Albisteak

Mikel Zarate IX. Sariaren oinarriak eman dituzte ezagutzera

Asteazkena, 2018-02-07

Mikel Zarate lehiaketak haurrentzako irakurgai berriak sortu eta idazleen lana bultzatzea du xede nagusi. Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute sariketa hau, “euskal kulturaren alde lan itzela egindako lezamar idazlearen gomutaz”. Lanak aurkezteko epea apirilaren 30ean amaituko da. Sari bakarra emango da, 3.000 eurokoa.

Idazlan mota

Lehen Hezkuntzako ikasleentzat (6-12 urte bitartekoentzat) euskaraz sortutako kontakizunak aurkez daitezke, jatorrizkoak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.


Neurria

Makinako moldez, Din-A4 formatuan eta tarte bikoitza utzita, gutxienez 10 orrialde eta gehienez 50.


Nola aurkeztu

Hiru ale bidali beharko dira, agerian idazlearen nortasuna azaldu barik, eta horiekin batera gutunazal itxi bat, kanpoan idazlanaren izenburua adieraziko duena eta barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta nortasun agiriaren fotokopia.


Nora bidali

Idazlanak helbide honetara igorriko dira:

Lezamako Udala – Mikel Zarate Saria

Aretxalde, 1

48196 Lezama


Epeak

Lanak hartzeko azken eguna 2018ko apirilaren 30a izango da. Epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna, ostera, 2018ko maiatzaren 31 izango da.


Epaimahaia

Leire Bilbao Barruetabeña, Miren Agur Meabe Plaza, Xabier Mendiguren Elizegi. 


Saria

Sari bakarra emango da: 3.000 eurokoa (zenbateko gordina). Epaimahaiaren iritziz gutxieneko kalitateko lanik ez balego saririk ez litzateke emango.


 Argitaratzea

Elkar etxeak argitaratuko du eleberri edo ipuin saritua, saria jakinarazten denetik sei hilabeteko epean, behar diren marrazkiez horniturik. Alabaina, idazlea izango da lanaren jabea eta ohiko moduan ordainduko dizkio argitaletxeak egile-eskubideak.


Saritu gabeko idazlanak

Saria irabazi ez duten egileekin harremanetan jarri ahalko da argitaletxea; osterantzean, Datu Pertsonalen Babeserako Legeak dioena beteko da; baztertutako idazlanen kopiak, berriz, suntsitu egingo dira.

Oinarri hauetan zehaztu gabeko zalantzarik agertuko balitz, epaimahaiari dagokio hura argitzea, eta hark egingo ez balu antolatzaileek erabakiko lukete.


Argibideak

Lezamako Udala: liburutegia@lezama.org edo 944556126

Elkar argitaletxea: liburuak@elkar.eus edo 943310267

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)