Albisteak

Maiatz aldizkariaren 66. zenbakia plazaratu dute

Osteguna, 2018-06-14

Kalean da Maiatz aldizkariaren udaberriko zenbakia. Ohiko kolaborazio, poema, narrazio eta itzulpenez gain, Joxan Artzeri hainbat idazlek idatzitako eskaintzek zabaldu dute aldizkaria.

Jon Zabaleta ilustratzailearen irudi bat ekarri du Maiatz aldizkariaren 66. zenbakiak azalera. Lehen orrietan Joxan Artzeri poemak, testuak, literatur gutunak idatzi dizkio idazle sorta batek. Ondoren dator ohi bezala, kolaboratzaileen ahots anitza: Aurelia Arkotxa, Migel Angel Gonzalez, Rakel Pardo, Lore Otegi, Agnes Esponde, Itxaro Borda, Maialen Etxegoin, Joseba Aurkenerena, Eric Traonmilin, Jakes Sarraillet, Bernat Pedepoy, Jakes Lafitte eta Eņaut Etxamendi.

Aldizkariaren bigarren aldean, 2017a Iruņea eta Baiona artean antolaturiko “Maiatzaldia” jardunaldiko testuak bildu dituzte, ahotsetan anitz hemen ere. Azkenik, Jakes Lafittek efa Pierre Duhourrek Francis Jammes idazlearen lana izan dute gogoan. Liburu iruzkinekin amaitzen da 66. alea.

maiatz66

Aitzin solasa

Hitz hauekin zabaldu dute aldizkariko atea Maiatzeko kideek:

“Ongi etorri 66. zenbaki honetara. Jadanik 36 urte hasi genuela aldizkaria eta denboraren aizkora ere hor dugu. Joxan Artzeren heriotzak hunkitu gaitu denak, hain hitz sakon eta sarkorrekin aritu zen, bere abots harrigarri eta bere idazkera aberatsarekin, harpe zahar zuloetarik atera soinu txalapartariarekin. Anaiarekin jotzen zituen taula horiek ibai, erreka, ibarre eta mendietarik itsas bazterretaraino hedatu ziren, hirurogeiko hamarkada horretan. Ez dok Amairu taldeko kide, artea eta sorkuntza berri batekin uztartu zen euskal etorkizun duin bat isladatuz.

Beste poeta handi bat, Okzitaniaren abots minbera eta ere etorkizunera itzulia, Europa berri baten itxaropenean, Bernat Lesfarges zen. Berarekin, elgarrekin eta elgar hobeki ezagutuz ditugula Historia ezkor etra basa batek eraiki Europa hori bere hizkuntza guziekin, kultura berri baten soslaia margotzen hasi zen. Obra bat ezagutu behar genukeena.

Zenbaki honek igazko Maiatzaldian sortu hainbat testu argitaratzen ditu: hariz hari eta piruz piru ehaintza ederra sortzen ari da Baiona eta Iruņaren artean. Francis Jammes Hazparnen zendu zen poeta 1938an molde berezi batez aipatzen dugu ere. Poeta zen, bere garaikoa, baina hazi gaituen mende baten sorkuntzez inguratua. Bere lan ezagun batzu euskaraz eta kazetari hazpandar gaur ahantzia den baten idazki gogoetagarria agertzen dugu ere.

Eta eskerrak denei, aldizkari libre eta independentea garelakoan ateak irekia dira guztiei”.

Harpidetza

Maiatzek aldizkariaren bi ale plazaratzen ditu urtean. Urteko harpidetzak 20 euro balio du, eta etxean jaso daiteke: maiatz@hotmail.fr

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)