Albisteak

Pello Añorgak eta Jokin Mitxelenak irabazi dute Etxepare Saria

Munstroek pixa egiten dute ohean albumarekin nagusitu diraAsteartea, 2015-06-30

Pello Añorgak eta Jokin Mitxelenak aurkeztu duten Munstroek pixa egiten dute ohean albuma izan da 2015eko Etxepare Sariaren irabazlea. Aipatzekoa da Añorgak eta Mitxelenak Etxepare saria irabazten duten bigarren aldia dela. Epaimahaikideen esanetan, "unez une eta lerroz lerro puzten eta puzten doan beldurra barre algara eta lasaitasun bihurtzen da, azkenean. Testua eta irudiak elkar josita datoz, jolasa motor eta emozioa kide direla. Musika darie hitzei eta bizia irudiei".

Etxepare Sarian 18 lan aurkeztu dira aurten. Sari bakarra eman da: 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan. Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, datorren udazkenean.

Patxi Zubizarreta eta Yolanda Arrieta idazleek eta Mikel Valverde ilustratzaileak osatu dute epaimahaia eta euren esanetan, "irudien plano eta perspektiba aldaketa bat datoz testuaren erritmoarekin. Garatzen doan kontaketari aniztasuna eta interes bisuala eransten diote". Era berean, Piztiak bizi diren lekuan Maurice Sendaken obra klasikoari keinu egiten dion lana dela ondorioztatu du epaimahaiak.

Etxepare2

Gaur eguerdian egin da sari banaketa. Irudian, irabazleak, antolatzaileak eta Pamielako ordezkaria.


Album ilustratuen arloan, erreferentzia nagusia

Nafarroako Udaletako Euskara Zerbitzuek, Nafarroan literatura sari esanguratsu baten hutsunea zegoela ikusirik, eta, beraz, literatur lehiaketen alorrean erreferentzia izanen zen saria sortzeko xedearekin, Etxepare sariak antolatu zituzten 2004an. Etxepare sariek haur, gazte eta helduentzako literatura saritu zuten bi ediziotan.

2006tik aurrera, Etxepare haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen, euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin. Izan ere, euskaraz argitaratzen diren album gehienak itzulpenak dira, eta ez euskaraz sortuak. Euskarazko album sorrera bultzatzen duen beka edo lehiaketak urriak dira, eta, alde horretatik, ekimen berritzailea dugu hau.

Bestalde, albumak dituen ezaugarriengatik garestia da bere produkzioa. Argitaratzeko zailtasun hori bihurtzen da, hain zuzen, albumak sortzeko oztopo nagusi. Beraz, Etxepare sariaren helburuak betetzeko ez da nahikoa saria ematearekin, lanak argitaratzen ere lagundu behar da. Horrela, saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratzen du.

2009az geroztik Etxepare beka izateari utzi eta saria bilakatu da. Horiek horrela, lehiatuko diren albumak bukatuta aurkeztu beharko dituzte lehiakideek.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)