Albisteak

“Obabakoak” estreinatuko dute urrian Arriaga antzokian

Ostirala, 2017-10-06

Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuan oinarrituta, antzezlana estreinatuko dute Bilbon, Arriaga antzokiak ekoiztua. Calisto Beitio eszena zuzendaria da proiektuaren buru, eta hamaika aktorez osatutako taldea igoko da oholtzara. Urrian euskaraz estreinatuko dute, ondoren Katalunian eskainiko da azpititulatua. Azaroan estreinatuko dute gazteleraz.

Arriaga antzokiko iturriek adierazi digutenez, Calixto Bieito eszena zuzendaria, Arriaga Antzokiko Zuzendari Artistikoa ere badena, buru-belarri ari da Bernardo Atxagaren Obabakoak lanaren moldaketan. Antzezlana Arriaga Antzokian estreinatuko da, euskaraz (urriaren 18tik 21era), eta gaztelaniaz (azaroaren 23tik 26ra). Hasi berri den denboraldi honetan Arriaga Antzokiaren zigilupean eszenara eramango den muntaketa lan garrantzitsuena izango da.

11 euskal antzezle lanean ari dira abuztuaren erdialdetik, Bieitoren aginduetara, ikuskizunaren euskarazko bertsioa, estreinatuko den lehenengoa, sortzen eta prestatzen. Joseba Apaolaza, Itziar Lazkano, Iñake Irastorza, Lander Otaola, Gurutze Beitia, Eneko Sagardoy, Ylenia Baglietto, Miren Gaztañaga, Ainhoa Etxebarria, Koldo Olabarri eta Karmele Larrinaga dira. Bieitok aukeratu zituen guztiak Arriaga Antzokiak deitutako entzunaldi publikoetan. Entzunaldi horietara 200 antzezle baino gehiago aurkeztu ziren.

www.morenoesquibel.com

Calixto Bieitok berak hau azaltzen du: “moldaketa libre honetan, pertsonaiak maitasunez, desioz, oroimenez, beldurrez eta zalantzez betetako giza-paisaia gisa agertzen dira. Freud izena gure hiztegian ez zegoen haurtzaroko urruneko mundu primitibo hartan gertatzen diren istorioak. Fantasiaz, bisioz, oroimenaren gaueko, gure izaerako, txoko ezkutuenetan ezkutatutako irudiz osatutako unibertsoa. Obabakoak konposizio poetikoa, ikustekoa eta fisikoa izango da, eta animaliak gizakiekin nahastuko dira, eta basoak gure gorputz-adarrekin. "Gesamtkunstwerk" txiki bat».

Obabakoak lanaren moldaketa honek beste elementu batzuk ere gehitzen dizkio testuari, Sarah Derendinger sortzaile suitzarraren ikus-entzunezko proiekzioak edo musika eta ahots moldaketak, mota guztietako beste soinu batzuen artean (lan horretan Carlos Imazek egindakoa azpimarratu behar da). Hori guztia, Susanne Gschwenderrek zuzendutako eszenografiaren barruan gauzatuko da.

www.morenoesquibel.com

5 emanaldi euskaraz Bartzelonan

Obabakoak urriaren 18tik 21era estreinatuko da Bilboko Arriaga Antzokian, eta bertatik Bartzelonara joango da, Teatre Lliurera, hain zuzen ere, euskarazko bertsioan, katalanezko azpi-tituluekin. Bertan bost emanaldi eskainiko dira, egunean bat, urriaren 25etik 29ra.

Arriaga antzokiko sarrerak

ARRIAGA ANTZOKIKO SARRERAK

6,50 eta 25 euro artean

Salgai www.teatroarriaga.eus helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)