Albisteak

“Pertsonaiak testigantzarrak dira jaiotzez, baina hazi eta bizi fikzioan egin dira”

Osteguna, 2018-03-01

Sexua, drogak eta rock and rolla. Jaia eta borroka. Zaldia eta HIESa. Zaldi mamarroa (Elkar) Ekaitz Goienetxearen lehen nobelari 80ko hamarkadaren oihartzuna dario.

80ko hamarkada eta gaurko garaia, hiria vs. herria, gordina eta zikina... Ekaitz Goienetxeak garai, kontestu eta aldarte ezberdinak uztartu ditu bere lehen nobelan. Xabier Mendiguren editoreak adierazi duenez, hainbat ahotsez osaturiko lan korala da Zaldi mamarroa (Elkar). Bermeon bizi den idazleak dokumentazio lan mardula egin behar izan du. Ez zuen garai hura ezagutu eta herriko lekukotzak jasotzeari ekin zion. Ondoko bideoan azaltzen duenez, nobelako pertsonaiak "testigantzarrak dira jaiotzez, baina hazi eta bizi fikzioan egin dira”.


80ko hamarkadaren oihartzuna

Nobelako trama aspalditik zuen buruan baina Igartza Beka Sariari esker gorpuztu ahal izan du aspaldian errotan bueltaka zeukan ideia. Lan handia izan dela aitortu du gaur Donostiako Elkar dendan eskaini duen prentsaurrekoan.  Besteak beste, heroinaren kontsumoari lotuta egon zen belaunaldi hura islatu du nobelan.


 Berezko erritmoa 

Idazketari ekin eta berehala, erritmo edo doinu jakin bat hartu zuen tramak. Ondoren, gauza asko aldatu edo egokitu dizkio nobelari, baina erritmoa bere horretan mantendu du. "Uste dut hori neure zera bat dela, tarteka testutik burua altxatu eta pentsatzen hasten den irakurlea naizelako", hedabideen aurrean aitortu duenez. Azalpen osoa duzue ondoko bideoan:


Igartza Beka Sariaren deialdi berria

Gaurko prentsaurrekoan, Igartza Sariaren deialdi berri bat iragarri dute. Aitor Aldasoro Iturbe Beasaingo alkateak aditzera eman duenez, 35 urte azpiko idazleek har dezakete parte. Saria 6.000 eurokoa da eta lanak aurkezteko epea ekainaren 30ean amaituko da. Sariketa honetan, Beasaingo Udalak Elkar eta CAFen laguntza jasotzen du.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)