Albisteak

Literatura loturak estutzen

Astelehena, 2017-10-09

Booktegi plataforma digitalak emanaldi literario bat antolatu du gaurko. Ane Labaka, Uxue Alberdi, Gonzalo Etxague, Antonio Casado da RochaMikel Martinez, Patxo Telleria,  Gari Berasaluze eta Harkaitz Cano elkarrekin eta elkarlanean arituko dira, 19:00etatik aurrera, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.

Booktegi euskarazko liburuak doan eskaintzen dituen plataforma digitala da. Udaberrian zabaldu zen web orria eta, geroztik hona, 6.000 bisitari baino gehiago jaso ditu eta beste horrenbeste liburu deskargatu dira.


Euskarazko liburu elektronikoen plataforma

Liburu elektronikoen erabilera sustatu eta euskarazko liburuei bizi berri bat eman. Bi xede nagusi horiek ditu Booktegik. Sei ataletan antolatuta dago web orria: fikzioa, saiakera, drama, poesia, gazte literatura eta erreportajeak.

Aritz Brantonek jarri zuen egitasmoa martxan. Euskarazko liburuak doan deskargatzeko aukera eskaintzen du. Ez hori bakarrik. Liburuak bertan  argitaratzeko aukera ere ematen du. Bestalde, Booktegi web orrialdeko harpide eginez gero, azken nobedadeen berri jasotzeko aukera dago.


Literatura

Literatura loturak, emanaldi literarioa

Sarean ez ezik, plazan ere xaxatzeko asmoa dute Booktegiko kideek. Gaurko saio literario bat iragarri dute. Literatura loturak lelopean, arlo ezberdinetako artistak arituko dira gaur arratsaldean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.

Eguna: Urriak 9 astelehena, 19:00-21:00.

Tokia: Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.

Partaideak: Ane Labaka eta Uxue Alberdi (bertsolaritza);  Gonzalo Etxague (fikzioa); Antonio Casado da Rocha (poesia), Mikel Martinez eta Patxo Telleria (antzerkia); Gari Berasaluze (iritzi artikuluak); Harkaitz Cano (fikzioa). Moderatzailea: Leire Palacios.

Antolatzailea: Bagera elkartea.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)