Albisteak

Mayi Pelot idazlea omenduko dute Baionan, hilaren 16an

Osteguna, 2019-03-07

Hurrengo astean, hilaren 16an, Mayi Pelot zena omenduko dute Baionan. Pelot izan zen euskaraz ipuin futuristak idatzi zituen aitzindarietako bat, eta omenaldia antolatu dute Sareinak taldeak, Maiatz elkarteak eta Baionako Zizpa gaztexeak. Hantxe egingo dute ekitaldia, Zizpan bertan, arratsaldeko 5etatik aurrera.

Mayi Pelot (Talença, Okzitania, 1947-Miarritze, 2016) idazle miarriztarra ipuin futuristak euskaraz egiten aitzindarietakoa izan zen. 2016ko urriaren 6an hil zen. Sareinak taldeak, Maiatz elkartearen eta Baionako Zizpa gaztetxearen laguntzaz omenaldi xumea eskainiko dio idazleari martxoaren 16an, Zizpa gaztetxean, arratsaldeko 5etan. Sareinak taldeak sortzailea ezagutarazi nahi du eta haren ekarpena aitortu.

Egitaraua

Omenaldiak hiru zati izango ditu.

Lehenik, mahai-ingurua izango da: Josune Muńozek Mayi Pelot aurkeztuko du, jarraian Itxaro Bordak Pelotek lanak argitaratu zitueneko garaiaz hitz egingo du (1980ko hamarkadako Baiona eta Miarritze ingurunea) eta Peloten inguruko oroitzapenak partekatuko ditu hara gerturatutakoekin. Arrate Hidalgo zientzia-fikzio feministaz arituko da Peloten lana mundu mailan kokatzeko aukera emanez.

Bigarrenik, irakurketa dramatikoa egingo dute Xerezaderen artxiboko lagunek Peloten testu bat aukeratuz.

Hirugarrenik, Maiatzek argitaratu duen azken liburua aurkeztuko da, hain zuzen, Mayi Peloten lan guztien bildumaren berrargitalpena.

Azkenik, literatura eta feminismoa uztartzen dituen Sareinak taldearen eskutik mokadutxoa izango da berriketarako tartea egon dadin. Sareinak taldeak 12. urteurrena ospatuko du.

Mayi Peloten lanak

Narrazioa 

 Telelabirintoa (1984ko apirila, Maiatz). Maiatz aldizkariaren 5. zenbakian argitaratutako narrazio luzea. 1985ean “Biharko oroitzapenak”ipuin liburuan berriz argitaratu zuen.

Biharko oroitzapenak (1985eko urria, Maiatz). Uhargi sailean argitaratutako ipuin bilduma.

Teleamarauna (1987, Maiatz). Uhargi sailean argitaratutako eleberri laburra.

Saiakera 

Hinduismoa, monoteismoa mila aurpegiduna (1992, Maiatz)

Poesia 

Hainbat olerki ere argitaratu zituen, ia denak Maiatz aldizkarian.

“Semeak” (1982, Maiatz 2. zenbakian)

“Eden”(1982, Maiatz 3. zenbakian)

“Josebari” (1985, Maiatz 9. zenbakian)

“Eden” (1986, Plazara 5. zenbakian)

“Urriko neskari” (1986, Maiatz 11. zenbakian)

“Gureak” (1987, Maiatz 13. zenbakian)

“Nesken ebaslea” (1987, Maiatz 14. zenbakian)

“Neska hori” (1988, Maiatz 15. zenbakian)

“Erleen eztiaz” (1989, Maiatz 18. zenbakian)

“Helikoki”(1989, Maiatz 18. zenbakian)

“Jin joan” (1990, Maiatz 19. zenbakian)

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)