Albisteak

Liburutegi bihurtu dute Beasain

Asteazkena, 2019-04-10

Pasa den igandean abiatu zuten Liburuak Libro egitasmoa Beasainen: 223 liburu askatu dituzte beasaindarrek, herriko hainbat txokotan, edonork hartzeko moduan. Lehenago, Euskal Liburua Kalera proiektua antolatu zuen herriko irakurle taldeak eta hazi horretatik abiatu da kimu berri hau, besteak beste, euskal literatura ikusarazteko eta herritarren arteko sareak sustatzeko asmoz. Proiektuaren antolatzaile Irati Goikoetxearekin hitz egin dugu. Irudia: GITB

Nola otu zitzaizuen Liburuak libro egitasmoa?

“Liburuak libro” ekimenak orain dela bi urteko udaberrian du jatorria. “Euskal liburuak kalera” egitasmoa landu genuen Beasaingo Irakurle Taldeak herri ekimenetik, herriko ikastetxe eta herritarrekin. Apirileko egun jakin batean herritarrei liburu batekin kalera atera eta herria alderik alde musikaz jantzita kalejiran zeharkatzeko proposamena luzatu genien. Kalejiraren bukaeran herriko parke ireki batean literatur jaialditxo bat borobildu genuen bi urtetan. Aurten euskal liburuak beste modura batera kaleratzea otu zaigu. Ordutegi askea, txoko askeak eta liburu askeak. Inondik inora ez genuen espero Beasain benetako liburutegi ireki bihurtuko zenik. 223 liburu jarri dira kalean nahi duen ororentzat eskura, izugarria!

 Zertan datza, zehazki, egitasmo hau? 

Etxeko euskal liburu bat aukeratu eta egun jakin batean (apirilaren 7an) norberak aukeratutako herriko (Beasaingo) txoko batean liburua utzi. Momentu horretatik aurrera liburuak aske gelditu dira kalean edonoren eskura. Ez da liburu truke bat, liburua uzten duenak ez du zertan beste liburu bat hartu, eta libururik uzten ez duenak har dezake kalean topatutako liburu hori. Liburuak Beasaingo lurretan daude, Beasain bertan eta mugetan; inguruko herri guztietako herritar banari Beasainek herri horrekin muga egiten duen tokian liburu bat uzteko proposamena egin diogu. Horretaz gain, Beasaingo hiru euskal presok ere utzi dute beren liburua eta eurentzako ze liburu hartu nahi duten ere eskatu dute. Batzuetan posible da distantziak laburtzea eta horretarako egin behar da lan.

 Zer helbururekin antolatu duzue?

Helburu asko ditu ekimenak: euskal literatura ikusgarri egitea, irakurzaletasuna sustatzea, euskarari eta euskal kulturari keinu egitea, berrerabilpena bultzatzea, herriko txoko ezberdinak ezagutaraztea eta oso garrantzitsua iruditzen zaiguna: herritarren arteko harreman sarea estutzea. Herri ekimenetik elkarlanean sortutako proiektua da. Eskuzabaltasun irudi ere bihurtu da; izan ere, ematen duenak irabazi egiten du, gordetzen duenak galdu. Herritarrek izugarri irabazi duten sentipena dute. Emateaz gain, izugarrizko altxorrak hartzeko aukera izaten ari direlako.

 Oker ez banaiz, jendeak izena eman du, eta bere liburu gustukoak aukeratu. Azalduko zenidakete nola joan den egitasmoa antolatzeko prozesu hori? Beste udalerri batzuetan ere antolatzeko asmotan omen zabiltza, aholkurik? 

Bai, parte hartu nahi zuenak izena eman du, baina, noski, akaso izango da izenik eman gabe liburua utzi duenik ere. Edonork utz dezake liburu bat nahi duenean nahi duen tokian. Kontua da dimentsionatzeaz gain, kalean utzitako liburuen zerrenda bat ere argitaratu nahi genuela gero jakin zedin liburu bakoitza non dagoen, gustukoren bat hartu nahi izanez gero, liburu jakin hori non dagoen jakiteko. Liburua hartzeko bi aukera daude: nahi duzun horren bila joan edo kalean zoazela liburu batekin tupust egin eta jakin-minak hartaratuta.

Donostian eta Iruñean ekimena martxan jartzeko interesa azaldu dute. Aholkurik? Ekimenak bere horretan ez du zailtasunik; lana eta handia gainera, proiektu guztiekin gertatzen den bezala, herritarrak jakinaren gainean jartzen eta parte hartzera animatzen egin behar da. Horretarako ezinbestekoa da ekimenean sinestea (denboratxo bat daramagu Beasainen euskal literaturaren eta irakurzaletasunaren inguruan lurzorua zaindu, aberastu eta ereiten) eta ohiko komunikazio bideak erabiltzeaz gain, aurrez aurreko lanketa egitea.

 Igandean jarri zenuten martxan. Zer moduz joan dira lehen egunak? 

Nahi-ahal zutenak goizean topaketa egin eta zenbait liburu elkarrekin jarri genituen. Igandean bertan arratsaldeko seietan herritar bat ikusi nuen txirrinduan bi semeak hartuta herria alderik alde zeharkatzen. Libururik ez zutela topatzen jakinarazi zidan, denak hartuta zeudela! Egia esan uste baino ilusio handiagoz topatu genuen herritarra, bai liburuak uzteko eta baita liburuak hartzeko ere. Txalotzekoa eta balioan jartzekoa da, oso liburu eskaintza aberatsa eta anitza egon da eta oraindik dago; haur literatura, gazte literatura, heldu literatura, eleberria, saiakera, ipuin-bildumak, komikia, poesia.

Ederra izan zen haur parkeetan familiak euren seme-alabekin topatutako liburuei begira topatzea.

 Igandean abiatu zen; inoiz amaituko al da? 

Liburu asko hartuta daude, baina, oraindik beste liburu asko daude hartu gabe. Kontuan hartu behar da 223 liburu utzi direla. Gainera, liburua hartu duenak akaso erabakiko du liburua irakurri ondoren liburua hartutako toki berean uztea. #LiburuakLibro traolan herritarrak ari dira ematen ari diren pausoen berri zintzilikatzen. Oso polita izaten ari da. Hori du ederra, ez dela une jakin batera mugatzen ekimena eta jendea liburu berriak irakurtzen ari dela.

 Egitasmoarekin lotuta, beste ekintzarik egiteko asmorik al duzue?

Oraindik ez dugu balorazio sakon bat egiteko tarterik hartu, baina, ereindako beste hazi bat izanik irudimenari tira egin eta egitasmo berri eta ausartetan pentsatzeko indarra ematen du. Nahiko ziur esan genezake, ekimen honek berak oso antzeko formatuan izango duela jarraipena. Zero euroko presupuestoa duen ekimen hau edozein herritan errepikatzeko modukoa da gainera. Guztiak animatzen ditugu halako zerbait egitera.

Besterik?

Eskertzekoa herritik kanpoko Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari den Garbiñe Ubedak eta Alberdania, Erein, Pamiela, Susa, Elkar, Txalaparta eta Balea Zuria argitaletxeek ekimena babestu eta ekimenean parte hartzeko azaldutako prestutasuna.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)