Albisteak

Literatura, jolas

Georges Perecen ondarea euskarazOstirala, 2016-02-19

1936ko martxoaren 7an jaio eta 1982 martxoaren 3an zendu zen Georges Perec idazle frantsesa: bi aste barru izango dira bere jaiotzaren eta heriotzaren urtemugak. Efemeride hurbila baliatuta, literatura esperimentazio gisa erabili izan zuen autore honi begira ipini gara. 2014an, bere bi lan labur kaleratu zituen Igela etxeak, eta erreportaje hau, bada, era berean, Gauzak eta Gizon bat lotan errekuperatzeko modu bat.

Literatura, puzzle

Igela argitaletxekoek beren blogean azaltzen dutenez, zehazki jolas-mota batekin lot daiteke Perec-en idazkera: puzzlearekin. Hala diote:

Puzzlearen ideia hori, piezaz bete behar den espazioarena, oso kuttuna zaio Pereci (...) . (...) literatura jolastokitzat hartzearen ildo horretan berean ere, hizkuntzaren dokumentalista eta ikertzaile gisa aurkezten zuen bere burua berak. Dena dela, Perec-en obraren gailurtzat La vie, mode d´emploi (1978, Bizitza, nola erabili) eman ohi da, nolabait haren filosofia literarioaren ardatz nagusiak jasotzen dituelakoan: puzzle bat da, narrazioak bere barne-lege eta hertsapenak ditu, seriez osatua da, eta metaliteraturarantz lerratzen da, nolabaiteko ustekabeak gordez irakurlearentzat.

La vie, mode d'emploi baita bere eleberri ezagunenetako bat, kontatuko dugu eraiki baten historia dela eleberri hori, eleberri horretan gurutzatzen direla, alegia, eraikin berean bizi diren auzoen bizitzak, eta halaxe goaz ezagutzen lehenengo solairuan eskuinean bizi dena, zortzigarren solairuko beste hura, sotoan bizi dena... Soziologia ikasi zuen Perecek, eta jostatzeko eta esperimentatzeko grina guztiaz gain, errealitate eta gizarte bat erretratatzeko abileziak ere nabarmena da.

1976ko bideo honetan Perecek berak proiektua aurkezten du:

Gauzak: kontsumoari kritika?

1965ean agertu zen Gauzak eleberria, arrakasta handiz, frantses letren plazara. Perecen estreinako liburua zen, eta Renaudot saria eman zioten horri esker. Igelak orain bi urte kaleratu zuen euskarazko itzulpena, Itziar Diez de Ultzurrunen lana.

Bikote gazte baten istorioa da Gauzak. Igela argitaletxekoen arabera, bere inguruan erretratatzen saiatu zen Perec liburu honen bidez. Liburuko bikote protagonista pobrea da, eta ezin ditu gizarteak begien aurrean ipintzen dizkion gauzak erosi. Kontsumo-gizartearen aurkako kritikatzat hartu zen eleberria bere garaian, besteak beste Marx-en aipu hau agertzen delako amaieran:

Bidea egiaren parte da, emaitza bezala. Beharrezkoa da egiaren bilaketa bera ere egiazkoa izatea; egiazko bilaketa hedaturik dagoen egia da, eta barreiatutako zatiak emaitzan elkartzen dira.

Hala ere, betiere Igelakoen esanetan, autorearen helburua ez zen kritika hori. Aitzitik, zera adierazi nahi omen zen: "gizarteak hor aurrean jartzen dizkizu behar dituzun –eta ez dituzun— gauza horiek guztiak, baina ERAKUTSI besterik ez dizkizu egiten, ez dizkizu ematen, eta horiek eskuratzeko prezioa oso-oso garestia da".

1965ko bideo honetan ere azaltzen ditu zenbait gauza:

Gizon bat lotan: ez duk beharrezkoa etxetik ateratzea

Gauzak kaleratu eta bi urte beranduago argitaratu zuen Perecek Gizon bat lotan eleberria. Osorik bigarren pertsonan idatzitako liburu bat da, narratzaileak bere buruari hitz egiten baitio, lotan dagoen gizona baita, baldankeriari bide eman eta indiferentzia erabatekoa zer den jakin nahi duen gizakia. Hori ere orain bi urte ekarri zuen euskarara Igela etxeak, Juan Luis Agirre itzultzailearen eskutik.

Bakarrizketa luze bat da, beraz, eleberria. Tankera honetakoa:

"Hogeita bost urte eta hogeita bederatzi hortz-hagin dituk, hiru alkandora eta zortzi galtzerdi-pare, jada irakurtzen ez dituan liburu batzuk, jada entzuten ez dituan disko batzuk. Ez duk beste ezertaz oroitzeko gogorik, ez familiaz, ez ikasketez, ez maitaleez, ez lagunez, ezta oporrez ere, hire egitasmoez ere ez. Bidaian ibili haiz, eta ez duk bidaietatik ezer ekarri. Eserita hago eta itxaron besterik ez duk nahi, itxaron soilik, itxaroteko beste ezer ez dagoen arte: gaua etor dadin, orduek jo dezaten, egunak joan daitezen, oroitzapenak ezaba daitezen".

Narratzailearen ahotsari buruz, zera idatzi zuen Iraitz Urkulo literatur kritikariak Berria egunkarian: "Ahotsa ere narrazioaren beste berezitasun nagusietako bat da, istorio honen egiazko narratzailea pertsonaiaren kontzientzia baita, hari une oro hitanoa baliatuz zuzentzen zaiona. Izan ere, narrazio-mailan protagonista erabatekoa bada ere, istorioan lekuko huts bihurtzen da. Bere ingurua aztertzetik aparte, eta autoanalisi eta digresiorako joera konpultsiboa albo batera utzita, ez du apenas jarrera aktiborik erakusten. Baliteke Gizon bat lotan epikotasunik gabeko eleberria izatea, halere, estimulu urritasun egoera muturreko bat irudikatu arren, testu zinez estimulagarria da".

Eleberria oinarritu hartuta filma ere 1974an, Perecek berak eta Bernard Queysannek. Jean Vigo saria jaso zuen, eta sarean ikus daiteke. Horrez gain, hemen ikus dezakezue Perec bere lanaz hizketan.

Beste zenbait jolas

Aipatu horietaz gain, Perecen jostatu zen beste hainbat jolasetan, eta horien arrasto batzuk bildu ditugu euskaraz.

Esate baterako, zerrendaren baliabidea erabili zuen Perecek, Joe Brainarden I remember famatuaren bertsio bat egiteko. Halaxe osatu zuen Je me souviens, oroitzapen-kate luzea, garai baten testigantza zehatza ematen duena. Edurne Garitanok euskaratu zituen oroitzapen horietako batzuk, Pamiela aldizkarian, 1985eko udaberrian.

Ezmunduak ere sortu zituen, Asier Sarasolak atari honetara ekarriak:

itsaso zaborrontzia

kostalde laztu arantza alanbreduna

lur elkorra

hezurretarako lurra

oskol saldoak

ibai lokaztuak

hiri nardagarriak

mespretxuaren eta itxura hutsaren arkitektura

dorre eta eraikin erraldoien erdipurdiko loria

bata bestearen gainean pilatutako gelazuloak

egoitza sozialen arrandia miserablea

(...)

Azkenik, Paris agortzen ere saiatu zen Perec, Iñigo Astiz kazetari eta poetak 2015eko azaroko zutabe eder honetan azaldu bezala:

"Hartu du bere koadernoa, eta badoa Georges Perec idazlea Parisko Saint-Sulpice plazara; 1974ko urria da, eta hiru egun emango ditu bertan. Erabakita dauka. Ikusten duen guztia apuntatuko du, eta plaza agortzea da bere asmoa, liburuaren izenburuak aditzera ematen duenez: Tentative d'épuisement d'un lieu parisien (Parisko leku bat agortzeko saiakera). «[Kontatuko dut] garrantzirik ez duena, ezer gertatzen ez denean gertatzen dena». Pasatzen diren autobusak, saski batetik erdiz soilik ateratzen den baguette bat, usoen harat-honatak, koadro bat daraman gizon bat, euria, emakume baten poltsaren kolore urdina... Guzti-guztia eta aldi berean ia ezer ez, eta gatzgabe bezain miragarri dirudi denak Perecen zerrendetan. Klasiko bat da liburua".

Aitzakiarik ez, jolasten jarraitzeko.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)