Albisteak

Paperezko txoriak bezain zaurgarriak

Asteazkena, 2017-09-13

Igartza Saria gazte sortzaileen jarduna sustatzeko eratu zen. XX. edizioan, Miren Amurizaren egitasmoa gailendu da. Sari honi esker, bere lehen nobela plazaratuko du bertsolari bizkaitarrak: Paperezko txoriak.

Aurten, Igor Estankonak, Garazi Kamiok eta Ana Jakak osatu dute Igartza Sariaren epaimahaia. 20 proiekturen artean, Miren Amurizak aurkezturiko idatzia hobetsi dute.

Paperezko txoriak, izenburu hori du izena bere idazlanak, baserri giroan kokaturiko istorioa du ardatz. Protagonistetako batek papiroflexia maite du eta paperezko txoriak presente egongo dira nobelako une esanguratsu batzuetan. “Txikiak eta diskretuak dira baina oso ondo irudikatzen dute pertsonaien zaurgarritasuna: paperezko txoriak desegin egiten dira uretara eroriz gero, baina ez dute zaratarik ateratzen”, Miren Amurizak PostData agerkari digitalean aditzera eman duenez. “Gisako zerbait gertatuko zaie protagonistei: ia zaratarik atera gabe desegiten joango dira, muturreko egoeretara iristeraino, eta beren burua berreraiki beharko dute gero”. 


Komunikazioa/inkomunikazioa

Nobelan zehar, familia bereko hiru belaunaldi islatuko ditu. “Protagonista nagusiak hiru dira: Sabina Leizardi, bere alaba Karmele eta biloba Oihal. Urteetan pilatutako neke eta minek egoera estremo batera eramango dute Sabina, eta bere buruaz beste egiten ahaleginduko da. Horrek errotik irauliko ditu familiaren zimenduak; komunikatzeko, elkar zaintzeko, maitatzeko, gorrotatzeko… dituzten moduak eta gabeziak agertuko dira”.

Karmeleren senar ohiak ere rol garrantzitsua beteko du nobelan. "Bere presentziagatik baino, bere ausentziarengatik eragingo du nobelan eta nobelako protagonisten bizimoduan". Protagonistei buruzko xehetasun gehiago eskaintzen ditu ondoko bideoan:


Lehen eleberria

Miren Amuriza 1990ean jaio zen Berrizen. Bertsolari, kantari eta kazetari lanetan ibilia da. Haur literaturan hainbat lan plazaratu ditu baina Igartza Saria jaso duen lana izango da helduei zuzendutako bere lehen eleberria.


Igartza Beka Saria

CAF enpresa, Beasaingo Udala eta Elkar argitaletxea dira Igartza Sariaren antolatzaileak. Gazte sortzaileen jarduna laguntzeko abiarazi zuten Igartza Saria, eta hogei urteko ibilbidean idazle askok euren lehen narrazioak plazaratu ahal izan dituzte.

1998. Julen Gabiria. “Connemara gure bihotzetan”.

1999. Xabier Etxeberria. “Egun denak ez dira berdin”. Akzesita: Jasone Osoro. “Korapiloak”.

2000. Fernando Morillo. “Ortzadarra sutan”.

2001. Unai Elorriaga. “Van`t Hoffen ilea”.

2002. Julen Gabiria. “Han goitik itsasoa ikusten da”.

2003. Asel Luzarraga. “Karonte”.

2004. Karmele Jaio. “Amaren eskuak”. Akzesita: Peru Magdalena. “Lile”

2005. Uxue Alberdi. “Aulki bat elurretan”.

2006. Jon Martin. “Ero”.

2007. Katixa Agirre. “Habitat”. Akzesita: Irati Jimenez. “Nora ez dakizun hori”.

2008. Eider Rodriguez. “Katu jendea”.

2009. Uxue Apaolaza. “Hiltzailea” (Mea culpa izenburupean plazaratu izan zen).

2010. Garazi Kamio. “Beste norbaiten zapatak”.

2011. Goiatz Labandibar. “Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak”.

2012. Danele Sarriugarte. “Mamuak” (Erraiak izenburupean plazaratu izan zen).

2013. Mikel Ayllon. “Ez tiro egin anbulantziei”.

2014. Unai Villena. “Hauts haietatik”.

2015. Kattalin Miner. “Kafe beteak (Nola heldu naiz ni honaino izenburupean plazaratu izan zen).

2016. Ekaitz Goienetxea. “Karramarroa trostan”.

2017. Miren Amuriza. “Paperezko txoriak”.

Miren02

Argazkiak eta bideoak: Elkar.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)