Albisteak

Paneroren "Mississipiko croupierraren kanta"

Asteazkena, 2014-03-12

Martxoaren 5ean hil zen Leopoldo Maria Panero poeta. Armiarma.com-ek bere lau poema jarri zizkigun irakurgai berehala, Josu Goikoetxeak euskaraturik. Jarraian irakurri dezakezuena Asier Sarasolak igorri digu, "Mississipiko croupierraren kanta".

MISSISSIPIKO CROUPIERRAREN KANTA

 

 

Asko erretzen dut. Gehiegi.

Erretzen dut denbora higatzeko, eta batzuetan irratia entzuten dut,

eta bizitza nola badoan aditzen dut irratia entzuten banengo bezala.

 

Asko erretzen dut. Hor dira, hautsontzian,

ideiak eta poemak eta ez

dauzkadan adiskideen ahotsak. Eta

ahoa daukat odolez lepo,

eta odola darit garezurreko pitzatuetatik

eta nire arimak odol-zaporea du erabat,

odol freskoa, auskalo zerri-odola edo naizen gizakiarena den,

emakumeek eta haurrek sastakatutako nire arima osoan;

mugitzen dira xalo, baldar, jada

badakidan bizitza honetan.

 

Bat-batean haztatzen dut nire bularra, urduri,

eta ez dut bihotzik sumatzen. Ez dago,

inork ez dauka bihotz deitzen duten hori,

ez bada alkoholean, edaten dudan odol

horretan, Kristoren odola den horretan,

munduan ez den odol bakarra,

programatutako gaizkia bezalakoa dena, edo

bizitzaren fabrika bezalakoa, edo

nor den ahaztuta dagoen eta hala ere bizitzen darraien jostuna bezalakoa,

edo erlojua da eta orduak aurrera doaz.

 

Haztatzen ditut, urduri, nire begiak eta oinak eta hatz lodia

sartzen dut begian, eta zikin nago

eta kiratsa dario nire bizitzari.

Eta bizi dudana amesten dut, eta izenik izan badudala

eta ipuin honek egiatik baduela,

nire begiek salatzen duten absurdu hori,

eldarnio hori Veracruzen, eta herri hau

benazkoa dela, Infernuaren gisako leku hau,

Espainia esaten dioten hau, entzuna diet

hildakoei Infernua

hau baino hobea dela, eta antzekoagoa.

 

Neure artean diot Pessoa naizela, Pessoa Alvaro de Campos zen ber gisan,

neure artean diot mozkorra egotea dela bizitza

osoan ez egotea, dela

bizitzaz hordi egotea, ez herioz mozkortuta,

beste odol bat dela, ez

dela lodi hori, teilatuan eta hormetan

eta bizitzako zuloetan barrena datorrena.

Ez baitago beste komuniorik,

ez beste espasmorik, ardoaren hau izan ezik,

ez beste sexurik, ez emakumerik

ezpainak musukatzen dizkidan baso bete alkohol hau baizik,

baso bete alkohol hau bakarrik,

garunean, oinetan, odolean daramadana,

baso bete ardo beltz edo zuri,

edo ginebraz edo ronaz edo dena delakoaz bete hau

-ginebra eta garagardoz betea, kasu-,

hain da haurtzaroaren legezkoa, izan ez baita

ihesaldi, aldentze, eldarnio,

egiazko bizitza bakar eta litekeen guztia baizik,

eta berriz heltzen diot kopari, bizitzari lepotik bezala, eta norbaiti

esaten diot beharbada

hor dagoela jainkoen bizitza,

eta batzuetan Cain naiz, eta beste batzuetan

whiskya galanki edaten duen poker-jokalaria, eta beste batzuetan

izanda nagoen ezkosari-ehiztaria,

alabaina, nire kontu hau Gaztaroko txori eztia hartan bezala da;

ezkonsari-ehiztari eder eta alkoholiko bat, eta beste egun batzuetan naiz

hiltzaile lotsati eta psikotiko bat, eta beste batzuetan

auskalo noiztik hilda dagoen bat,

auskalo zein hiritan, marinel mozkorrak lagun. Badira

nirekin akordatzen direnak, kopa eskuan dutela

diote, asko hitz egiten dute,

esaten dute izan izateko

nork bere buruari ezin diezaiokeela esan

ezer hoberik Wittgensteinen proposizio bat baino,

ardoa odolean eta bizitzan gora datorrela.

Edo, bestela, naiz ispiluaren galeriatan galdutako norbait

neskalagunaren bila. Eta beste batzuetan

plan perfektua duen Abel naiz,

bizitza erreskatatu, eta gizakia lehengoratuko duena,

eta batzuetan negar egiten dut ez naizelako esklabo

beltz bat hegoaldean, negar betean

plantazioen erdian!

 

Hain da ederra gainbehera, hain sakona,

ezagunak zaizkit bere kolore guztiak, da

sinfonia baten modukoa akaberaren musika,

beste munduan jotzen duten musikaren modukoa,

eta dagoeneko ez dut odolik zainetan, alkohola baizik,

odola dut mozkor begiotan,

eta odolak hartua arima, botaka egin izan banu bezala,

eta arima okatzen dut goizetan,

gau osoa zin egiten igaro ondoren

gomazko panpina baten aurrean, izan Jainkoa badela.

 

Idaztea, Espainian, ez da negar egitea, edatea da,

kale kantoian hiltzeari amore

ematen ez dionaren amorrua edatea, edatea

eta biraoak esatea, Espainia iraintzea,

jainkorik ez duen herrialde hori,

baina jainkoen estatuak dituena, da

edatea organo-musika dagoen elizan,

da mozkorraren mozkorraz jaustea errezitaldietan, eta ardo

beltzaren eta odolaren orbanak, eta Le livre de marques, Rémy de Gourmontena,

jaustea blai, lerde-jario eta ergel eta

behera etortzea zuhaitzak bezala berbena kultural

honetako faroltxoen aurrean. Espainian idaztea da

odola edukitzea ezer eta inor justifikatzen ez duen zoramenaren alkoholez

gainezka egitear, ez dagoela itzalik

hasieran zeudenetik batere.

Eta hiltzean esatea, noiz eta

ahoan eta buruan suizidioaren lerdea dudanean,

oihu egitea itzalei, hainbeste eta

espektroentzako paradisu honetako mamu direnez,

eta basoan ikusi ditudan oreinei ere bai,

eta txoriei eta otsoei kalean eta

kantoi guztietarik zelatan daudenei.

Fifteen men on the Dead Man's chest

Fifteen men on the Dead Man's chest

Yahoo! And a bottle of rum!

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)