Albisteak

Bi ahots gehiago

Asteazkena, 2018-05-02

Munduko Poesia Kaierak bildumara beste bi autore batu dituzte: Ezra Pound estatubatuarra eta Al Berto portugaldarra. Luigi Anselmik Ezra Pound idazlearen poemak ekarri ditu euskarara eta Joxemari Sestorainek Al Bertorenak.

Ezra Pound idazlea Mussolini diktadorearekin eta faxismoarekin lotu izan da maiz. Poeta gisa, hala ere, XX. mendeko erreferentzia garrantzitsuetako bat da. “Gutxi dira Ezra Pounden garrantzia eta prestigioa eskuratu dutenak”, Luigi Anselmik euskaratu duen kaieran hala dator jasoa. “Ernest Hemingwayk zioen munduan literaturak irauten duen artean iraungo duela Ezra Pounden poesiak”. Hemingwayk Poundi buruz esandakoak ekarri zituen gogora Luigi Anselmik:

Orain arte, Ezra Pounden poema solte batzuk bakarrik zeuden euskaraturik. Luigi Anselmiren ahaleginari esker, antologia modukoa jaso da Munduko Poesia Kaierak bildumaren baitan.


Txinako eta Japoniako literaturaren eraginpean

Poeta izateaz gain, itzultzaile gisa ere ezaguna zen Pound. Japoniako eta Txinako literatura klasikoa ikertzen jardun zuen eta bere sormen lanean izugarrizko eragina izan zuen. Cathay izango da Ezra Poundek itzulitako libururik famatuena. Txinako poesia klasikoko hamabost poema hautatu eta itzuli zituen. “Oso bitxia da liburu hori. Txineratik itzuli zuen baina berak ez zekien txineraz”. Luigi Anselmik honela azaldu zuen itzulpen haren inguruko pasadizoa.

Ezra Pounden liburuarekin, Munduko Poesia Kaierak bilduma 25. zenbakira iritsi da. Aitzakia horrekin Cathay liburua ere ekarri dute euskarara. Luigi Anselmik berak egin du itzulpen lana. Edizio mugatua eman dute argitara, Ezra Pounden kaieraren osagarri gisa, eta Kaierak bildumako harpideek jasoko dute bakarrik.


Al Berto, arauetatik aparte bizi zen poeta

Joxemari Sestorainen ahaleginari esker, Al Berto idazle portugaldarraren poesia euskaraz irakurri daiteke orain. Munduko Poesia Kaierak bilduman aurkituko duzue Sestorainek itzuli duen poemarioa.

Al Berto Coimbran jaio zen 1948. urtean, goi-burgesiako familia batean. Margolaritzan jardun zuen, harik eta pintura utzi eta idaztera dedikatzea erabaki zuen arte. Idazlearen hastapenei buruzko xehetasun ugari eman zituen itzultzaileak:


Gayen arteko maitasunaren erretratugile 

Al Bertoren poesian presentzia handia du gorputzak. 57 alditan aipatua dator Sestorainek itzulitako kaieran. Gayen arteko maitasunaren erretratugile aparta izan zela dio liburuko aitzin-solasak: “Mundu heterosexualak bazterreratzen dituen marikak eta txaperoak dira sarri protagonista”.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)