Albisteak

Loraldia jaialdia martxoaren 5etik 26ra bitarte

Asteartea, 2018-02-20

Atzo aurkeztu zuten Bilbon aurtengo Loraldia jaialdia. Numeroz beteriko titularrak utzi zizkigun aurkezpenak: 120 euskal sortzailetik gora, 30 kultur ekitaldi, Bilboko 20 aretotan. Literatura ataleko egitarauari erreparatu diogu albiste honetan.

Jaialdiaren izaera askotarikoa, eta kasu askotan diziplina anitzekoa ikusita, zaila da batzuetan literatura non dagoen ekitaldi bakan batzuetara ixtea, baina antolatzaileek egindako sailkapena lagun, honatx "literatura bertsoaritza" atalean topatzen ahal diren gomendioak:

XABIER AMURIZA: Neska bat leku inposiblean.

X.amuriza

Martxoaren 6an, asteartearekin, 19:00etan. Elkar denda.

Xabier Amuriza idazlearen azken emaitza literarioaren aurkezpena. Errealismo magiko moduko bat egin du Amurizak nobela berri honetan: errealismo osoz kontatzen du orain dela 50 urte (1968an) Zamorako apaiz-kartzelan preso zeudenek, ihes egiteko asmoz, eraiki zuten tunelaren historia; baina, aldi berean, elementu fantastiko bat eransten dio egileak: neska bat sartzen da ezkutuan, kanpotik kartzela barrura, zulogileei beren ihes ahaleginean laguntzera. Guztia, hizkuntza bizi, malgu eta adierazkor batez idatzia.

HEREJEEN ALABA. Khantoria (Ander Berrojalbiz + Maider Lopez) + Ander Lipus + Joseba Sarrionandia

lipus kanthoria

Martxoaren 11an, igandearekin, 12:30ean. Euskalduna Jauregia.

Irakurketa musikatua + solasaldia

Ikuskizun honek Joseba Sarrionandiaren narrazio bat du abiapuntu: “Kristalezko bihotza” (Narrazioak. 1983 – 2011). Zenbait elizgizonen irudimenaren eskutik, XII. mendeko Koloniatik (Alemania) XX. mendeko Durangora garamatzan istorio baten arrastoak jarraituko ditugu. Ander Berrojalbizek burutu du gai honi buruzko ikerketa historikoa eta “Herejeen alaba” jarri dio izen. Ander Lipus aktoreak, berriz, Berrojalbizen obra irakurriko du, Pamiela argitaletxeak argitaratu berri duena. Maider Lopez Delgadok (biola) eta Ander Berrojalbizek (arrabita) osatzen duten Khantoria taldearen Erdi Aroko musikak girotuko du irakurketa.

EKAITZ GOIENETXEA. Fikzio mamarroaren sortze prozesua: testigantzetatik, tripetatik eta lainoetatik

EKAITZ-GOINETXE.-DEIAKO-ARGAZKIA-BAIMENA-ESKATU-BEHAR

Martxoaren 13an, asteartearekin, 19:00etan. Elkar denda.

Igartza sariaren azken irabazlearen nobela iritsi da, “Zaldi mamarroa”. Ekaitz Goienetxea dugu egilea eta berak aurkeztuko du publiko aurrean. 80ko hamarkadan heroinarekin jolasean hasi eta haren atzaparretan eroritako belaunaldiko gazte batzuen historia, Bermeo izan daitekeen baina izendatzen ez den kostako herri batean. Nobela koral indartsu eta dotorea, errealismo gordina eta ńabarduraz beteriko lirismoa konbinatzen dituena.

Solaskidea: Julen Azpitarte

ISTURITZETIK ETIOPIAN BARRENA. Beńat Goiti + Adrian Puck DJ + Aitor Zarzuelo

IEB-1

Martxoaren 16an, ostiralarekin, 19:00etan. Bilboko Itsasadarra Euskal Museoa.

Musika + zinema + literatura

Joxanton Artzeren “Isturitzetik Tolosan Barrena” eta Bernardo Atxagaren “Etiopia” izango dira ikuskizun honen literatura pasarteen sostengua. Beńat Goiti eta Adrian Puck DJ musikariek emanaldiaren soinu banda sortuko dute. Euskal arte kostunbristaren eta abangoardiakoaren arteko talkatik sortutako pasarte atmosferiko hauek bustiko dituzte poesiaren tarteak. Irudiari dagokionez Aitor Zarzuelok zuzendutako “Desparaisua” izeneko laburmentraia ikusgai izango da. Kantak, hitzak eta irudia. Diziplina anitzeko kontzertu literario teatralizatua. Gaurko abangoardiako testigantza ematen duen gazte sormena.

DANELE SARRIUGARTE (KATTALIN MINERREKIN). Azala erre

Martxoaren 20an, asteartearekin, 19:00etan.

danele_sarriugarte

Danele Sarriugarteren “Azala erre” liburu berriaren aurkezpena. Sare sozialen sasoian, ikuskizunaren gizarte post-industrialean, bi artista, eta artea ulertzeko modu bi, talkan: zenbat da obra eta zenbat artistaren marka? Zer gertatzen da pertsonaia guztiz jabetzen denean pertsonaz? Nola kudeatu arrakasta eta nola porrota? Artistaren galderak XXI. mendearen aurrean, Sarriugarteren nobela berriaren ardatz.

JOAN-ETORRIAK

JoanEtorriak-1

Martxoaren 22an, ostegunarekin, 19:00etan. Mariaren Bihotza Plaza.

San Frantziskoko auzokideak + Lamine Diawara

Irakurraldia + musika + ikus-entzunezkoak

San Frantziskoko auzokideok elkarlanean sortu dute kultur hitzordu apala. Lehendabizi auzora etorritako (Euskal Herritik, Penintsulatik, Europatik, Ameriketatik, Afrikatik, landatik hirira) bizilagunen lekukotasuna bildu zuten. Jarraian, lekukotasun horiek hainbat euskal idazleei igorri zizkieten: Lutxo Egia, Irati Jimenez, Jon Arretxe, Paddy Rekalde, Sonia Gonzalez, Julen Gabiria eta Fermin Etxegoien, haiek bizitza puska horiek euskarara molda zitzaten. Munduko Medikoek ere lekukotasun gehiago ekarri zuten. Orain berba horiek tauletara igoko dira San Frantziskoko auzokideen ahotsetan. Elena Bezanilak lagundu du taularatze prozesuan eta Lamine Diawara musikari senegaldarrak irakurraldiaren bidaiari giro musikala emango dio. Musika zuzenean joko du yenbe, seurba, kalabaza edota xilofonoa tresnak erabiliz.

EGITARAUA OSORIK

Albiste honetan aipatutakoez gain, ekitadiak atal hauetan sailkaturik topatuko dituzue: gastronomia, musika, tailerrak, teatroa eta dantza, zinema eta arte plastikoak. Guztia irakurgai HEMEN.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)