dietario moduko liburua plazaratu berri du: "Lerro etena (2004-2018)". Urte luzez koadernoetako  bazterretan geratutako gogoetak, pentsamenduak, zirto ironikoak. Literaturaz, idazleez, literatur munduaz batez ere, baina baita ere gurasoez, gaixotasunaz, heriotzaz. Umorea eta pentsamendua elkarrekin abilki jaso ditu liburu honetan egileak,entolamendu  kronologikoari ihes egiten dion egitura bihurriarekin.

Honatx liburuko pasarte labur bat:

"Idatzi nahi dut, baina ez honako hau. Egunerokoa itxurakeria jasanezina da. Nire asteburu arraroa (Sr. Chinarro ostiralean, Aldapa eta flamenkoa larunbatean) edo nire egon kortasun hauskorra kontatzeak ariketa (bestetik eskuraezin) honi, esperientzia erreala islatzeko ariketa honi, eskaintzeko presat nagoen baino orrialde gehaigo eramango lidake.

Irrika bai da erreala, premia; baina emaitza inola ere ez, pentsamendu oro, zirrara oro, desñabartzen baitu (2008-VI-15)"

Txatal laburrez osatutako liburua da "Lerro etena". Zutabegintzatik gertu, baina baita ere idazle ugarik beren ibilbideko uneren batean egin izan dituzten dietarioez ere. Angel Erroren lanean ohikoa denez, bertan ez da faltako ironia, literatura eta kulturari buruzko gogoeta, probokazio pintu bat. Egileak dio, hala ere, gauza asko utzi dituela kanpoan. Entzun jarraian, prentsaurrekoak eman zuena:

Angel Erro: "Nortasun sexuala esaterako, edo erdaldun hutsa izatetik euskalduna izatera pasa den norbaitek ezin du ikusi bere burua lerro zuzen bat bezala, mundu arroputz askok bere burua ikusten duen bezala. Iritzi irmo gehiegirik ezin duzu izan aldatu zarenez tokiz, edo egon zarenenean bandoaren bestaldean".

Sinopsia

 

LERRO ETENA

Ez da ezohikoa idazle batek bere kaierean apuntatzea egunean eguneko gertakariak eta burutazioak. Oharrok, sarritan, kalitate literario nabarmena dute gainera, baita irakurleentzako interes eta jakin-mina ere: hortik sortu ohi da dietario horietako aitorpenak liburuan bildu eta zabaltzeko usadioa, Europako literaturetan aspalditik datorrena baina gurean oso gutxitan landua.

Angel Errok 2004 eta 2018 bitarteko bere egunerokoen pasarteak eta garai bereko beste zenbait testu pertsonal ematen ditu argitara: bertan topa litezke kultur giroari buruzko gogoetak, literaturferioko txutxu-mutxuak, familia-kontuak, gorabehera sentimentalak, osasunari edo lanari loturiko kezkak, irakurketak, iruzkinak, txantxak…

Xehetasun bitxiak dira batzuetan, gezi zorrotzak besteetan, baina denetan nabarmentzen da egilearen izaera: ironikoa batetik, zaurgarria bestetik, lotsati eta lotsagabe aldi berean, despistatu itxurapean beti buruargi, axolagabe jantzipean sentibera.

Albiste honen uberan

Berria: "Koaderno orrietan norbera"

Gara: "Dietarioan lerrotua"

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)