Albisteak

Mairu Antzerki Tailerrak Gaizka Sarasolaren testu bat estreinatuko du

Asteartea, 2017-12-26

Lesakako Mairu Antzerki Tailerrak Txoriak eta zauriak antzezlana estreinatuko du, Gaizka Sarasolaren testu bat oinarri. Urtarrilaren 6an taularatuko dute Lesakako Harriondoa antzokian, eta ondoren, otsailaren 24an Berako kultur etxean.

Lesakako Mairu Antzerki Tailerra hainbat antzezlan taularatutakoa da, baina azken urteetan luzez egon dira ezer berria sortu gabe, “Keinu leihoak” antzerki jardunaldiak antolatzen jardun badira ere. 2016an Gaizka Sarasolak berak idatzi eta interpretatutako Talaka taularatu zuten arte. Obra hori Erleak, satorrak, beleak (EDO!, 2016) lanean publikatu zuen egileak, Lur azpikoak eta Urak ttiki dire lanekin batera.

Sarasolaren testu berri bat hartu dute oraingoan, baina aktore gehiago izango dira oholtzan egongo direnak, lan talde zabal batez lagundua. Honatx ekipo osoa:

-ZUZENDARIA: Gaizka Sarasola.

-ZUZENDARI LAGUNTZAILEA: Manex Fuchs.

-IDAZLEA: Gaizka Sarasola.

-AKTOREAK: Juanen Saralegi, Ritxi Abril, Ainara Ribera, Gaizka Sarasola, Josune Etxepare, Gotzone Rekondo.

-DOINUEN MOLDAKETA ETA GRABAZIOA: Igor Telletxea, Aitor Mitxelena, Gaizka Sarasola.

-BIDEO PROIEKZIOA: Asier Gogortza.

-ATREZZO ELEMENTUAK: Fernando eta Xabi Etxepare eta Fernando Ribera.

-TXONDORRAREN ARGAZKIA: Daniel Velez.

-KARTELA: Iraia Etxabide.

-ARGIAK: Asier Sanz.

-EKOIZPENA: Mairu Antzerki Tailerra.

txoriak-eta-zauriak-001

Antzezlanaren sinopsiak berriz, honakoa dio:

“Juan Cabrero Riero (Santa Cruz,Toledo) eta Isabelo Sanchez Alonso (Magan, Toledo); ikazkina bata,eta musikaria bertzea. 1940an Lesaka eta Oiartzun arteko errepidean behartuta lanean ari zirela, ihes egitea lortu eta basoren batean ezkutuan bizirautea lortu dute gaur arte. Ahal izan duten neurrian, aldatzen ikusi duten bertze munduari begirik kendu gabe,Ramona anderearen konplizitatearekin, eta Mottelaren konpainiarekin, ekosistema propio bat eratzera iritsi dira; baina ez ohiko gertaera batzuek beraien mundu itxia aztoratuko dute.

Pertsona errealetatik abiatuta gure fikziorako pertsonaiak sortu ditugu. Memoria, kontakizunaren eztabaida eta terminologia berriak ia egunero komunikabideen plazan ageri diren garaiotan, denboraren eraginaren (edo eragin ezaren), minen kalifikazioen eta hitzen harrotasunaren inguruko kezkak eta zalantzak ekarri nahi izan ditugu eszenatokira. Zalantzak berriz ere; inportantea delako oroitzea, premiazkoa delako irudimena jartzea, beharrezkoa delako galderak egitea? Zalantzarik gabe!”.

Antzezlana ikusteko aukerak

- Lesakan, Urtarrilaren 6an, 20:00etan,Harriondoan.

- Beran, Otsailaren 24an, 20:00etan, Kultur Etxean.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)