Albisteak

Literaktum jaialdiko eskaintza, gero eta zabalagoa

Asteartea, 2017-10-31

Tantaka ari dira Literaktum jaialdiko egitaraua aurreratzen. Urriaren erdialdean, lehen izenak eman zituzten aditzera: Rosa Montero, John Banville, David Foenkinos, Rosa Montero eta Uxue Alberdi. Wangari Maathairen inguruko erakusketa eta Ekialde Hurbilari buruzko mahaingurua iragarri berri dituzte. Ekitaldi gehiago ezagutaraziko dituzte laster.

‘Wangari Maathai eta bakerako zuhaitzak’ erakusketa

Aitziber Alonso ilustratzaileak Wangari Maathairen ibilbidea irudikatu du. Ingurumenaren aldeko ekintzailea izan zen Maathai. Garapen sostengarriaren, bakearen eta demokraziaren alde egindako lanagatik Bakearen Nobel Saria eskuratu zuen 2004. urtean. Aitziber Alonsorekin batera, Uxue Alberdik eta Xabi Payak hartu dute parte erakusketaren prestaketa lanetan. Azaroaren 10ean zabalduko dute Donostiako Aiete Kultur Etxean.

Erakusketa egunetan, Aitziber Alonsok ilustrazio tailer bat eskainiko du. Azaroaren 25ean, Aiete Kultur Etxeko Haur Txokoan.


Ekialde Hurbilari buruzko mahaingurua

San Telmo Museoan Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak liburuari buruzko mahai ingurua egingo da. Mikel Ayestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza izan dira liburua ondu duten kazetariak. Argitalpen honen harira, Literaktum-ek solasaldi bat antolatu du hiru kazetariekin. Azaroaren 15ean, San Telmo museoan. Jaime Otamendi arituko da moderatzaile lanetan.


Wikilantegia_Literaktum_2016_04


Madame Bovary,  solasaldia eta afaria

Aurtengo edizioan klasiko bat berreskuratu eta horren inguruan aukera izango da. Hautatutako eleberria Gustave Flauberten Madame Bovary izango da. "Flauberten maisulanari buruzko saioa azaroaren 24an izango da, ostiralarekin, eta bi zatitan banatuko da: lehenik, solasaldi literarioa egingo da eta afari literarioa, ondoren", antolatzaileek aditzera eman dutenez. Cofradía Vasca de Gastronomía elkarteak diseinatu du afariko menua eta Slawka Grabowska arduratuko da solasaldia bideratzeaz. Afariaren prezioa 20 euro da. Izen ematea zabalik da eta ordainketa  www.literaktum.eus webgunean egin daiteke.


Victor Hugori bisitan

Victor Hugo idazle klasikoak eta bere obrak ere izango dute lekua jaialdian. Azaroaren 25ean, ibilbide literarioa egingo da Pasai San Pedrotik Pasai Donibanera, eta Hugok denboraldi batez ostatu izandako etxeraino gidatuko ditu bidaiariak aktore talde batek. Etxea ez ezik, idazlearen zenbait eskuizkribu ezagutzeko aukera izango dute. Hitzordua Pasai San Pedroko torrean jarrita dago (ontziralekuan), azaroaren 25ean, goizeko 11:00etan, eta bertan parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik honako helbidean: liburutegiaalderdieder@donostia.eus


Wikilantegia

Literatura jaialdiak iraungo duen egunetan, Wikilantegia jarriko dute martxan. Iaz arrakasta izan zuen eta aurten jende gehiago jarriko dute lanean. Ekimen honen bitartez, Literaktumera etorriko diren idazleei eta artistei buruzko artikuluak osatuko dira eta wikipediara igoko dira. Sarrera librea da eta ez da beharrezkoa izango wikipediaren inguruan ezagutza izatea. Jarduera hau azaroaren 23an egingo da Donostiako Haur Liburutegian.


Zerrenda handitzen doa

Literaktum udaberri partean ospatu ohi zen. Aurten, azarora atzeratu dute literatur jaialdia. Azaroaren 14tik 25era, Donostia hitzen hiria izango da. Antolatzaileek duela hiru aste aurreratu zituzten lehen gonbidatuen izenak: Rosa Montero, John Banville, David Foenkinos, Rosa Montero eta Uxue Alberdi (ikus Azarora pasa dute Donostiako Literaktum jaialdia izenburupean idatzi genuen albistea). Zerrenda handitzen doa, bistan denez. Laster emango dituzte izen gehiago aditzera.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)