Albisteak

Nerea Arrien: “Twitterreko hari luze bat da nobela”

Astelehena, 2017-12-04

Gazte literaturan badu libururik argitara emana. Hirutter (Erein) nobelarekin, Nerea Arrienek helduentzako literaturara egin du jauzi.  Whatsapp, twitter eta eskuko telefonoaren erabilerak markatzen du tramaren tempusa.

Bideo sexual bat partekatuko da sare sozialetan eta horrek piztuko du nobelaren kontakizuna. Hiru dira Hirutter nobelako protagonista nagusiak: Martin, Gari eta Ines. Hiruki horren erpinean dago Ines. Baina lainoan edo mundu birtualean, elementu gehiago sartuko dira jokoan, epaiketa birtual bat burutuko duten pertsona anonimoak.

Finean, intimitateari buruz hausnartzeko aitzakia da nobela. "Intimitate motak eta intimitate horiek ezkutatzeko moduak; hortxe dago nobelaren gaia", azalpen hori eman zuen hedabideen aurrean eskaini zuen agerraldian.


Sare sozialen estetikari jarraiki

Esan bezala, nobelako proatagonistek eskuko telefonoen eta sare sozialen erritmora jokatuko dute. Hain zuzen, Twitterrek ezartzen duen komunikazio ereduan topatu du nobela taxutzeko estiloa: “Twitterreko egitura hori perfektua zen niretzat. Bide bat topatu dut hor. Nobela honetan funtzionatu zezakeela uste nuen eta neureganatu egin dut idazteko modu hori”. Hirutter nobelak hortaz, estetika horri jarraitu dio. “Twittereko hari luze bat da nobela”.


 Atrapa eguna (Erein)

Prentsaurreko berean, Nerea Arrienek Atrapa eguna (Erein) narrazio laburrari buruzko bi hitz egin zituen. Gaztetxoei eskainitako liburu hau ere, oraintsu eman du argitara. Genero honetakoa da Pentsatzeko txokoa (Erein), 2015ean Lizardi Saria eskuratzeko balio izan zion narrazioa.

Nostalgia txiki baten ikur gisa definitu zuen Atrapa eguna. Izenburutik hasita. Antza, artean txikia zela, aitonak maiz aipatzen zion atrapa eguna espresioa. Carpe diem esamoldearekin alderatu daitekeena. Izenburuaz eta liburuaz, ondoko argudioak eman zituen aurkezpen egunean.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)