Albisteak

Martuteneko kartzelan eskainitako hitzaldia gogoan

Asteartea, 2018-10-02

Euskaltzaindiaren mendeurreneko ospakizunak hastear dira. Asteburu honetarako nazioarteko jardunaldia antolatu dute Arantzazun. Mahainguruez gain, kultur jarduerak ere iragarri dituzte. Ostegun honetan, jardunaldien lehen egunean, Bernardo Atxagak eta Jose Cruz Gurrutxaga aktoreak irakurraldi dramatizatua eskainiko dute.

Duela zenbait urte, Bernardo Atxaga idazleak euskal literatura zaharrari buruzko hitzaldia eman zuen Martuteneko kartzelan. Ekitaldi hura gogoan, irakurraldi dramatizatu bat prestatu du, orduan izandako bizipenak kontuan hartuz. Agertokian, Asteasuko idazleak Jose Cruz Gurrutxaga aktorearen laguntza izango du. Ostegun honetan, arratsaldeko 19:30ean Arantzazun.


Euskaltzaindia02

100 urtetan, Euskaltzaindiak Iker eta Jagon sailetan hainbat ekimen ondu eta mamitu ditu euskararen inguruan, eta horiek guztiak gogoratuko dira mendeurrenaren egitarau zabalean. Horien artean, zer esanik ez, Arantzazuko Biltzarra, 1968an egin zena eta aurten 50 urte betetzen dituena. Aurretik hainbat ekarpen izan baziren ere, 1968ko biltzarra euskara batuaren mugarri nagusietako bat izan da. Ordutik euskara batuak egin duen bidea azaldu, egungoaz gogoeta egin eta eginkizun dagoena zehaztu nahi dira aurtengo biltzarrean. Azken 50 urte hauei begiratuko zaie, baina aurrera begira ere jarri nahi du euskararen akademiak. Kultur jardueretako tarterik ere izango da egunotan Arantzazun.


“Euskal kultura zabala eta modernoa nahi dugu”

“Hizkuntzak ez dira bakarrik hitzak, arauak, gramatika... Hizkuntza kultura jakin baten hari eroalea ere bada, bide erakusle, eta euskara askozaz ahulagoa litzateke euskarari bizitza ematen dioten askotariko kultura-jardueren laguntzarik gabe”. Andres Urrutia euskaltzainburuak ekitaldi hauen aurkezpenean esan zuenez, “guk euskal kultura zabala eta modernoa nahi dugu, eta horren apustua egin dugu mendeurrenean, punta-puntako eragileekin elkartu garela horretarako: esan Aukeran, Tartean, Bilboko Korala, Atxaga bera... eta gure musikari fin eta ausartak, euskaraz kantatzen tematzen direnak. Horiekin guztiekin bat egiten dugu gure bi helburu nagusietan: euskara hauspotzea eta euskal kultura moderno eta kalitatezkoaren alde egitea euskararen herrialde osoan”.

Jardunaldien inguruko xehetasunak, ondoko estekan irakurgai: Arantzazutik mundu zabalera.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)