Albisteak

Datozen antzerki estreinaldiak

Osteguna, 2018-02-22

Udazkenak euskarazko hainbat antzerki berri ekarri dizkigun bezala, udaberriak ere emango dizkigu lan eszeniko berriak ezagutzera. Datozen asteetan gutxienez lau lan berri ezagutu ahal izango ditugu.

Udazkenak hainbat estreinaldi ekarri dizkigu oholtzara. Duela gutxi hasi dute ibilbidea, kasu, Ados Teatroaren Dublindarrak antzezlana, James Joyceren “Hilak” narrazioan oinarritua, eta Vaiven taldeak Chapito konpainia portugaldarraren kolaborazioaz sortu duen Sherezade eta tipularen azalak.

Udazkenean estreinatu zuen halaber Ze Onda taldeak Heriotza bikoitza antzezlana; asteburu honetan bi egunez ikusi ahal izango da Donostian, otsailak 24 eta 25ean 20:00etan Gazteszenan. Jon Ander Alonsok zuzendu du, baina taldelanean sortu dute idazkuntza: Miren Gaztañaga eta Eneko Sagardoy oholtza gainean, Alvaro Ledesma artistaren eszenografia, Zazpi t’erdiren ikus-entzunezkoak. Heriotza bikoitzak egileen material biografiko propioak, autofikzioa, eta dokumental kutsua uztartzen ditu eszenan, gaiari buruz grabatutako elkarrizketekin eta zuzenean grabatutako irudiekin.

Asteburu honetan bertan urtarrilean estreinatu berri den lan bat berriro ikusteko aukera egongo da: Gaizka Sarasolak idatzi eta Mairu antzerki taldeak taularatutako Txoriak eta zauriak, otsailaren 24an Berako kultur etxean.

Datozen egunetako lan berriak

Karrika antzerki taldeak Deshakesperazioa lan berria aurkeztuko du otsailaren 23an 20:15ean Zornotza aretoan. Jose Martín Urrutia “Txotxe”k idatzita, Shakespeareren testuetan oinarrituta.

Teloia zabaldu eta Londreseko XVI. mendeko azoka batean murgiltzen gara. Aguazila, artile saltzailea, lore saltzailea, perfume saltzailea, … eta harakina? Diotenez, Shakespeare familia diruduna zen eta katolikoa. XVI. mendean ordea, Ingalaterran protestanteak nagusitu ziren, eta ondasun guztiak galdu zituzten. Hala ere, oso gutxi dakigu Williamen haurtzaro eta nerabezaroari buruz. Egoera horretan lanean jarriko ote zen? Zertan? Non? Baliteke merkatu plaza baten aritzea, baliteke harakin bezala aritzea ere. Batek daki!

Deshakesperazioa

Martxoaren 2an Bizimiñak antzezlana estreinatuko du Itzel Teatroak. Azpeitiko Soreasu antzokian jarri dute hitzordua, 22:00etan. Itziar Eias, Dani Irazoki eta Maddi Irazoki izango dira oholtza gainean. Honatx sinopsiak dioena:

Bizikidetza, egunero lantzen dugun gaia dugu, unibertsala dena zein gertukoa, nahi gabean, multzoak agintzen duenaren arabera edo determinazioz jorratzen dugun gaia da. Baina zergatik gara multzo bateko edo besteko? Zergatik aukeratu beharra? Eta inongo ez nahiko bagenu izan? Zer da erabakitzea?

Urte luzez bizi izan dugu mina eta oraindik mina darraio etxe askotan... Mina, gorrotoa, itsutasuna,…. Isiltasuna. Minaren orbainak, zauriak erakutsi nahi ditugu, etxe guztietako leihoak zabaldu nahi ditugu, entzun, ikusi...

Kultur esparru ezberdinetaz baliaturik, mina eta haren bueltan dabiltzan gai ezberdinez hitz egin nahi dugu, marraztu nahi dugu, abestu nahi dugu.

Mina denok baitugu, zauria pixkanaka sendatuko da, baina zauriak utzitako orbaina erakutsi beharra dugu, galderak ditugu, ez dugu erantzunik, behar bat besterik ez gure historia guk kontatzeko beharra.

Martxoaren 7an Loraldiako testuingurua aurkeztuko dute Anton Abbadia: Dublinetik Hendaiara. Txomin Heguy izango da aktore Patxo Telleriak idatzitako bakarrizketan, eta hiru musikari izango ditu bidaide: Xabier Zeberio, Mixel Ducau, Alaia Phillips Ducau.

Martxoaren 8 eta 9an Larzabalen Zazpi senideko antzezlana estreinatuko dela aurreratu du Artedramak. Ander Lipusek zuzenduko du, eta Ximun Fuchseta Manex Fuchs ariko dira aktore. Honatx sinopsia:

Denak gara anaitasunaren espezialistak, eta denek dugu horri buruz zer erran. Ttipitatik eraikitako laberintoa da, ihesbiderik gabekoa, lotura definitibo bat. Odolekoak ala biziak eskainitakoak, senideak norbanakoa osatzen du. Baina nola aritu anaia, ahizpa, neba edo arreba ebatsia izan zaigunean? Presondegiak, auto istripuak edo gaixotasunak bete ezinezko hutsunea sentiarazten duenean, nola dirau gurea dugun GU horrek bizirik ?

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)