Albisteak

'MarraziOak' ikastaroan izena emateko garaia da

Doan da baina uztailaren 14a baino lehen eman behar da izenaAsteazkena, 2017-07-12

“MarraziOak topaketetan parte hartzeko izen-emate epea beste astebetez luzatu dugu”. Galtzagorri elkarteak halaxe iragarri berri du. Aurtengo edizioan, Elena Odriozola eta Gustavo Puerta izango dira ikastaroa gidatuko duten adituak. Gauzak horrela, uztailaren 14a izango da dokumentazioa aurkezteko azken eguna.

Gaztetxoei zuzenduriko liburuak sortzeko ikastaroa irailean egingo da. Baina izen-ematea aldez aurretik osatu behar da. Beharrezko dokumentazioaz gain, irakasleek eskatutako ariketa zehatza bidali beharko da uztailaren 14rako. Jasotako hautagaitzak baloratu ondoren, 12 lagun aukeratuko dituzte eta Elena Odriozola eta Gustavo Puertaren formazio saioa doan jasotzeko eskubidea izango dute.


Donostiako Komikigunean

MarraziOak topaketa Donostiako Komikigunean egingo da, irailaren 11tik 15era. “Kosk egiteko, botatzeko, lardaskatzeko eta are irakurriak izateko moduko liburuak egin” leloari jarraituko diote Odriozolak eta Puertak.


Bidali beharreko lana

Ilustratzaile bakoitzak ume txiki baten egunerokotasuna erakusten duen gutxienez lau ilustrazioz osatutako sekuentzia bat marraztu eta bidali beharko du Galtzagorri Elkartera.

Horrez gain, honako dokumentazioa igorri beharko du wetransfer bidez administrazioa@galtzagorri.eus  helbidera:

- Curriculuma.

- NANren kopia bat.

- Posta elektronikoaren helbidea.

- Telefono zenbakia.

Oinarriak ondoko estekan topatuko dituzue: Galtzagorri.


MarraziOak topaketetaren helburuak

1.- Ilustratzaileei lanerako baliogarri zaien formazioa eskuratzea: ilustraziorako teknika ezberdinetan, pertsonaien errepresentazio moduetan, egitura eta genero anitzetan (album mutuak, autoedizioa, ilusionismoa, aldareen narrazio egiturak, animazioa, mapak, laminak, haur txikientzako liburuak …).

2.- Lan dinamika aberasgarri bat eskaintzea: ilustratzaileei elkarrekin egoteko eta lan egiteko gunea, denbora eta egitaraua bideratuz, euren ideiak eta proiektuak elkar trukatu ditzaten.

3.- Genero, teknika, gai eta egitura berriekin esperimentatzea. Arriskatzeko, bide berriak arakatzeko aukera eskaintzen die. Argitaletxeen eta mundu komertzialaren parametroetatik haratago joanez.

4.- Sormenaren sustapena: ilustrazioaren eta gure ilustratzaileen “harrobiaren” akuilu ere izan nahi du.

5.- Euskaraz eta Euskal Herrian ilustratzaileentzako formazio egitarau bat eta bakarra eskaintzea, mundu honetan adituak direnen eskutik.


gustavo_elena-2

Aurtengo irakasleak

Gustavo Puerta

Caracasen jaio zen 1975ean eta egun Madrilen bizi da. Filosofian lizentziatua, irakaslea, literatur kritikaria… Hamaika esparru landu ditu. Bereziki ikertu eta landu du liburu-albumaren generoa. Berriki desagertu den Educación y Bibliotecas aldizkariko zuzendaria zen. Gaur egun Escuela Peripatética de Literatura Infantil bloga eta ¡La Leche! haurrentzako literatur aldizkaria gidatzen ditu. Haur Literaturaren eta albumaren inguruan formazio saioak ematen ditu mundu guztian zehar.


Elena Odriozola

Donostian jaio zen 1967an. Publizitatearen munduan lan egin ondoren, haur literaturako liburuak ilustratzen hasi zen. Ordutik berak ilustratutako 100dik gora liburu argitaratu ditu, hizkuntza askotara itzuliak izan direnak.

Espainiako Kultura Ministerioak Ilustrazio Onenaren Bigarren Saria eman zion 2006an, La princesa que bostezaba a todas horas (Aharrausi printzesa) lanagatik eta Ilustrazioaren Euskadi Saria jaso du birritan (2009an El aplastamiento de las gotas-ekin eta 2013an Tropecista (Tropezista)-rekin). 2015ean, Espainiako Sari Nazionala irabazi eta Bratislavako Ilustrazio Biurtekoaren Urrezko Sagarra jaso zituen. Azken hau Frankenstein (Nórdica) lanarengatik. Berriki, 2018ko Andersen Sarietarako Espainiako hautagai izendatua izan da.

Argazkiak: galtzagorri.eus

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)