Albisteak

Marijane Minaberri omenduko dute igandean

Osteguna, 2017-06-08

Pasa den otsailean hil zen Marijane Minaberri idazle aitzindaria, eta hura omentzeko ekitaldi bat antolatu dute igandean, Alduden, Adur euskara elkarteak eta Sareinak literatur taldeak.

Aldude, Urepele eta Bankako euskara-taldea da Adur; feminismoa eta literatura lantzen dituen taldea da, berriz, Sareinak. Igande honetan, hilak 11, hitzordua antolatu dute elkarlanean: Marijane Minaberri idazle aitzindaria omenduko dute, haren jaioterritik gertu hain zuzen ere, Aldudeko Sanoki zine-gelan.

Otsailaren 23an hil zen Minaberri, hainbat antzerki, ipuin eta kanturen sortzailea. Hainbat dolu-mezu zabaldu ziren hura zendu ostean, eta Susa argitaletxeak sarean ipini zituen haren lan guztiak.

Ekitaldia arratsaldeko 5etan hasiko da, eta lau ataletan banatu dute. Lehenik, Minaberriren kanta batzuk abestuko dira. Ondoren, modu dramatizatuan irakurriko dituzte Minaberriren zenbait lan, lagin gisara. Gero, bideo bat erakutsiko dute: bertan, Minaberri ezagutu zuten hainbat lagunen testigantzak bildu dituzte. Azkenik, mokadutxoa hartzeko aukera izango da, eta Oskorriren disko ezaguna adituko: Marijan kanta zan.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)