Albisteak

`Encontro Escritoras/es Novas/os´ jardunaldietan izan da Maite Toledo Saralegi idazlea

Igandea, 2011-10-02

A Coruña hirian izan berri da Maite Toledo Saralegi, VI. Encontro Escritoras/es Novas/os izeneko jardunaldietan parte hartzen. Izenak adierazten duen moduan, idazle hasi berriak elkartu ohi dira jardunaldi hauetan eta, honakoan, garai digitalak ekarri dituen aldaketak eta balizko abantailak izan dituzte hizpide. Maite Toledo Saralegik hainbat ondorio ekarri ditu handik: "ziberespazioa ezin egokiagoa da, esate baterako, autoediziorako, irudimena bideratzeko, feedback-a lortzeko edota aktibismo poetikorako", hala adierazi digu Hitzen Uberan izan dugun solasaldian.

Encontro Escritoras/es novas/os jardunaldietan izan zara. Zertan oinarritu da zure eta zure moduko idazle gazteen parte-hartzea?
Bai, "Da tinta á Pegada dixital" izenburupean antolatutako jardunaldietan izan berri naiz A Coruñan. Euskal idazleen elkarteko kolektiboa ordezkatzea zen nire zeregina. Halaber, adituek ziotena jaso, iritziak eman eta ekarpenak egitea.

Jardunaldiok galegoz izan ziren, eta Cesareo Sánchez AELGko -Asociación de Escritores en Lingua Galega- lehendakariak aurkeztu zizkigun jardunaldien nondik norakoak.

"As revistas literarias na era dixital" izan zen estreinako hizketa-gaia. Teknologia berriek ahalbidetu diguten inprimaketa digitalari ahalik eta etekin handiena atera beharko genioke; izan ere, paperari atxikitako inprimaketa tradizionalak ez bezalako aukerak ekarri dizkigu sorkuntza lanak hedatzeko. Gogoeta-bide hori proposatu zuen Tati Mancebo idazleak bere txostenean. Horren harira, aldizkari digital bat sortzeko egitasmoa zirriborratu genuen denon artean. Hala, aldizkari proiektu hori bideratzeko beharrizanak izendatu, eta haren atalak egituratu genituen.

Arratsalde parteko estreinako gaia "Crear desde a ventá" izan zen. Egunean zehar, blogen boom-a igarota dagoelako iritzia nagusi izan bazen ere, Estibaliz Espinosa, Leo F. Campos eta Ana Cibeira artisten blogak ezagutzeko parada izan genuen. Antia Otero izan zen mahai inguruaren koordinatzaile. "Zergatik sarean sortu?" galderari erantzuten saiatu ziren hiru egileak. Haien esanetan, ziberespazioa ezin egokiagoa da, esate baterako, autoediziorako, irudimena bideratzeko, feedback-a lortzeko edota aktibismo poetikorako.



Ondoren, "As revisas dixitais en Galiza: pasado, presente e futuro" gaiaz jardun genuen, eta Elvira Riveiro, Maria Xesús Noguerira Pereira, Montserrat Pena Presas eta Gaspar Domínguezen adierazpenak entzunda, literatur ziberkomunitatea eta teknologia berriei lotutako tresnak izan genituen hizpide: idazleak, sare sozialak, irakurleak, blogak, liburutegiak, irakurgailuak, egunkariak, eta abar. Nago etorkizun hurbilean, liburuak, aldizkariak nahiz egunkariak, guztiak argitaratuko direla formatu digitalean, eta sakelakoak baliatuko ditugula horiek irakurtzeko.

Halaber, dagoeneko eratzen ari den irakurle ziberkomunite horrek, inoiz baino gehiago beharko dituela irakurgaiak kudeatu eta aholkatuko dizkion norbait eta zerbait. Hala, literatur aholkularien zerbitzuak eta teknologia berriei lotutako aplikazioak eta tresnak garatu beharko dira.

Andrea Nunes, Berta Dávila eta Maria Rosendo olerkarien errezitaldi lasaigarria entzunaz amaitu genuen eguneko jarduna.


Aurtengo jardunaldien kartela.


Euskal Idazleen Elkartearen eskutik joan zara. Zer nolako harrera egin zaizu? Badute euskal literaturaren berri?
AELGko kideek interes handia dute euskal e-literaturan ematen ari garen urratsekin. Euskal idazle ospetsuenen edota Galeuscaren inguruan ibilitakoen berri badute, behintzat, eta aro digitalaren inguruko eztabaidak bultzatu nahiko lituzkete gai horren inguruko kezkak elkarrekin trukatze aldera.

Jende berria ezagutu, esperientziak elkartrukatu, beste idazle batzuen berri izan... Zer nolako oroitzapenak eta bizipenak ekarri dituzu?
Ostiralean joan, eta igandean itzuli. Bapo ibili naiz. Bai jendartea, bai ostatua eta bai otorduak kategoriagoak izan dira. Esker ona besterik ez dut sentitzen galiziar idazleekiko. Norberaren antzeko kezkak eta irrikak dituzten lagunak ezagutzea pozgarria izaten da beti ere. Tradizioa eta modernotasuna egoki uztartzen dituen hiria iruditu zait A Coruña. Inoiz egon gabea nintzen han; alabaina, Riazorreko hondartzan eta kaleetan aurrera eta atzera, lehen ere egona nintzen irudipena izan dut.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)