Albisteak

Peru Iparragirreren hirugarren eta azken kronika: abenduak 9

Astelehena, 2018-12-10

"Bestondoa ere izan ohi da igandea, eta Durangoko Azoka ez da salbuespen, jendearen neke eta aje aurpegiak ikusi besterik ez zegoen". Peru Iparragirrek azken kronika igorri digu Durangotik. "Ohikoa izaten da Azoka ostean gaixotzea, gaur birritan edo hirutan entzun dut, eta agian bada Palentino sarreran errekatik datorren haizearen korronte fin bezain zitalarengatik, edo gogo-gorputzak muturrera eramateagatik auskalo zeren mesedetan".

Azokaren bestaldea eta bestondoa

Bestaldean hasi dut gaurko eguna, sasi-saltzaile, Susaren standean. Kronikak irakurri dituen edonor ohartuko zen honezkero badudala lotura Susarekin, lehendik ere ez bazekien inork. Hauxe argipena: Azokara etorri nintzen lehen aldian Susako jendearekin etorri nintzela esango nuke, benetan oker ez badabilkit honezkero oroimena, eta geroztik etorri naizenetan ere, gehienetan, Susako standa izan dudala pied-à-terre eta lantoki; halaxe izan da aurten ere, gaurko egunean, behintzat.

Bestondoa ere izan ohi da igandea, eta Durangoko Azoka ez da salbuespen, jendearen neke eta aje aurpegiak ikusi besterik ez zegoen. Goizean dutxatik atera eta ispiluari gandua kentzean ohartu naiz neke aurpegiaren kontu honetaz, ez pentsa, baina Landakora sartu eta berehala egiaztatu ahal izan dut ustea. Bart Anestesiak kontzertua eman zuen Plateruenan, eta gaur anestesia beharko zuen batek baino gehiagok eguna irauteko, eta ibuprofeno batekin konformatu behar.

Bezperaz aritu da jendea hizketan, konturatzerako joan zaigun asteaz. Aurtengo Azokak bost egun iraun ditu eta bost egunetan lan-aste bat kabitzen da izatez, eta agian baita bi ere. Gaur da eguna saldu gabe geratu diren liburuak, diskoak eta abarrak atzera kaxetan sartu eta autoan edo furgonetan biltegietara itzuli direnak. Bizkitartean asteburuari azken orduak zukutzen aritu da jendea, Azoka iraupen jokoa balitz bezala, azken bueltak ematen Landakori, liburuak biltegietara nola etxera itzultzea berandutzeko ahaleginean bezala.

Gaur ez naiz ezein ekitalditara joan, goiza eta eguerdiaren zati bat eman dut bestaldean, liburuak diruagatik aldatzen, eta salmahai osteko lana amaituta bazkaltzera joan gara, Abadiñora, eta berandu joan garenez are beranduago itzuli gara handik. Arratsaldea ondo abiatuta egin dugu azokaren buelta, gauzak erosteko probestu dudana. Astean zehar osatutako zerrenda jarraituz egin dut standetik standerako bidea, eta, tartean kajerotik pasatuta, bidean topatutako gauza interesgarri batzuk ere erori dira nahitaezko telazko poltsara.

Gaurkoak niretzat ohikoagoa den azoka oroitarazi dit: Ahotsenean huts, Plaza Nagusira gerturatu ez, eta zer esanik ez Kabi@z, Irudieneaz, Szenatokiaz, Saguganbaraz... —pena dena, bide batez, egitaraua ezin interesgarriagoa izan baita oro har aurten ere, baina ezin guztia egin—. Landakon beharrerako eta erosi beharrekoak erosteko baino ez naiz egon. Atzo eta asteazkenean, kronikaren aitzakian ibilbide normalagoa egiten ahalegindu nintzen, liburu-aurkezpen eta solasaldietara gerturatu nintzen, kontzertu interesgarriak ikustera joan, nahiz eta ekitaldi guztietara —edo gehienetara— joatea ere ezinezkoa den eta hautatu egin behar den. Azokaren beste aldea ere hori dela uste dut, badagoela jendea publiko gisa datorrena, jendea sortzaile gisa datorrena, jendea erosle gisa datorrena, jendea saltzaile gisa datorrena, baina batez ere badagoela jendea publiko gisa, sortzaile gisa, erosle gisa eta saltzaile gisa / langile gisa datorrena, eta Azokari dagozkion identitate zatikatu horiek ez direla beti kudeatzen errazak.

Bost egunean lan-aste parea kabitzen da, esan dut, eta ez da makala azokan langile dabilen jende kopurua. Makala ez dela esan dut baina izugarria dela esan beharko nuke. Zaila izan daiteke Durangoko Azokaz aritzean ertz guztietaraino heltzea, Azoka hitzetan eta iritzietan agortzea, hain da zabala, hain da askotarikoa, aurten antolakuntzak berak ere azpimarratu duenez, ihes egiten baitigu esku artetik, azken bisitari zalantzatiek ekoizpenak eta trepetak jaso artean Landakoren ateak zeharkatzen bezala, gogogabe ihes Azokaren izaera poliedrikoak. Burbuila asko elkarbizi dira Landakon, eta standez ere ari naiz, Ahotsenearen bi guneak, Kabi@, Irudienea, Plateruena, Szenatokia ere burbuilaleku apartak baitira, xaboi-uretan bustitako burbuila-sorgailuari bezala egiten dio putz haizeak azoka hasieran eta etengabe ematen ditu musika-taldeak, idazleak, ikus-entzunezko ekoizpenak, taulagainekoak, liburuak, proiektu askotarikoak... Baina beste burbuila batzuk ahazten ditugulako irudipena izan dut gaur. Kultura zerk sostengatzen duen eta nola sostengatzen duen, prekarioki sostengatzen badu ere, garrantzitsua baita.

Igandea bestondo eguna izatez baina gaurkoari astelehen traza ere har ziezaiokeen, kazetariak eta antolatzaileak balorazio eske aritu dira, zerbait amaitu da baina dolua egin aurretik dagoeneko beste nonbait jarri dugu begirada guztiok. Zerbait gainditzearen euforiak ere hartu du gaina momentu batean, azken jende apurra Artekalen, Goienkalen eta Barrenkalen zehar azken pausoak ematen ari zirela, megafoniatik eremua desalojatzeko abisua pasatzen zuten artean.

Dolurik gabeko balorazioa irizpide komertzialetatik egin ohi da: ona da jende asko etorri izana, are hobea etorri den den jende horri asko saldu izana. Ariketa eginez gero, salgaietatik bista altxatzeko eta ez bakarrik sinadura bat edo prezioa galdatzeko, langileak ikus daitezke, eta baloraziootan apenas aipatzen diren langile horiek, baldin eta aipatzen badira ere, ekuaziotik kanpoko zerbait da hori, saltzen den horren kalitatea bezala, edo saldutako horrek gizartean duen inpaktua bezala —inpaktu ekonomikoaz gaindi—.

Denetarik egon ohi da salmahaien ostean, boluntario asko proiektu editorial edo diskografiko konpartituen bueltan, langile kontratatuak dira beste asko, zeren eta sortzaileak eta kultura ondo daude baina Azoka enpresena baita beste inorena edo ezerena baino gehiago. Asko dira, era berean, sortzaileak eta egileak euren lana plazaratzeko bost egun hauek auskalo nondik atera eta astea Azokan pasa dutenak.

Zortziak jotzerako dagoeneko materialaren mugimendua entzun zitekeen, liburuak, diskoak eta abarrak atzera kaxetan sartzen, hormetatik apaingarriak kentzen, jendea pittinka azoka-eremutik ateratzen. Txaloak entzun dira Azokako lantaldeek talde-argazkia atera eta aurtengoa amaitutzat eman dutenean. Datorren urteko datak ere eman dituzte. Urtebete barru berriro beteko da Landako euskal kulturaz, baina, batez ere eroslez eta saltzailez, sortzailez eta kontsumitzailez.

Hau guztiau zera esateko, eta gaur labur utziko dut kontua, bestaldean hasi dudala gaurko eguna, aurreko urteetan ere egun gutxi batzuetan egin bezala, liburu-saltzaile edo, eta gomutarazi didala Durangoko Azoka hori ere badela, batez ere hori dela, saltzea, eta liburuak eta diskoak eta egutegiak eta harpidetzak eta haurrentzako jostailuak ez direla euren kabuz saltzen, makina bat langile ari dela bost eguneko maratoia esprint erritmoan korritzen, eta ez direla makinak. Ohikoa izaten da Azoka ostean gaixotzea, gaur birritan edo hirutan entzun dut, eta agian bada Palentino sarreran errekatik datorren haizearen korronte fin bezain zitalarengatik, edo gogo-gorputzak muturrera eramateagatik auskalo zeren mesedetan.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)