Albisteak

Maiatz aldizkariaren 65. zenbakia plazaratu dute

Osteguna, 2017-12-14

Maiatz aldizkariak 65. aldizkaria plazaratu dute. Oraingo honetan hogeita bost idazleren lanak bildu dituzte. Ohiko moduan poesia, kronika, narrazioa, kronika eta itzulpena topatuko ditu irakurleak. Aldizkariaren eta Maiatz argitaletxeko liburuen berri topatuko duzue jarraian.

Izen batzuk ezagunak, beste batzuk berriak, ahotsez anitz dator beste behin ere Maiatz aldizkaria. Honatx arduradunek aitzin solasetik zabaldutako mezua: “Aldizkari zabal eta aberatsa aldi honetan ere hogeitalau bat idazleren lanekin. Idazteko gogoaren sustatzea, hitz berrituekin mundu berrituaren aipatzea, inoren menpe ez egonez... jarraitzen dugu zenbaki berriaren topaketa atseginarekin”.

Hauek dira ale berri honetako parte hartzaileak: Rakel Pardo, Amaia Hennebutte, Ainhoa Urien, Luixa Giltzu, Josu Jimenez Maia, Amaiur B. Blasco, Igor Uranga, Joseba Aurkenerena, Txomin Peillen, Jakes Lafitte, Eric Traonmiin, Marikita Tambourcin, Xan Goenaga, Laurence Larre, Lore Otegi, Lola Sarratea, Xipri Alberbide, Itxaro Borda, Lucien Etxezaharreta, Maialen Etxegoin.

Aipatu egileen testuez gain Bixente Izkierdo ditxolaria, Xabier Diharce "Iratzeder", Idea Vilariño eta Jo Guglielmi bezalako poetak izan dituzte gogoan, itzulpen eta iruzkinen bitartez. Aipatzekoa da Katixa Dolhare eta Bea Salaberrik 2017ko Literaturiarako idatzitako “Zergatik bi?” emanaldiaren gidoia osorik publikatu dutela.

Amu gisa dituzue hemen Amaiur B. Blascoren poema bi:

Saudade/Fernweh

Guztiok gattuk euskaldun, bai,

Guztiok anaiak gattuk. Dudik pe.

Zazpiak bat eta gora gu ta gutarrak

Baño, batzutan, bakik -txoin pixkaten-

Bonjour madame!

Non, pas de chèques,

Vous pouvez regler par carte

si vous voulez.

Ze...? Ah bai,

Batzutan, bakik.... herrimiña, motel.

Hegoaldemiña.

Iparraldekoei

Sekula ezagutuko ez duten

lekugarai batekiko

Herrimiña sortu arte.

Oui, c’est bon. Merci à vous.

Bonne journée!

Beti izan naiz nonbait

Hemengo hizkuntza mintzo dut baina

Ni enaiz hemengoa

Ez erabat, ez behar beste

Inoiz ez inongo lekutan.

Hemengotu naiz bai baina

Hangoa izateari utzi gabe

Eta hangoa, eta hangoa

Nire arbasoak bezala

Ez naiz inoiz inongoa izan,

baina beti izan naiz, nonbait.

Maiatz argitaletxearen nobedadeak

Durangoko Azokan aurkeztu ditu Maiatz argitaletxeak bere alerik berrienak:

Lolita Sarratearen Lolita, ipuin liburua: 49 kontakizun laburrez osatua dago Lolita, autobiografikotik asko duena. “Kontakizunen bidez Baztango bizia eta emazte baten borroka bere nortasuna zaintzeko agertzen dira. Munduan gaindi ibili denak bere ohar sakonez elkartasuna eta samurtasuna ardatz bezala erakusten ditu”.

lola sarratea lolita

Juankar L. Mugartzaren Arima animalia, poesia liburua Agurtzane Anduetzaren marrazkiekin osatua. “Poesia kultoa eta herritarra uztartzen dira obra zabal honetan. Irakasle nafartarrak gaurkotasun biziarekin hitza eta sendimenaren oparoa eskaintzen digu.”

arima animalia

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)