Albisteak

Miren Asiain: "Lanean jarraitzeko indar ikaragarria eman dit Etxepare sariak"

Asteazkena, 2012-03-14

Nafarroan literatura sari esanguratsu baten hutsunea zegoela ikusirik, eta literatur lehiaketen alorrean erreferentzia izanen zen saria sortzeko xedearekin, Etxepare literatur sariak antolatu zituzten 2004an. Aurtengo edizioan, Miren Asiainen "Hara!" ipuina izan da epaimahaiak nabarmendu duen lana. Idazlea diruz saritzeaz gain, Etxepare sariaren bitartez sormen-lanak argitaratzeko bidean jartzen dira. Miren Asiainen ipuin ilustratua Pamiela argitaletxeak plazaratuko du aurten. "Niretzako saririk garrantzitsuena hori da, nire lana argitaratua izatea", adierazi digu Miren Asiainek (Iruņea, 1988).

Zer suposatu du zuretzat Etxepare saria irabazteak? Aurretik aurkeztu izan zara ala lehen aldia al zen?
Ilustrazio lehiaketa batera aurkezten naizen lehenengo aldia da hau eta niretzat motibazio handia suposatzen du, niri gehien gustatzen zaidana egiten jarraitzeko eta, batez ere, besteekin konpartitzeko.

"Hara!" izeneko lanarekin jaso duzu 2012ko Etxepare saria. Labur bada ere, sormen lan honen mamia azalduko zeniguke?
Lan honen bitartez, pertsona arruntok bizi dugun egunerokotasunari buruz hitz egin nahi nuen. Egunerokotasunak daukan magia nabarmendu, egunerokotasun horretan noizbehinka gertatzen diren gauza bitxiak azpimarratu.
Protagonista haur bat da eta bere amonarekin batera egiten dituenak kontatzen dizkigu. Amona misteriotsu azaltzen zaigu ipuinean, ez du inoiz ezer esaten, baina badirudi baduela mundu errealaren eta ametsezkoaren arteko giltza.
Irudiek detailetxo asko dituzte eta nire ustez testuak esaten ez duena, irudiak esaten duena alegia, garrantzitsuagoa dela.

Saria irabazteaz gain, zure lana argitaratua izango da. Akaso hori da sariaren alde inportanteena, ezta?
Bai, niretzako saririk garrantzitsuena hori da, nire lana argitaratua izatea. Egia esan, orain arte ez naiz nire lanak argitaratzen saiatu ere egin, horregatik oraindik zailtasunak zeintzuk diren ongi ez dakit, baina suposatzen dut zaila izango dela eta orain dagoen egoera ikusita are okerrago.

Beraz, argitara emango duzun lehen lana izango da hau. Aurrera begira, sortzen eta idazten jarraitzeko kemena emango dizu.
Lehen esan dudan moduan, argitara emango dudan lehenengo lana izango da hau eta indar ikaragarria ematen dit gogotsu lanean jarraitzeko, nik maite dudana egiten jarraitzeko. Izan ere, horrelakoak (artelanak) niretzako beharrezkoak sentitzen ditudalako egiten ditut. Jendeari nire lanak beldur barik erakusteko indarra eman didala uste dut.

Miren Asiain, Etxepare saria jaso berri.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)