Albisteak

Luis Garderen "Barbaroak baratzean", Balea Zuriaren lehen kantua

Astelehena, 2017-11-13

Balea zuria argitaletxe sortu berriak bere lehen liburua plazaratu du: Luis Garderen Barbaroak baratzean poesia liburua. Bertan guztiok garen eta guztiok baztertzen ditugun arrotzei begira jarri da egilea.

Euskadi Saria jaso zuen iaz Luis Gardek Ehiztariaren isilaldia nobelagatik, baina batez ere poesiaren generoari zor dio bere ibilbidearen korpusik handiena. Barbaroak baratzean lan berriarekin poesiara bueltatu da, eta bertan egungo munduaren egoerari eta mundua osatzen dugun pertsonen izaerari begira jarri ditu bertso-lerroak.

Barbaroak baratzean liburuak metafora ezberdinak baliatuz murgiltzen da arrotz izatearen funtsean, arrotz izatearen iruditerian, hain zuzen ere: mundua eta bertako gatazkak modu bitar bezain sinplistan -on eta gaiztoen logikan- ulertzearen eta antolatzearen zama; edonor norbaitentzat arrotz izan daitekeen gogoraraztea, edonor -norbera- dela inorentzat inoiz barbaro; barbaro hitzaren oinarrian ustez dagoen hizkuntzei erreferentzia (‘bar-bar’ egiten duena da barbaroa, alegia, ulertzen ez den hizkuntza batean mintzo dena); barbaroen aurrean eraikitzen diren harresiak eta hormak aztergai, izan fisikoak edo pertsonalak; eta harresien oinarrian sarri dagoen ezezagunari beldurra.

barbaroak baratzean

Balea zuria, argitaletxe berria

Moby Dick gogora ekarriz sortu dute Balea zuria argitaletxe berria: “Bai, mundu guztiak dakien bezala, gogoeta eta ura betiko daude lotuta” dio argitaletxearen asmoak modu literarioan definitzen dituen Melvilleren aipuak. Poesia eta saiakera literarioa izango ditu ardatz argitaletxe berriak, modu ezberdinetan emandako pentsamendua, hain zuzen ere. Ez kasualitatez, “Pentsamenduaren poesia” jardunaldiak antolatu dituen taldea da proiektu berri honen bultzatzailea: Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso eta Pello Otxoteko. Gorrotxategik berak lehen liburuaren aurkezpenean aipatu zuenez, urtean 2-3 nobedade aurkezteko asmoa dute, eta Donostiako Udalarekin elkarlanean ere idazle gazteei zuzenduriko poesia lehiaketa jarri dute martxan.

Oraingoz Luis Garderena dute lehen titulua, argitaletxearen estetika ezagutzen joateko aukera eman diguna: hondo zuria duen liburu soila, zuritasunaren gainean Imanol Larrinagaren irudi bat, koadro txiki bat osatuz; kontrazalean liburuko poema bat eskuz idatzia, bultzatzaileek eskuz esku lan egiteko duten asmoaren isla agian.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)