Albisteak

Nagore Legarretaren 'Hysteron': erakusketa amaiera, emanaldia eta argitalpena

Asteazkena, 2016-10-12

Nagore Legarreta argazkilariak "Hysteron" argazki erakusketa dauka ikusgai Donostiako Ganbara aretoan. Urriaren 14an lan honetan oinarritutako emanaldiarekin itxiko dute erakusketa, argazkiak dauden espazioan bertan hitza, dantza eta musika uztartuz. Emanaldiarekin batera "Hysteron" proiektuan oinarritutako argitalpena aurkeztuko dute.

"Edipotoa" proiektuaren harira ezagutu genuen Nagore Legarreta Hitzen Uberanen. Kamera estenopeikarekin egindako lana liburu bilakatu zuen Legarretak orduan ere, Banizu Nizuke argitaletxearen eskutik, eta hainbat idazleren testuak izan zituen bidelagun. Liburuko materialetatik abiatuta hainbat zuzeneko emanaldi ere egin zituzten.

Nagore

"Hysteron" proiektua ere emanaldi eta argitalpen formatuetan ezagutuko dugu. Azken asteetan erakusketa ikusi ahal izan dugu Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko Ganbara aretoan, Nagore Legarretak kamera estenopeikarekin egindako kreazio berriekin. Hitz hauek topatu ditugu proiektuaren azalpenean:

"Irudietan emakume gorputz zatikatuak irudikatzen dira; elkarrekin harremanetan dauden emakumeak irudikatzen dira: tentsioan, elkarri bultza egiten diote batzutan, eta bestetan, batzeko ahaleginetan dabiltza.

Giza harremanen inguruko gogoeta da Hysteron, norberaren espazio pertsonala eta gainerako gizakien espazio pertsonalaren arteko tentsioaren inguruko gogoeta. Nola harremantzen dira gizarteak berdin kondizionatu, sozializatu, antzutu dituen pertsonak/emakumeak? Norantz jaurtitzen ditugu gure frustrazioak?

Nagore Legarretaren proiektu indibidual bat da, kamera estenopeiko batekin egindako argazki sail batez osatua. Argazki horietan, figura femeninoek interakzioan dihardute konbatearen eta haragizkoaren arteko egoera zehaztugabeetan, iluntasun hondo batetik agertuz."

Erakusketa aste honetan ere ikus daiteke, urriaren 13a bitarte egun osoz. Urriaren 14a du erakusketak azken data, baina egun horretan emanaldiaren ordua arte itxita egongo da espazioa.

Pertsonaletik kolektibora

Nagore Legarretaren proiektu pertsonala da "Hysteron", baina garatze prozesuan izaera kolektiboa ere hartu duena. Horren isla izango da erakusketari itxiera emateko hainbat lagunen artean osatu duten emanaldia:

"Hysteron, Nagore Legarretaren argazki lanaren inguruan sortutako emanaldia da. Lehen aldiz aurkeztuko da jendaurrean. Argazkien atzean dauden ideien inguruan osatu da emanaldia, diziplina ezberdinak uztartua.

Emanaldian parte hartuko dute: haiek idatzitako testuak errezitatuz, Danele Sarriugarte eta Gorka Setienek; Txaro Untzilla dantzariak; eta Mariano Hurtado, Aida Torres eta Beñat Iturrioz musikariak.

Emanaldian, zuzenean entzun ahal izango diren abesti hauek metalezko ontziekin egindako instrumentuekin osatu dira, argazkiak egiteko erabili diren kamaren antzera."

Emanaldiaren egunean, Hysteron proiektua jasotzen duen argitarapen berezia aurkeztuko da.

hysteron

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)