Albisteak

Liburugintzaren sektoreak neurri iraunkorrak behar ditu

Astelehena, 2020-07-20

Euskal liburuaren sektoreak prentsaurreko bat eskaini zuen pasa den astean, eta manifestu bat ere zabaldu dute, salatuz «ataka larrian» daudela eta «akordio iraunkorrak» behar dituztela.

Pasa den astean, hilaren 16an, prentsaurreko bateratua eskaini zuten liburugintzaren sektorean dabiltzan bost erakundek: Euskal Idazleen Elkartea, EIZIE (Euskal Itzultzaile eta Zuzentzaileen Elkartea), Euskal Editoreen Elkartea, Editargi (Nafarroko Editoreen Elkartea) eta Galtzagorri. Liburugintzaren sektorea kinka larrian dagoela salatu zuten, eta akordio iraunkorrak eskatu zituzten. Garbine Ubeda Idazleen Elkarteko lehendakariaren arabera, elkarteek argi ikusi dute, bakoitza bere aldetik joanez, ez direla oso urrun iritsiko, eta «elkarrekin indar handiagoa» egiteko eta elkar sendotzeko asmoz bildu dira.

Manifestua idatzi duten elkarteen arabera, kulturaren baitako sektoreak, eta bereziki liburugintza sektorea «ezinean dabiltza, 2008koaz geroztik atzeraldiak eta krisiak metatzen joan direlako». Ondorioz, koronabirusaren krisiak «eragindako kalteak are dramatikoagoak dira» euskal liburugintzaren kasuan, lehendik ere larria zen egoerari gehitu zaizkiolako.

Adierazi dutenez, koronabirusaren krisiarekin, laguntzak bideratu dira «manufaktura-industriara, azpiegitura erraldoietara, automoziora eta turismora»; kulturak, berriz, laguntza horien «soberakinak» baizik ez dituela jasoko.

Baina kultura ez da bigarren mailako kontu bat. «Kultura funtsezko elementua da gure identitatean eta gure nortasunean, hizkuntza ere ezinbesteko elementu den bezala. Kulturak definitzen eta ezaugarritzen gaitu, eta transbertsala da, maila guztiak aldenik alde zeharkatzen dituena, adin guztietan ez ezik, jardun guztietan ere islatzen delako». Hala, elkarteek uste dute «gizartea mugitzen duen motorraren erdigunean» beharko lukeela kulturak.

Horretarako, «aldaketa estrukturalak» eskatu dituzte, eta «neurri iraunkorrak», sortzaileei zein liburuaren katea osatzen duten beste elementu guztiei bideratuak: esate baterako, «sortzaileei estatus berezi bat aitortzea, liburuen inguruko edozein jardun (izan irakurle kluba, eskoletako saioa, hitzaldia edo dena delakoa) odisea burokratiko eta gogaikarria bihur ez dadin» eta «liburua “lehentasunezko” produktu bezala legez onartzea» eta «zergak murriztea».

Elkarteen asmoa da, beren manifestua jendaurrean aurkezte ondoren, Euskal Herriko instituzio administratiboekin biltzea, egoeraren berri eman eta adostasunak eskuratzea.

Manifestua osorik irakur dezakezue, hemen.


 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)