Albisteak

Nobel saridunak euskaraz

Ostirala, 2016-10-21

Iragan astean jakinarazi zuten nork irabazi duen aurtengo Literatur Nobel Saria. Bob Dylan musikari estatubatuarrari egokitu zaio. Erabakiak eztabaida piztu du. Guk, berriz, aukera aprobetxatu dugu, eta Jokin Zaitegi sariaren uztari erreparatu. Nobel saridunen lanak euskaratzeko egitasmoa da sari hori eta 2002az geroztik dago martxan.

Orain 14 urte jarri zuten abian AED elkarteak, Arrasateko Udalak eta Elkar argitaletxeak Jokin Zaitegi saria. Horren bitartez, hainbat Nobel saridunen lanak iritsi zaizkigu euskarara. Lehiaketa bidez esleitzen dira itzulpenka. Literatura Unibertsalaren bilduman nola, lagin bat argitaratzen da, eta itzultzaile gaiek lagin horren itzulpena egin behar dute, epe baten barruan. 2012an bertan behera geratu zen saria, hamar urteko jardunaren ostean; hala ere, 2016an berriro ekin zioten, eta datorren urtean, Svetlana Aleksievitxen kronika-liburu bat euskaraz irakurtzeko aukera izango dugu (Iker Sancho itzultzaile). Hona hemen sari horri esker euskaratu diren liburuen errepasoa.

Zoririk ez

Imre Kertész

Itzultzailea: Urtzi Urrutikoetxea

2002an irabazi zuen Imre Kertész idazle hungariarrak Nobel saria. Urtzi Urrutikoetxea kazetariak irabazi zuen Jokin Zaitegi lehiaketa, eta hark itzuli Zoririk ez eleberria. Judua zen Kertész, nazien kontzentrazio-esparruak ezagutua, eta horren ingurukoak aletzen ditu nobelan.

Ibon Egańak honako hau idatzi zuen liburuaz:

Urtzi Urrutikoetxeak Jokin Zaitegi sariari esker euskaratutako Zoririk ez nobelan ere kontzentrazio-esparruetan bizitakoak ditu kontagai Kertészek. Hiru egun soilik egin zituen Kertészek Auschwitzen baina “egun bakarra aski da infernuko horroreak bizitzeko, badago aski denborarik horretarako”, zioen Wittgensteinek, eta urtebete inguru Buchenwald eta Zeitz artean. Baina, nobelak izaera autobiografikoa badu ere, fikziozko Gyorgy Koves pertsonaiaren bidez ematen digu Kertészek bere bizipenen berri, idazlea bezala nerabe budapestarra, hamabost bat urtekoa. (...) Gyorgy Kovesen begirada inuzente, ingenuo eta batzuetan inpertinentearen esku uzten du Kertészek narrazioaren gidaritza. Sentimentalismorako tentazio oro saihesten du hala nerabe ezjakinaren begiradak, Kertészek ez baitu inolako juzkurik, baloraziorik edo gogoetarik egiten eta nerabearen begirada xaloa soilik eskaintzen digu. Kovesen ahotsak gertakariak kontatzen eta zerrendatzen ditu, beste barik. Ez du gertakari isolatu horiek salatzen duten azpiko sistemaren kontzientziarik. Kertészek irakurlearen esku uzten du nerabeak lehen pertsonan narratutako ekintzak, esandako hitzak esanahi orokorragoz eta testuinguruz osatzea. Hala, Auschwitz izena nerabe deportatuak lehen aldiz treneko zirrikitutik irakurtzen duenean, izen berri baten arroztasuna baino ez du sentitzen; irakurlearen baitan, baina, oihartzun beldurgarria eragiten du ifernuaren toponimoak.

Lotsaizuna

John Maxwell Coetzee

Itzultzailea: Oskar Arana

2003an irabazi zuen J.M Coetzeek Nobel saria, artean Hegoafrikako idazlea zela. Hiru urte beranduago, Australiako hiritar bihurtu zen. Oskar Aranari esleitu zioten Lotsaizuna eleberria itzultzeko lana. Idazlearen jaioterrian gertatzen da eleberri horren trama nagusia, eta herrialdeko zurien eta beltzen arteko harremanak eta gatazka sozialak ditu ardatz nagusi. Lotsaizunaz gainera, Coetzeeren beste eleberri bat ere badaukagu euskaraz irakurgai: Jesusen haurtzaroa (Meettok, 2013). Aritz Gorrotxategik itzuli zuen.

Isabel Etxeberriak honako hau idatzi zuen liburuaz:

Nobel saria euskaratzeko ematen den Jokin Zaitegi bekari esker egindako itzulpena da hau. Oskar Arana itzultzaileak musika-konposizioarekin lotu izan du autore hegoafrikarraren idazkera. Izan ere, armiarma-sare perfektuan harilkatzen ditu Coetzeek hainbat eta hainbat gai. Hasiera indartsu eta zuzena du liburuak: ikasle batekin izandako sexu-kontuengatik kaleratutako unibertsitateko irakaslearen hondoratze soziala da abiapuntua (lotsaizuna, desohorea, alegia, jatorrizko disgracetik gaztelerazko itzulpeneko desgracia baino hurbilagoak). Gaiak askorako ematen du eta autoreak badaki ondo aprobetxatzen —moralaren eta inpultsoen arteko lehia, unibertsitatearen inguruko elitearen hipokresia eta itxikeria, gizabanakoaren independentzia, bakardade ideologikoa…— baina berehala aukerak zabaldu egiten dira eta, irakaslearen ikuspuntura kateatuta gauzkalarik, bestelako arazo eta kezkak ezagutzera eramango gaitu. Apartheidaren osteko Hegoafrika asaldatu eta irauliaren egoera, kasu, non jatorrizko biztanleek harrotasunez eta bortizkeriaz argi utzi nahi dieten inbasore zuriei eurak direla lurraren jabeak. Belaunaldi gazteenak (nekazari moduan bizimodua atera nahian dabilen protagonistaren alaba, adibidez) izango dira gurasoen bekatuak ordainduko dituztenak (bortxaketa). Aitaren zorra alabaren sakrifizioaren bidez kitatua izango da eta, era berean, aitaren bizimodu berriaren gogorrak (animaliak sakrifikatzen dituen albaitari baten laguntzaile) alabaren zoritxarra arinduko du. Tartean, nahasturik, inkomunikazioa, gizakiok arazoei aurre egiteko berezkoa omen dugun kemena, animaliekiko kezka… Izan ere, liburu honen meritu handienetakoa, gure ustez, gaiak lotzeko abilezia da. Irakurlea ispiluen labirinto batean barneratzen da, non pertsonaia bakoitzak aurkezten dituen arazoek edo kezkek beste pertsonaien gaiak islatzen dizkiguten.

Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk

Harold Pinter

Itzultzailea: Ińigo Errasti

Idazle ingelesa (Londres, 1930 - 2008). Bigarren Mundu Gerra ondoko antzerkigintzako joera berritzaileetako idazle nagusietakoa. Ińigo Errastik ekarri zituen euskarara haren hainbat antzezlan, 2005. urtean.

Inma Erreak honako hau idatzi zuen liburuaz:

Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk izenburuaren aterpean, Ińigo Errastik Pinterren bost lan eskaintzen dizkigu ederki euskaratuta; bost lan, Pinterrek antzerkiaren arloan jorratutako ibilbidean mugarri eta erakusle doi direnak. Ińigo Errastik Nobel sariaren irabazleen lanak itzultzeko urtero deitzen den Jokin Zaitegi saria irabazi zuen 2005ean, eta horren emaitza dira, hain zuzen, gaur hona ekarritako liburu honetako Maitalea (1963), Lehengo denborak (1971), Alaska moduko bat (1982), Festa giroan (1991) eta Mendiko hizkuntza (1988). Lan guztiotan nabarmenak dira Pinterren kezkak —banakoen arteko botere-harremanak, harreman horietan sarri agertzen den bortxa, boterea eskuratzeko hizkuntza usteltzeko gizon-emakumeon trebezia eta botere politikoak gizartea mendean izateko baliabide horiek beraiek erabiltzeko duen manera lotsagabea— eta horien gainean egileak egiten duen salaketa gogorra.

Maitalea-n, senar-emazte protagonisten joko sofistikatuan haien irudimenezko maitalea ia erreala, benetakoa, nola bilakatzen duten erakusten digu Pinterrek, eta Lehengo denborak-en, oroimenak pertsonengan uzten dituen aztarnen subjektibotasunak gertaeren objektibotasuna bera nola menderatzen duen aztertzen du. Alaska moduko bat-en benetako kasu kliniko batez baliatzen da egilea, denboraren iragateari buruzko pertsonen pertzepzioetan murgiltzeko. Hiru antzezlan horiek espazio pribatuak (etxea, ospitalea…) dituzte eszenatoki, eta harreman pribatuak, lotura. Festa giroan eta Mendiko hizkuntza, ordea, esparru publikoan jokatzen dira, eta zuzen-zuzenean jotzen dute botere-abusuen kontra, dela gizarte-maila altuko pertsonaiek festa pribatu batean dauden bitartean kanpoan gertatzen ari diren izugarrikeriez jabetzeari egiten dioten ukoa (Festa giroan) dela boteredunek beren hizkuntza inposatuta menderatuen eta horien hizkuntzaren kontrako jarrera krudela (Mendiko hizkuntza) —turkoek kurduen kontra jokatzeko erakutsitakoa, kasu— salatuta.

Finean, antzezlan hauek ez dira atsegin emateko eginak, begiak irekitzeko baizik, gurengandik ez oso urruti gertatzen diren gauzen aurrean, gainera.

Elurra

Orhan Pamuk

Itzultzailea: Monika Etxeberria

Turkiar idazlea, 2006an jaso zuen Nobel Saria, eta Monika Etxeberriak ekarri zuen euskarara haren eleberri mardula, Elurra. Alemaniako erbestean bizi den idazle turkiar bakarti bat du hizpidean eleberriak, negu gorriaren pasaera.

Aritz Galarragak honako hau idatzi zuen liburuaz:

Protagonista nagusi bat du nobela honek, Ka izeneko morroi turkiarra. Lehenengo orrietan izango du irakurleak haren berri: “hamabi urte zeramatzan Alemanian erbesteratu politiko gisa, politika sekula asko interesatu ez bazitzaion ere. Poesia zen haren egiazko zaletasuna”. Idazle ezaguna da Ka, poeta estimatua. Kazetari lanak egitera joango da baina, Kars mugaldeko hirira: lehenik eta behin udal hauteskundeengatik, horiek jarraitzeko asmoz, baina baita beren buruaz beste egin duten emakumeen gorakada kezkagarriagatik ere. Istanbuleko familia errepublikano eta laiko batean hazitako Ka Karsera daramaten ezkutuagoko motiboak ere ezagutuko ditugu aurrerago, gona kontuak tarteko. Eta gauzak okertu egingo dira: antzerki antzezle bat buru duen estatu kolpea gertatuko da, eta aurretik nahasirik zirenak areago nahasiko ditu hiriaren egoera aldrebes berriak. Estatu kolpea “integristen” kontrakoa omen, udal hauteskundeak irabaztekotan daudelako, eta nazionalista kurduen kontra. Eta nahaspila horren erdian suertatuko da, ezinbestean, gure Ka.

Ez dugu esan, baina bidegurutzean bizi den hiria da Kars, garai urrun batean Georgia, Tabriz, Kaukaso eta Tbilisi xede zituen bidean egon izanak aski aberats egindakoa, historian zehar armeniarren esku, errusiarren menpe, armada ingelesaren azpian eta, azkenik, turkiarren menean egondako hiri kurdua. Egun nahiko pobrea. Eta Karsen areagotu egiten dira Turkia osoan azaleratzen diren gatazkak, Istanbul edo Ankara hiriburuan baino areago. Hiri hori, beraz, ez da itsumustuan aukeratu, hainbat gatazkaren bidegurutze baita Pamuken nobela hau ere: laizismoa eta integrismo erlijiosoa, mendebaldea eta tradizioa, buru estalia eta beloa, hainbat nazionalismoren arteko botere borroka. Turkian elkarbizi diren bi munduren, bi mundu ikuskeren arteko talka agerian geratzen da liburu osoan zehar, bereziki liburuko hainbat pasartetan. 17. eta 18. kapituluak betetzen dituen Estatu kolpea har daiteke adibidetzat, zeina antzerki emanaldi baten bitartez gauzatzen den, bidenabar esanda.

Belarra kantari

Doris Lessing

Itzultzailea: Koro Navarro

Idazle britainiar honek 2007an jaso zuen Nobel saria. Eleberriak eta kontakizun labur ugari argitaratu zituen, gai nagusitzat XX. mendeko arazo politikoak eta sozialak zituztenak.

Iratxe Esnaolak honako hau idatzi zuen liburuari buruz:

Lehen eleberri hau 1950ean idatzi zuenetik 2007. urtean Nobel Saria jaso zuen arte, eskerga argitaratu du Doris Lessing-ek. Sona eta entzutea, hein batean, Urre koloreko koadernoa eleberriak eta orobat emakumeen eta kolonizatuen mendekotasunak agerian jartzeak ekarri dio. Jokin Zaitegi itzulpen sariarekin saritutako lan hau ez dabil abiapuntu horietatik urruti. Hego Rhodesian (egun Zimbawe) kokatutako hilketa bat abiapuntu duen istorio honek berehala egiten die oihartzun segregazioa eta arrazakeria hizpide dituzten beste eleberri batzuei. Harper Lee iparramerikarraren To kill a mockingbird bikainari, esaterako, edota J. M. Coetzee-ren Lotsaizunari, bilduma honetan bertan argitaratua izan zena. Hilketa horren nondik norakoak ulertzeko landa giro bat irudikatu behar da miliek bereizitako etxalde sakabanatuekin. Bertan britainiarrak eta haien ondorengoak bizi dira bertakoak morroi dituztela. Beltzek mendekotasun kontzientzia barneratua dute. Zuriek, berriz, aurreiritzi sustraitu bat dute: ezein beltzek, aukera emanez gero, ostu, bortxatu eta erail egingo du. Honen ondoan tabu handi bat: ez da hitz egingo zurien nagusitasuna kolokan jar dezakeen injustiziez. Narratzaileak barrutiko zurien gogoa agertzen du, baina ez beltzena, askotan ironiaz beren aurreiritzi eta uste zentzugabeak agertuz. Hitza aipatzen ez bada ere, kontakizuna arrazakeriarena bihurtzen da. Giro itxi honetako protagonista Turner senar-emaztea da. Mary Turner emazteak beltzei dien ezinikusia izango da morroiak bera hiltzeko arrazoia. Edonola ere, Maryren transformazio istorioa ere bada eleberria. Hiritar buruaski izatetik, ezkontzeko presio soziala tarteko, senar baten bila jotzen duen emakumearen drama islatzen du. Landan, etxeko lanak beste egitekorik gabe eta miseriaren ertzean, aurreko bizitzara itzuli nahi duenerako ez da lehengo bera. Sorgortuta, jendearekiko harremanei beldur hartu eta senarragana duen ezinikusia kanalizatzeko modua arrazakeria neurrigabea izango da, gertuan eta eskura dituenekin, etxaldeko morroiekin. Gehiegikeria horiek guztiek rol banaketarekin dute zerikusia. Britainiarren emazteak etxeko andreak dira eta ez ekintzaileak. Okerragoa da emakume beltzentzat zapalkuntza bikoitza jasaten baitute, aurrena beltz eta hurrena emakume izateagatik. Baina ez dira kontziente; andreek ez dute emakume izatearen kontzientziarik. Sumatzen da Mary-ren basakeriak baduela oinarrian honen eraginik. Gogoeta hauek guztiak irakurleari sortu zaizkio, izan ere, manikeismoan erortzen ez diren deskribapenak egin ditu idazleak. Nola? Beltz eta zurien istoriotik haraindi norbanakoetara jauzi eginez, harremaneko miseriak, ezinikusi txikiak eta isilpeko gorrotoak xeheki aletuz.

Basamortua

Jean-Marie Gustave Le Clézio

Itzultzailea: Luis Berrizbeitia

Frantses idazlea. Eleberriak idazten ditu batez ere.

Saioa Ruizek honako hau idatzi zuen liburuari buruz:

Bere obran nagusitzen diren konstanteak topatzen ditugu Basamortuan: haurren protagonismoa eta espazio puruagoen bilaketa. Haurrak, eguzkiaren sartu-irtenak edota animaliak bezala, naturaren sinbologiaren osagai dira; zibilizazioak kutsatu gabeko izaki aratzak. Era berean, basamortua zorionaren eremuan kokatzen da. Gizakiak naturarekin bat egiteko espazio idiliko baten antzera deskribatzen zaigu (“Egunak beti berdinak dira hemen, Cité-an, batzuetan ez baitakizu zein egunetan bizi zaren ere”, 108. orrialdean). Baina utopiaren planteamenduetan jausteko arriskua duen mistizismoaren xinpletasuna gaindituz, txanpon bera osatzen duten bi aurpegiak erakusten zaizkigu: naturaren indarrak ederrak eta bitalak izanik ere, batzuetan gordinak eta bortitzak dira (“Cité honek daukan gauza bitxia da mundu guztia dela oso pobrea eta halere inor ez dela kexatzen sekula”, 84. orrialdean).

Ipar Afrikan, basamortuko bazter zehaztugabe batean, Marokoko konkista garaian frantsesen aurka borrokatu zuten gerlari urdinen leinuko neskato bat bizi da. Lallak, Hartani artzainarekin, zerumuga hautseztatuari so, suaren inguruan Aammak kontatzen dizkion istorioak adituz, igarotzen ditu egunak. Baina, “Uda hasierako goiz batean sartu zen gizona Aammaren etxera” (185. orrialdean), eta momentu hartatik aurrera ekingo dio Lallak Europarako bideari.

Bidaiak, descensus ad inferos motiboaren berri ematen du: kanpoko espazioaren deskripzioa, Lallaren barne munduaren ispilu bilakatzen da. Marseilla “bada hustasunaren beldurra, gabeziarena, gosearena…” (267. orrialdean), basamortua eta herrialde kolonizatzailearen eredua. Idazleak, ustezko herrialde zibilizatu eta aurreratuan, ikusezin bilakatzen den esklaboen arteko bizitzaren koadroa eskaintzen du, garapenaren arraildura ezkutuez hausnartu dezagun. Izan ere askotan, formak eta edukiak ez datoz bat.

Hatsaren kulunka

Herta Müller

Itzultzailea: Ibon Uribarri

Errumaniar idazlea, alemanez idazten du. Ibon Uribarrik euskaratu zuen haren Hatsaren kulunka eleberria. Liburu berezia da, narratibazkoa izan arren, arnas poetiko nabarmena du. Liburu honetan berriro agertzen zaizkigu nazien kontzentrazio-esparruak, halako batera eramaten baitute liburuko protagonista gaztea, eleberriaren hasieran.

Beńat Sarasolak honako hau idatzi zuen liburuari buruz:

Itzulpenaren beste berritasun bat —aurreko Jokin Zaitegi sariko lanekin alderatuta— itzultzailearen, Ibon Uribarriren, hitzaurrea da, non, nobelaren sortze prozesua azaltzeaz gain, idazleari buruzko sarreratxo argigarria ematen baitigu. Hor azaltzen zaigu nola liburua, jatorriz, Mullerren eta Oskar Pastior poetaren arteko egitasmoa zen, baina Pastiorren heriotzaren ostean, Mullerrek berak burutu zuela azkenik hastapeneko proiektua.

Nobelak Leopold Aurberg 17 urteko alemaniar jatorriko errumaniarra —Pastiorren isla izan daitekeena— du protagonista eta narratzailetzat. SESBeko kontzentrazio-esparru batean zigileratu dute, eta hango bere sufrikarioa da, hala, kontakizunaren oinarria. Istorioa esparruan sartu baino lehen hasten da, eta irten ondorenean amaitu, baina dudarik gabe, esparruko jazoerak dira erdigunea. Kontakizuna, ordea, halako segida kronologiko batean kateatu beharrean, kapitulutan banatutako mikroistorio modukoen bidez ehuntzen da batez ere; halako moldez, non atal bakoitza independenteki irakur baitaiteke ia. Egiatan, horietako zenbait kasik poematzat jo daitezke orobat. Hitzaurrean adierazten den gisara, badago literatura generotzat har daitekeen holokaustoaren eta gulagaren literatura bat, eta ildo horretan kokatzen ahal dugu, halaber, honako hau. Haatik, Mullerrek darabilen idazkera da nagusiki nobelaren bereizgarria; alegia, esate baterako, Primo Leviren lanen gordintasun eta bortiztasunetik ezberdintzen duena. Hausnarketa orokorragoak egon badauden arren, narratzaileak detaile txikienetan —eta, ustez, ezdeusetan— ipintzen duen arreta, eta oroitzapen zein ametsen deskribapenek hartzen duten garrantzia dira kontamolde berezi horren adierazgarri funtsezkoenak. Detaile horiei dagokienez, azpimarragarria da narratzaileak duen hitzekiko lilura, etengabe adierazten dena letra larrien bitartez. Ezagun da gisa honetako esperientzia lazgarrien itzaletan idatzitako testu ugarik izaten dutela hizkuntzarekiko kezka hau; horren adibide behinena da, ziur asko, Paul Celanen Heriofuga. Honako honetan izenak dira, batez ere, narratzailearen kezka-gai nagusi. Eta esango nuke, originala esku artean eduki ez izanaren kontu guztiarekin, hori izan dela Uribarriren erronka handienetakoa, hots, nobelako aberastasun eta ńabardura lexikalak taxuz euskaratzea. Izenburuan bertan izango zuen buruhausterik, Atemschaunkel originala modu ezberdinetan itzuli baitute erdaretara. Alemanak duen malgutasunari eusteko, euskara luzatu behar izan du itzultzaileak, eta ezin esan, inolaz ere, emaitza traketsa izan denik.

Pantaleon eta bisitariak

Mario Vargas Llosa

Itzultzailea: Santi Leoné

Peruko idazlea (Arequipa, 1936). Unibertsitateko irakasle izan da zenbait lekutan, Nazioarteko PEN Club-eko lehendakaria (1976-79), eta Peruko lehendakaritzarako hautagaia 1990. urteko hauteskundeetan.

Bixente Serranok honako hau idatzi zuen liburuari buruz:

Egitura eta eguneroko indarkeria militarrak aurkeztu zizkigun bere lehen eleberri handiak; La ciudad y los perros, alegia. Sexua eta prostituzioa egitura erlijiosoen mundu batean jorratu zituen bertze nobela ahaztezin hartan, La casa verde-n. 1962 eta 1965ekoak hurrenez hurren. Gaurko honetan, oso bertzelakoa, baina mundu militarra, sexu beharrak eta prostituzioa, bai eta sineskeria erlijiosoak, haien inguruko profeta ahoberoak eta milenarismoak ere hartzen ditu berriro, eta nobela sarkastiko, karikaturazko eta umore handiko bat osatzen du. Oihanetako soldadu isolatuen sexu beharrek eragiten dituzten bortxakeria eta bertako biztanleen asaldura ekidite aldera, ideia xelebre bat, arrazionaltasun osoz bideratu beharrekoa, bururatu zaie arduradun militarrei, eta ezin metodikoago den Pantaleonen eskuetan utzi dituzte prostitutek kanpamentuetara egin beharreko bisitaldi kontrolatuak, estatu sekretupeko misio bezala, logistika ezin efizienteagoa helburuari egokitua. Mundu eta trama horren parean, bertze mundu bat, harekin konbergente batzuetan, dibergente bertzeetan: predikatzaile milenarista arrakastatsu batena eta haren jarraitzaileena, euren sineskeriak, mitoak, sakrifizio hilgarriak eta guzti: arrazionaltasunetik guztiz kanpoko mundua, sarri nahasten eta gurutzatzen dena militarren mundu ordenatuarekin. Saltsa ederra, atmosfera esperpentiko batean barna narrazio bidaia aurrera eramateko.

Teknika literarioak balio erantsi handiak ematen dizkio narrazioari. Estilo konbentzionalagoen erosotasuna nahiago dutenak lasaitze aldera, erran dezagun lehenbiziko orrialdeetan elkarrizketen egiturez jabetuz gero, plazer hutsa izanen zaiola edozein irakurleri eleberrian murgiltzea. Elkarrizketak, izan ere, leku edo une ezberdinetan gertatu arren, leku eta une berberean garatuko balira bezala gurutzatzen dira. Baina egilearen distantziamenduak irakurlearen hurbilketa estuagoa eragiten du, hain zuzen ere. Zoragarriak erritmo errepikakor eta diziplinatu ia militarrarekin egiten dituen deskripzio soil-soilak, elkarrizketetan parte hartzaileenak: “eztulka, lotsagorrituz, totelka, edanez, Pantoja kapitainak”. Txosten sekretuek, hedabideetako albiste edo erreportajeek, euren horretan, kapitulu batzuk osatuz, distantziamendu/hurbilketa joko berbera biziagotu baizik ez dute egiten, ahots narratzaileen ugaritasuna eta elkarren trukaketa era zuzenean aurkezten digun heinean.

Bizientzat eta hilentzat

Tomas Tranströmer

Itzultzailea: Juan Mari Agirreurreta

Suediako poeta. 2011n jaso zuen Nobel Saria eta 2015ean hil zen. Juan Mari Agirreurretak itzuli zuen haren lana Jokin Zaitegi Sariari esker, eta Kirmen Uribek ere euskaratu zituen suediarraren zenbait poema. Hemen irakurgai.

Javier Rojok honako hau idatzi zuen liburuari buruz:

Transtromer-en poesia behaketan oinarritzen da, subjektuak mundua begiratzen baitu begi harrituekin, errugabetasuna zeharo galdu ez duen umearen begiekin. Eta behaketa horrek poesiari baretasun sentsazioa txertatzen dio, mundua erritmo geldoan mugituko balitz bezala. Baina horrekin batera, ez kontrajarrita baizik-eta elkar osatuz, mugimendua adierazten duten irudi ugari topatzen ditugu. Bidaiak izango lirateke mugimendu horren adierazleetako batzuk, poetak munduan zehar ezagututako lekuen berri ere ematen baitigu. Hainbat garraio bideren erreferentziek ere mugimenduaren ideia hori azpimarratzen dute, autoak, trenak zein itsasontziak aipatzen baitzaizkigu leku urrunen berri ekartzen.

Beste konstante bat musika da, unibertsoaren harmoniarekin bat eginez. Bakardade sentimendua ere aipatu beharko litzateke, Transtromer-en poemetan gutxitan ikusiko baitugu gizakia beste gizaki batzuekin harremanetan. Gehienak inguruarekin gauzatzen dira. Izan ere, gizakiaren existentziaz aritzen den poesiaren aurrean gaude, eta existentzia horretan gizakiaren bakardadea nabarmentzen da.

Hori da umorea, maisu!

Mo Yan

Itzultzaileak: Aiora Jaka eta Maialen Marin

Txinatar idazlea. 2012an eman zioten Nobel Saria eta itzultzaile-bikote bati esleitu zioten haren ipuin-liburu bat euskaratzeko lana: Aiora Jakari eta Maialen Marini.

Marinek gertutik ezagutzen du Txinako literatura eta hauxe esan zuen Yanen sariaren bueltan:

Oso harro daude Nobel horretaz, Txinarentzat sekulako aurrerakuntza izan da. Gao Xingjianen kasua bestelakoa izan zen. Gao Xingjian frantziarra da, Txinatik ihes egin zuen, 89tik Frantzian bizi da eta Frantziako herritartasuna dauka. 2000. urtean Nobela irabazi zuenean txinatarrak ez ziren horren pozik jarri. Txinatarrek nolabaiteko gutxitasuna sentitzen dute literatura unibertsalaren barruan, kostatzen ari zaie sartzea, eta hori egia da, hemen ere ez du inork ezagutzen. Ez da potentzia literario edo kultural bat. Orduan, noski, Nobel saria jasotzea aurrerapauso bat izan da txinatarrentzat, zentzu horretan.

Txina kanpoan sortu ditu kontraesanak. Diasporan bizi diren txinatar askok kritikatu dute Mo Yan esanez ez dela nahikoa kritikoa eta politikoa. Azken finean, hori ere galdera bat da: zer puntutaraino autore eta idazle ona izateko politikoa izan behar zaren, noraino sartu behar da Mo Yan kontu horretan. Diasporan bizi direnek, batez ere giza eskubideen aldeko disidente ugarik esaten dute Mo Yanek ardura bat daukala inteletual ezagun bezala eta egin beharko lukeela aldarrikapen handiago bat gobernuaren opresioaren kontra. Jende askok Mo Yan irakurri ondoren esaten dit arraroa egiten zaiela horrelako kritikak entzutea, edo entzutea Mo Yan gobernuaren lagunegia dela; izan ere, gero irakurtzen duzunean ikusten duzulako oso kritikoa dela Txinako historiarekin eta gaur egungo arazoekin ere. Iraultza Kulturalarekin kritikoa izatea nahiko normala da Txinan, baina gaur egungo arazoak ere hor daude.

Sariaren faltan, bestelako bideak

2012 eta 2016 urteen artean etenda egon zen Jokin Zaitegi beka. Hala ere, bitarte horretan saritu zituzten bi idazleak euskaraz dauzkagu, beste bide batzuetatik. 2013an, Alice Munro kanadarrak erdietsi zuen saria, eta haren ipuin-liburu Zorion handiegia, Meettokek kaleratu zuen, 2012an. Hainbat itzultzaileren artean euskaratu zuten: Nagore Tolosa, Naroa Zubillaga, Aiora Jaka eta Itziar Otegi. Gainera, Literatura Unibertsala bildumak ere Munroren obra bat argitaratzekoak dira, 2017an: Hateship, Friendship, Courtship, Loveship, Marriage. Isabel Etxeberriari esleitu zitzaion itzulpena.

2014an, berriz, Patrick Modiano frantses idazleari eman zioten nobela. Haren lanik ere badugu gurean, Igela argitaletxearen eskutik oraingoan: Udaberri alua (2008, Pello Lizarralde itzultzaile), Villa Triste (Joseba Urteaga, 2011) eta Dora Bruder (Monika Etxeberria, 2015).

Aurtengo Nobel saridun polemikoari dagokionez, haren lana ere badauzkagu euskaraz. 7 kantu, Juan Garziak euskarara ekarriak.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)