Albisteak

Marabilli Sormen Festibala abiatzear da

Asteazkena, 2017-10-04

Aitzol Aramaio zinegilea (1971-2011) omentzeko jaio zen.  2012. urtean ospatu zuten  Marabilli Sormen Festibalaren lehen edizioa baina 2013. urtetik hona bi urtez behin egiten da. Omenalditik bezainbeste du topalekutik. Ostegun honetatik igandera bitarte, sortzaile askoren bilgune izango da Ondarroako herria.

Ondarroa izango da bilgunea. Eta Manuelistak, Aitzol Aramaioren lagunak, antolaketa lanetaz arduratuko direnak. Pasa den astelehenean egin zuten agerraldian argi utzi zuten festibalaren izaera: “Lagunarteko festibal bat da, ez ekitaldi profesional bat”.


Jarduera ugari

Lagunartekoa izanik ere, ekitaldiz betetako egunak iragarri dituzte. Ostegunean hasi eta igandera bitarte, arlo ezberdinetako artista asko batuko dira Ondarroan. “Ia herri osoan egongo dira jarduerak urriaren 5etik 8ra”, Kirmen Uribe Manuelistak taldeko partaideak nabarmendu duenez. “Herriarentzat eta herriarekin antolatutako egitaraua izango da”. Hori ere nabarmendu zuen astelehenean eskainitako prentsaurrekoan.


PakoAristi

Pako Aristiren hitzaldia

Zine eta musika jarduerez gain, badira literaturari lotutako ekitaldiak ere. Abiatu, hain zuzen, idazle baten hitzaldi batekin abiatuko da aurtengo festibala. Pako Aristik Amesten ahal du euskaldunak noizbait boterearekin? hitzaldia eskainiko du Barnetegian. Ostegun honetan, 18:30ean hasita.


Ondarroa eta Galizia, elkar loturik

Biharamunean, Xurxo Souto idazle galiziarraren txanda izango da. Contos do Mar de Irlanda solasaldian, ondarroatar arrantzaleak Ronck All inguruetan lanean aritu zireneko istorioak azalduko ditu. Urriaren 6an ostirala, Kofradia Zaharrean, 19:00etan hasita.

Ez da galiziar kutsua izango duen ekitaldi bakarra izango. Igandean, urriak 8, Dabide Cabaleiroren Sitio distinto filma botako dute. Arratsaldeko 17:00etan Goiko Zinean. Film honek Galiziatik Euskal Herrira etorritako herritarren historia kontatzen du, “nola etorri ziren, nola sartu ziren euskal gizartean, eduki dituzten harremanak eta abar. Tartean, hainbat ondarroatar ere agertzen dira pelikulan”, antolatzaileek aditzera eman dutenez.


Bernardo Atxagak Txoriak kolpeka liburua aurkeztu du.

Bernardo Atxagaren gogoeta

Bernardo Atxaga eta Unanue Kamara Koralaren saioa ere, ikustekoa izango da. Larunbatarekin izango dira Kofradia Zaharrean. Atxagak jaialdirako propio idatzitako ikuskizuna eskainiko dute arratsaldeko 18:00etan hasita: Gogoeta bat harri baten inguruan.


Hamaika ekitaldi gehiago

Hauek dira nabarmendu ditugun ekitaldiak. Baina gehiago ere badira. Oskar Alegriaren Emak Bakia filma, Ander Lipus eta Patricia Urrutia aktoreen Hozkailua antzezlana, Aztarnak argazki erakusketa, Kukai dantza taldearen emanaldia, film laburren proiekzioa… Eskaintza zabala da. Xehetasun gehiago, esteka honetan.

Marabilli2017_Egitarau-1

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)