Albisteak

Mr. Señora: gorputz eta hitz deserosoak

Astelehena, 2016-05-16

Oier Guillanek zazpi antzezlan bildu ditu Mr. Señora eta beste ileorde batzuk liburuan. Txalaparta argitaletxearen eskutik kaleratu du, eta pasa den astean aurkeztu, Donostiako Kaxilda liburu-dendan. Ainara Gurrutxaga aktoreak egin dio hitzaurrea.

Aurreko ostegunean aurkeztu zuen Oier Guillanek bere azken antzerki-liburua: Mr. Señora eta beste ileorde batzuk. Ez zen bakarrik aritu. Izan ere, han zeuden antzezlan bakoitzeko irudi bat marraztu duen Idoia Beratarbide artista, eta Guillanekin batera Mr. Señora antzerki-errezitaldia egingo duten Joseba Roldan eta Ainhoa Alberdi aktoreak. Errezitaldi gehiago egingo dituzte, eta aipatu hiru antzezleez gainera, Amaia Corralek ere hartuko du parte. Metrokoadroka sormen laborategiko kideak dira denak ere. Asteon egingo dute lehen emanaldia, larunbatean, hilak 21, Zarauzko Literaturia jaialdian. Biharamunean Donostiako Guardetxean egingo dute, eta ekainaren 18an, berriz, Gasteizko Baratzan.

Guillan eta Beratarbide esker oneko agertu ziren aurkezpenean, Txalapartak aukera ematen dielako halako argitalpen-ekimen bereziagoei. Aurrez ere, Txalapartak argitaratu zuen Metrokoadrokako kideek sortutako Hura ez da lekua antzezlanaren paperezko bertsioa.

 Mr. Señora eta bere ileordeak nor ote diren galdetuta, hauxe esan du Guillanek, Metrokoadrokaren atarian:

“Mr. Señora” antzerki bakarrizketa bateko protagonista bat da, baina baita ere hainbat ideia plazaratzeko maskara edo ileordea. Batetik, Mr. Señorak arrarotasuna eta armairutik ateratzea ditu aldarri, bizitza ikusteko moduen lagungarri. Bestetik, bada omenaldi umil bat ere: sustraiez hitz egiten dugunean kontu esentzialetara jotzen dugu askotan, baina nik pertsona egiten nauten balioak arakatzean feminismoak eta genero ez-adostasunak topatu ditut sarri. “Mr. Señora” bakarrizketak hartu du liburu honen idazketan indar gehien kontzeptu gisa, eta horregatik egin du jauzi titulura, baina funtsean zazpi antzezlanen bilduma bat da, horiek dira beste ileordeak.

Askotarikoak dira liburuan bildutako antzezlanak: argitarabeak batzuk, aspaldi idatziak baina taularatu gabeak beste batzuk, eta aspaldi idatziak, taularatuak eta berrikusiak beste zenbait, Arra.arraroa, kasu.

Mr. Señoraz gehiago jakiteko, hona hemen Alberdi, Guillan eta Roldanek egindako aurkezpen-errezitaldiaren lagin txiki bat:

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)