Albisteak

Paseoak literaturan

Ostirala, 2018-03-16

Ibili. Ibili norabiderik gabe, presarik gabe. Denbora galtzen ikasi. Zeharkatu eguneroko paisaiak, haiek zeharkatzea beste helbururik gabe. Egon normalean erreparatzen ez diezun xehetasunei beha. Geratu normalean hitz egingo ez zenukeen norbaitekin hitz egitera. Nolako bazka izan daitezke paseoak literaturan?

Paseoa. Bizimodu osasuntsuei buruzko gida gehienetan topatuko duzu ibiltzeko aholkua. Kirol posibleetan errazena, korrika egitearen atarikoa, aukera edukiz gero jarraikortasunez egin beharrekoa. Denbora hartu denbora galtzeko, buruarentzat ariketa ere izan daiteke. Bidaia epikoen kontakizunetik honantzago, literaturak ere eskaintzen du paseoen oihartzunik. Ibiltzeak, ez pentsatzean pentsatzen direnak, idatziz jaso izan dituzte idazle askok. Ibiltzea ekintza xume izateaz gain, buruko ertzak martxan jar ditzakeen seinale akaso.

Azkenaldiko euskal literaturako paseo batzuk

Ez da soilik ibiltzea bera. Norekin ibili baizik. Non ibili baizik. Eta begiradak denboraren betaurrekoekin ikusten duena, orainaren paisaietan ehortzirik iraganekoak. Eta noski, iragan uneak, eta iraganean izan garenak. Gu orduko hauek narrazioa ematen dio titulua Garazi Arrula Ruizen azken liburuari.

“Ahizpak aspaldian ez zion deus eskatzen, eta, goiz hartan, elkarrekin paseatzera joateko esan zion.”

Bertan bi ahizpek ibilaldi bat egingo dute elkarrekin, aspaldiko partez; haietako bat kanpoan bizi da, norabide ezberdinak hartu dituzte haien bizitzek. Baina abiatu dira, Tafallako inguruak zeharkatu dituzte.

“Iruditu zaio ahizpak atsegin hartzen duela gidari lanean. Arin dabil, ordea, ohituta dago ibiltzera; tira, ez ibiltzera, bera hirian ere nahitaez ibiltzen baita, baina ibiltzera ateratzera dago ohituta, eta horrela dabil ahizpa: zalantzarik ez du egiten urratsetan, zirt-zart, aldeetara begiratu ere gabe -hain du ezaguna-, ez bada berari zerbait erakusteko.

Etxebizitza garaiak eraiki dituzte, guztia dago asfaltatuta eta kaleargiak baino ez daude, inora ez daramaten bideak, etxebizitza berriak eraikiko dituztela iragartzen duten panel handiak orubeetan. Hutsik daude etxeak, paseanteak baizik ez dira han paseatzen.”

gu-orduko-hauek tx

Bidaia honetan gidatuko gaitu abilki egileak, eta bidaia ustez xume honen baitan ahizpa bien barneak sentitzen duen mugimenduan, eta mugimendu ezak. Bizitzaren norabideak, eta norabide ezak:

“Isilik daude, zain dago ahizpatxo. Pentsatu; herri batean gaude eta bakea baizik ez ote da gertatzen? Pentsatu. Zeren bakea ez da deus ez gertatzea, ala bai? Bakean egotea ez litzateke, ba, nobedadea, gure Herri santu honetan? Aspergarria da bakea. Ahizpatxok asperdura faltan du, agian. Bakea zer da ba. Asperdurari aurre egiteko, gaztetan munduko bolari begira pasatzen zituzten arratsalde euritsuak, elkarrekin nora joanen ziren, non biziko, orain hemen, gero han, Willy Fogen antzera haiek ere munduari bira emanen ziotela erabaki zuten Verne bat bazenik ere ez zekitenean. Inoiz ez zuten herria bizitokitzat hartzen hitz-aspertu haietan, eta batez ere inoiz ez zuten irudikatzen bata bestea gabe ibiliko zirela.”

Etxeko txakurra lagun

Etxean txakurra dutenek ondo ezagutuko dute segur aski paseatzearen mundu sinple bezain “zirraragarria”. Txakurraren beharrek hartaraturik, masaje baten modukoa suerta liteke kalera ateratzea, eta txakurraren erritmora ibiltzea: txiza, usaindu, animalia txikiagoei adi egon, behar ez direnak jan, kaka ordua baldin bada, oihu bat edo beste jaso. Beste txakurren paseatzaileak topatu, haiekin hitz egin. Txakurren paseatzaileek lortu dute eguraldiari buruzko solasaldi zurrunak ordezkatzea, txakurrei buruzkoekin. Animaliek jabeen ohiturak hartzen omen dituzte, haien antza fisikoa ere hartzeraino zenbaitetan; hori esaten da, behintzat. Akaso txakurrek ateratzen dituzte paseatzera haien jabeak, eguneroko estresaren antidoto gisa.

Ondotxo daki hori Juan Luis Zabalaren Txistu eta biok liburuko protagonistak, egilearen alter egoa denak. Txisturekiko harremanetik tiraka, harekin kalera ateratzerakoan sortu une txikien katalogo zabal batekin, imaginario oso bat sortu du egileak: “txakurrarekin paseatzera irteten den gizon bati buruzkotzat jo daitekeena, gezur handirik esan gabe”.

Fikzioa eta nolabaiteko hari narratiboa txertatuz eguneroko moduko bat denari, atalez atal kulturaz gogoeta egiten dituzten kontakizun txikietan. Ez kasualitatez, kultur munduarekiko nekeak giatzen ditu protagonistaren gomutak, lotsarik gabe eta bera iraganean izan denarekiko erronkari, ironiko, kirolzaletasuna bere interesetan erdigunera pasa izana goretsiz. Ironia, eta batez ere, autoironia, eguneroko paseo xumeei tiraka.

txistu eta biok

Literaturan ez dago istorio handi edo txikirik, kontatzeko abilidadeak baizik. Paseatzea izan liteke horren adibide argi bat. Txistu eta biok liburuan, detailerik txikienek sortuko dizkiote egileari ezinegon unibertsalak, edo ironia partikularrak. Kultur munduari eginiko erreferentzia etengabeez gain, literatura bera izango du sarri gomutagai. Hauxe dio momentu batean:

“Idazle ugarik esaten du bere bizitzak ez duela aparteko interesik, eta horregatik ez dutela hartaz idazten. Ulertzekoa da hala pentsatzea eta hala adieraztea. Ez dut uste pose bat denik, edo postureoa orain esaten den moduan, eta eskertzen da apaltasuna. Baina ez zait guztiz zehatza iruditzen esaldia. Uste dut bizitza guztiak direla interesgarriak, asmatuz gero bizitza horietatik zer eta nola idatzi. Bere bizitza ez dela interesgarria esaten duen idazleak esan beharko luke, besterik gabe, ez zaiola berari pertsonalki, bere bizitza literatura egiteko interesgarri iruditzen; baina onartu beharko luke bere bizitza, beste edonorena bezala, interesgarria izan daitekeela, berez, literatura egiteko”.

Zergatik ez izan, bada, paseo bat literatura gai? Idazlearen begietara, bada gertakizun xumerik? Non datza konplexutasuna, umorea, absurdoa, ez bada begiradan bertan, ikusten den horren ulertezintasunean? Txistu eta biok liburuko protagonistak ez du bidaia luzerik egin behar gatazka guneeetara, guztiz harrigarriak eta asaldagarriak diren errealitate gordinak topatzeko:

“Duela hamar bat urte harritu eta durduzatu egiten ginen jendea zaborrontziak arakatzen ikusiz gero; are gehiago: normaltzat jotzen genuen zeregin horretan ari zenari laguntza eskaintzea. Baina gaur egun -Espainiako hiri eta eskualde batzuetan isunak jartzen omen badizkiete ere-, gure inguruan behintzat, zabor-miatzaileak gure eguneroko paisaiaren parte dira. Haien erosketetako gurditxo zarpailak pintzelkadaka pintoreskoak izan litezke edozein margolari kostunbristaren koadroetan, ion margolari kostunbristarik gelditzen baldin bada. Niri, ordea, ezinegona eragiten didate erosketetako gurditxo horiek; tetrikoak iruditzen zaizkit, mehatxagarriak. Corman McCarthyren The road eleberriko giro iluna ekartzen didate gogora, nahiz eta badakidan kontakizun apokaliptiko horretako protagonistak supermerkatuetako gurdi bat daramala berarekin; eta ez, gure zaborrak arakatzen dituzten errumaniar jatorriko ijitoek bezala, erosketetako gurditxo bat”.

Lanerako estrategia bat

Juan Luis Zabalak berak idatzi zuen Berrian “Libururainoko hobekuntza” artikulua. Bertan Harkaitz Cano idazlea eta bere konplizea, Gorka Arrese editorea elkarrizketatu zituen. Susako editore ezaguna izandakoak, honakoa aipatu zuen bertan:

“Idazlearen irekitasun horrek indartu egin du editorearekiko lotura. «Ez dugu beti testuan oinarrituta hitz egiten», dio Arresek. «Batzuetan, nobela baten tramari buruz ere hitz egin izan dugu, ahoz, nik testua irakurri baino lehen». Eta solasa aise doa Canok idatzitako testuaren eta Susak argitaratuko duen liburuaren esparrutik kanpoko kontuetara ere. «Urteetako konfiantzan oinarrituta, arteaz, musikaz edo literaturaz hitz egiten dugu, zer ikusi, entzun edo irakurri dugun azkenaldian, eta gisakoak. Niri ibilian hitz egitea gustatzen zait, ibiltzeak pentsatzen laguntzen duela iruditzen zaidalako, eta paseo batzuk eginak ditugu Harkaitzek eta biok, gauza askori buruz pentsatuz eta hitz eginez».”

Ibiltzea norabiderik gabe, norabideak topa zaitzan. Utzi burua aske, hitz egin guztiaz kezkatzen zaituen horretaz izan ezik, kezkatzen zaituen horrek bere kabuz egin dezan bidea. Akaso, ibili tranpa eginez; ibili, bidea atzeraka egingo zaren ustean. Twist liburua mintzo zaigun papurren bitartez:

— Berbaera berezia daukazu, zein da zure ogibidea?

«Bidean papurrak uztea. Zurea, txoriek papurrekikoak ez egitea, nik uste». Pentsatu eta esaten ez diren gauzak.

— Idazlea naiz.

— A, sortzaile bat...

«Sortzaile bat», esan du, nerabeen buru-ahulezia heldu baten baitan topatzen duenak bezala. «Erromantiko bat», esango balu bezala. Lehenago «gazte» ere deitu dio, berrogeiak oso paseak dituen arren.

Paseoa protagonista Robert Walserren liburuan

Robert Walser idazleak 1917an argitaratu zuen Der Spaziergang (Paseoa). Idazleak paseatzeko errutina hartu du, ibilbide bera egiten du aldiro, leku, egoera eta pertsonen erritual bat. Paseoa liburuan ez ohiko bidaia bilakatzen da, abentura bat kasik. “Paseatu gabe hilik nengoke”, dio egileak. Liburu honetan ere ez da falta metaliteraturarik:

“Hiriburu eta metropolietan berdea eta zuhaitzen apaingarri leuna, larre gozoen akzio ongilea eta apaingarria, hosto leun era delikatu ugariena, eta ez azkenik loreen usain gozoa, hau guzti hau nuen nik hemen. “Hau guzti hau”, esan nion neure buruari isilean gelditzen nintzen bitartean, “idatzi egingo dut gero antzerki obra batean edo Paseoa deituko dudan fantasia moduko batean”.

robert walser

Irakurleak ordurako esku artean duena, hain zuzen ere. Beste behin ere, begirada da gakoa. Walserren liburuan bai, natura eta gauza xumeak daude presente, bidean topatzen dituen pertsonen ezkutuko konplexutasunarekin talkan:

“Han eta hemen, lasaitasun eta geldotasun haren baitan, txori batek bere ahots alaia uzten zuen aditzen, bere ezkutaleku erakargarri eta sakratutik. Neu gelditu eta entzun egiten nuen, eta bat batean munduaren zentzuaren eta esker oneko sentsazio baten sentimendu garaiezina jabetu ziren nitaz, hari lotuta, arimatik bortizkeriaz bor-borka”.

walser

Liburu txikia da Paseoa, baina egilearen ahotsa ondo islatzen duena. Walserrek denbora tarte labur batez idatzi ahal izan zuen, 1904 eta 1925 urteen artean, herentziaz jasotako buru-gaixotasun batek eraso zuen arte.

“Nire puntualitatea maisulan bat da. Eta jakina da zeinen arraroak diren maisulanak.”

Bizitzaren edertasuna, gizarteko konbentzioen zentzugabekeriarekin talkan.

Paseoak beste arte diziplinetan

Zalantzarik gabe, ikerketa luze baterako gaia izan liteke, bere xumean, paseoa. Beste arte adierazpenetan ere topa liteke paseoen arrastorik. Urrutira jo gabe, Suitzako L’Alacran taldearen (Irungo Legaleon-T. Taldearen ondorengoa jo daitekeena) azken obran garrantzia handia dauka paseoak. La conquista de lo inútil du izenburu lanak, Werner Herzogen liburua gogora ekarriz. Obra horretan errepikatzen den leloa da, “maximo esfuerzo, minimo resultado”, eta artearen zentzuaz, denborarekin letorkeen entusiasmoaren galera dute mintzagai. Ezertarako balio ez duten gauza horien konkistan sar liteke paseoa, ibiltzea. Horregatik, emanaldia dutenetan goizez performance moduko bat eskaintzen dute, arratsaldean antzokian eskainiko duten antzezlanaren osagarri nahi duenarentzat: La deriva. Antzezlaneko aktoreek ibilaldi bat egiten dute izena ematen duten publikoaren kideekin, isilean egiten dute bidea, begirada ingurura zabalduz. Tarteka geldiune bat egiten dute, lekuan lekuan egile ezberdinen testuak irakurriz.

la-conquista-02Publikoa paseatzen L'Alakraneko aktoreekin, 2017ko Eztena jaialdian

Zineman ere, kamerek sarritan jarraitu izan diete paseoetako solasaldiei, dialogoetan oinarritutako eszenei mugimendua eta akzioa emanez. Aztertzeko adibide interesgarria izan liteke, kasu, Richard Linklaterren trilogia ezagunean azaltzen diren paseozko eszena ugariak: Before Sunrise (1995), Before Sunset (2004) eta Before Midnight (2013). Pelikula hauetan bikote baten bilakaera kontatzen da, hamarkada banatan grabatutako filmeekin. Ondoren egindako Boyhood ezagunean ere jokatu zuen denbora errealaren eta fikziozkoaren zentzu performatibo batekin.

Aipatu trilogian paseoetan zehar ematen dira protagonisten arteko solasaldi luzeak: Budapest, Paris, Grezia… bertako paseo batekin agurtuko dugu erreportaje hau:

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)