Albisteak

Poesia zaleentzako sei liburu berri, hiru itzulpen eta hainbat berrargitarapen

Igandea, 2014-12-07

"Nik ere badut nire egia", zioen Gabriel Arestik. "Eta bankero jaunarenak bezainbat edo baino gehiago balio du". Aspaldiko ahapaldi honek ez du gaurkotasunik galdu. Durangoko Azokaren bezperan, euren egia azaltzera etorri dira hainbat poeta. Sei poesia liburu berri, hiru itzulpen, berrargitarapen batzuk eta antologia bat batu ditugu albiste honetan.

Jose Luis Otamendi:

Kapital publikoa zaindu beharreko mundu egingarrien aukera da"

"Kapitalaz hainbeste hitz egiten den garai hauetan Kapital publikoa hartuta nator ni". Jose Luis Otamendik hitz horiekin hasi zuen Kapital publikoa (Susa) poesia liburuaren aurkezpena. "Kapital publikoa da denona den hori, eta inork beretzat bakarrik hartzerik ez daukana", argitu zuen Azpeitiko idazleak. Baina aldi berean, kapitala da "jendea ezer gabe uzten duena, jendeari dena ken liezaiokeena: kapitala, kapitalismoa, sistema zapaltzaile hori". Eta Jose Luis Otamendi, 45 poema berri hauekin, kapital publiko hori babestera dator, "neure erara. Hori aldarrikatzen dut neure era intimo eta poetikoaren bitartez. Kapital publikoa zaindu beharreko mundu egingarrien aukera da".

Hainbat poema errezitatu zituen atzo Ahotsenean. Lagin bat duzue ondoko bideoan.


Antonio Casado da Rocha: Ahotsenean, bi ahotsetara

Utriusque Vasconiaerekin plazaratu du liburu berria: Islandiera ikasten. Eta Ahotsenean errezitaldia eskaini zuen, Oier Guillanekin batera. Argian duen blogetik atera dugu liburuari eta errezitaldiari buruzko aipamentxo hau:

"(...) Ez zen ohiko aurkezpen bat. Poemek beren burua aurkeztu zezatela nahi genuen, liburu honetatik dozena bat poema bi ahotsetan elkarrekin irakurriz. Besteak beste, “Elkarketak” prosazko poema irakurri genuen, Errenteria eta Orereta baturik. “Aurora Borealis” poema aurkeztean, konturatu ginen euskal literaturan egun finlandiar bat daukagula (Atxagarena) eta oraingoz bi gau islandiarrak, aurora borealak eta guzti: gurea eta Itxaro Bordarena, bere azken liburuko poeman deskribatzen duena, gaurko errezitaldian apika entzun genezakeen hori. Bukatzeko, aforismoak izatera ez dakit heltzen diren testutxoak irakurri genituen. Isabel Escuderok dioen moduan, pospolo horiekin pizten naiz ni (...)".

Casado


Itxaro Borda:

"Ez naiz sekula eskuak lotuak ukan dituen idazlea izan"

"Ez naiz sekula eskuak lotuak ukan dituen idazlea izan, baina iruditzen zait zenbaitetan ahoa biloz trabatua eduki dudala. Neronen eta neronekiko aurre-iritziez ari naiz bereziki, hauen gainditzeaz, ezezkoan garatzen doan mundu eta ingurune sozialean, baikorra eta piska bat naif izateko bidea jorratzeko moduan". Sosegu moduko bat igarri dugu Zure hatzaren ez galtzeko (Elkar) poesia liburuan. Ados dago idazlea, baina ez ei da gauza erraza izan. "Saiatu naiz perpausak negatiboan ez hasten. Ariketa harrigarria suertatu da niretzat, ezen ohiturak joera horretara eramaten nauelako sistematikoki. Lasaiago idatzi ditut poesiak, beraien barneko gatazka ala tragedia baztertu gabe. Gauzen, gertakarien edo gogoeten muinera jaisteko, onartu ezinak diren ebazpenak onartzeko, lasaitasun zerbait premiazkoa da".

Hitzen Uberan izan genuen solasaldia, esteka HONETAN topatuko duzue.

Itxaro

On taldeko Itsaso Gutierrezekin batera, Ahotsenean hainbat poema errezitatu zituen Itxaro Bordak. Argazkia: Ahotsenea.


Javier Aramendi:

“Ez nabil zergatien edo katarsien bila”

"Ez da arima urratu bat bertsoetan adierazten dena. Ez nabil zergatien edo katarsiaren bila. Uneko sentsazioak, sentimenduak, gogoetak eta abar azaldu nahi ditut. Unean uneko aldartea ere bai. Ez gaude beti triste. Gainera, ironiak edo umoreak zama ilun hori arintzeko balio du". Hala azaldu zigun Aramendik, Hitzen Uberan izan genuen solasaldian. Verba polita (Erein, 2014) poesia liburuaren egileak formari, hitzen itxurari erreparatzen dio. Hitzak protagonista dira hainbat poemetan, bizirik daude, eta irakurleari ari dira hizketan.  "Uste dut ona dela hitzekin, hizkuntzarekin jolastea, mezu formaletatik ihes egin tarte batez, eta hizkuntza gozatu, hizkuntzaz gozatu".

Hitzen Uberan duela aste batzuk elkarrizketatu genuen Javier Aramendi. Elkarrizketa esteka HONETAN.

Verba


Pako Aristi: “Itxaroten jakin behar da”

11 urte pasa dira Libreta horiko poemak (Susa, 2003) liburua plazaratu zuenetik. Poesia zaleen artean, bere oihartzuna izan zuen liburu hark. 11 urte eta gero iritsi da Pako Aristiren poema liburu berria: Urari ostutako poemak (Susa). Urrestillako idazlearen ustez, "ezer egin gabe egoten ikasi behar du idazleak. Baten batek esan zuen ezer egin gabe egotea ez dela problema. Problema dela ezer egin gabe egotea kulpable sentitu gabe. Baina poesian eta beste genero batzuetan, itxaroten jakin behar da. Ideiak etorri egiten dira zuregana, zu modu egokian bazaude ideia horien zain".

Pako

Ahotsenean izan da egunotan Pako Aristi, Euskararen isobarak (Erein) saiakera liburua eta Urari ostutako poemak (Susa) poesia liburua aurkezten.

Duela bi aste plazaratu genuen Pako Aristirekin izan genuen solasaldia.  Elkarrizketa esteka HONETAN.


Eric Dicharry:

“Gaurko mundua eta gaurko gizartea ni baino pesimistagoa da”

Erik

Canadan eta New Yorken idatzia dago After Banksy (Maiatz) liburua. Banksy bera ere han zen, Dicharry New Yorken zen egunetan. Hirian, hango txokoak erretratatu zituen eta, ondoren, argazki horiek bere idatziekin osatu zituen. Honela osaturik dator liburua. Euskal Irratiak-en post honetan topatuko duzue liburuari buruz Dicharryk eskainitako elkarrizketa.

“Gaurko mundua eta gaurko gizartea ni baino pesimistagoa da. Umorea baliatuz espero dut jendea nire obraraino ekarraraziko dudala”, hala dio estekatu dugun elkarrizketan.

http://euskalirratiak.info/eric-dicharry-ren-«-after-banksy-»-liburua.html


Hiru itzulpen / Munduko Poesia Kaierak 2.0

Emily Dickinson, Carlos Drummond de Andrade eta Miguel Hernandezen poemak kaleratu dituzte Munduko Poesiak Kaierak bildumaren bigarren eskaintzan. Udaberrian eman zituzten argitara lehen hiru erreferentziak, Georg Trakl, Maria Merce Marçal eta Aime Cesaire idazleen itzulpenak. Angel Erro arduratu da Emily Dickinsonen poemak hautatu eta itzultzeaz; Drummond de Andraderen inguruko poesia liburua Koldo Izagirrek ekarri du euskarara; eta Miguel Hernandezenak, Josu Landak. Susa argitaletxearen liburu hauek harpidetza bidez eskura daitezke, edota banaka erosiz. Dendetan, eta egunotan, Susa argitaletxearen stand-ean.

MPK hiru kaiera berriak 4-5-6_content


Berrargitarapenak 

Joseba Sarrionandia, Izuen gordelekuetan barrena (Pamiela)

1980an, R. M. Azkue Poesia Saria irabazi zuen Joseba Sarrionandiak eta sari hari esker plazaratu zuen lehen liburua: Izuen gordelekuetan barrena (BAK, 1981). Saria irabazi eta publikatu arteko epean, atxilo hartu eta espetxean sartu zuten. Kartzelatik idatzi behar izan zuen liburuaren hitzaurrea eta honela zioen: "poesia liburu hau argitaratu egin behar zela esan zidatenean zalantzan geratu nintzen, nahiago bait nukeen liburudendetan baino gordairu zaharren batetan atxikitzea, neuri eta adiskideei bakarrik dagokien lana izatea alegia, eta ez epaia espero duen erakustokiko alea". Baina ez zen gelditu gordailu zahar batean ahazturik, ez zen oharkabean pasa. Eragin handia izan zuen orduko zein ondorengo idazle askoren artean, Harkaitz Canok berak aitortu duenez. Liburua ia “desagertuta” egon da aspaldi honetan. Orain berriz argitaratu du Pamielak, egileak berak zuzendua eta hitzaurre berri batekin.


 Joxan Artze:

Laino guztien azpitik / sasi guztien gainetik (ediciones 3)

Joxan Artzek bi poesia liburu berri plazaratu zituen iaz Elkarrekin. Orain albiste da berriro Usurbilgo poeta, baina aspaldiko bi liburu berrargitaratu dituelako: Laino guztien azpitik eta Sasi guztien gainetik, biak 1973an argitara emanak eta biak  Jose Luis Zumetaren irudiekin osatuak. Ediciones 3 argitaletxeak ipini ditu berriro merkatuan. Berrian irakurri genuenez, "Artzeren bigarren eta hirugarren lanak izan ziren, 1969an Isturitzetik Tolosan barruplazaratu ondoren. Egileak liburuaren edizio berria orraztu du, eta aldaketa batzuk besterik ez ditu egin".

491px-Joxean_Artze_idazlea_2011n


Poeta katalan garaikideak (Elkar-Urrezko Biblioteka, 2014)

Klasizistak eta abangoardistak, bere herriarekin eta kulturarekin konprometituak, beste hizkuntzetako poeten oihartzunak berera ekarri zituztenak, gaietan nahiz formetan berrikuntzak eta esperimentuak egin zituztenak… XX. mendeko bederatzi poeta katalan aurkituko dituzue  Poeta katalan garaikideak (Elkar-Urrezko Biblioteka, 2014) antologian. Uda atarian plazaratua izan zen baina Azokakoa aukera ona izan daiteke berau eskuratzeko.

1997an Gerardo Markuletak Ibaizabalekin plazaratu zuen antologia bera da hauxe. Ordukoak baina, beste izenburu bat zuen: Zenbait poeta katalan (Ibaizabal, 1997). "Berriz argitaratu baino gehiago, berpiztu egin dugula esango nuke: izenburu berria dakar, azal berria, hitzaurre berria, eta guztiz zuzenduta eta apur bat emendatuta ere badator", Gerardo Markuletak berak Hitzen Uberan aitortu zigunez.

Markuleta2

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)