Albisteak

Maite Toledoren iritzi artikulua: "Bergaran hondartzarik ez"

Astelehena, 2018-11-05

Maite Toledoren hirugarren iritzi artikulua Sinadurak atalean.

Bergara ezagutzen duenak jakingo du Bergaran ez dagoela hondartzarik. Bai, ordea, bisitariei esperientzia gogoangarriak biziarazteko erakargarriak. Esate baterako, zientzia.

Bai, Bergarak ez dauka ez hondarrik ez itsasorik, baina badauzka beste baliabide batzuk bisitariak erakartzeko, alegia, ondare naturala eta gizakiak eraikitakoa. Gizakiaren eskutik eratorritakoetako bat izango dut hizpide hemen. Izan ere, Zientziaren Leku Historiko izendatu berri du Bergara Europako Fisika Elkarteak. Hain zuzen ere, Elhuyar anaiek, 1783ko irailaren 28an, wolframa isolatzeagatik egin diote aitortza. Errege Seminarioko Laboratoriumean, Ikerleku kaleko Zabala Etxean, jazo zen gertaera historikoa, eta zientzia modernoaren eta teknologiaren aurrerapenean erabakigarria izan zen.

Hori gutxi balitz bezala, metal entzutetsuaren izena baliatu dute zientzia eta gastronomia uztartzeko, Wolfram Goxoa deritzon postrea ekoiztu eta komertzializatuko baitute bertako gozogileek errelleno eta tostoi preziatuekin batera.

Begi bistakoa da bidaiatzea ohitura bilakatu den gizarte batean bizi garela, nabarmen ugaldu baitira bidaiak eta era guztietako denbora-pasak. Pearce izan zen turismoaren psikologia aztertu zuen lehen soziologoa. Abraham Maslow psikologoaren piramidean zehaztutako beharrizanak izan zituen abiapuntu, zergatik bidaiatzen dugun aztertzeko. Hala, ondorioztatu zuen, oinarrizko premiak eta ziurtasuna bermatuko dizkiguten zerbitzuak ez ezik, auto-errealizazioa eta garapen pertsonala ere bilatzen ditugula bidaiariok.

Horiek horrela, ziur nago Bergara ezagutzera doazen txangozaleen behar guztiak asebeteta geratuko direla, esperientzia gogoangarria biziko baitute. Halaber, Zientziaren Leku Historiko izendatu izanak balioa erantsiko diola Bergarako ondare guztiari. Baita merkatu zoko berriak irekiko ere, Europa eta munduko bazter ugaritako zientzialari, ikerlari, ikasle eta beste zenbait eragileren jomugan jarriko baita Gipuzkoa eta Euskadirekin batera. Go!

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)