Albisteak

Poesia eta pentsamenduaren hamargarren hitzordua

Asteazkena, 2017-06-07

Poesia eta Pentsamendua jardunaldiak hamargarrenez antolatu dituzte Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso eta Pello Otxoteko poetek. Urteurrenaren harira, hitzordu bikoitza prestatu dute: gaur, Chillida Lekun, eta hilaren 12an, berriz, Donostiako Victoria Eugenian. Beste hainbat berritasun ere badakartzatea, tartean, argitaletxe berri bat. Margolana: Imanol Larrinaga

Arantza Urkia Donostia Kulturako ordezkariaren esanetan, hitzordu klasiko dira honezkero Poesia eta Pentsamendua jardunaldiak. Antolatzaileak ere oso pozik daude egindako bidearekin; hauxe esan zigun Aritz Gorrotxategik orain dela hilabete eskas: "Antolaketan hasi ginenean, ez genuen uste horrenbeste urte egingo genituenik. Urtez urteko filosofiarekin lan egin dugu. Pentsa, lehengoan ikusi genuen Gutun Zuriak ere 10 urte egin dituela. Jakina, guk ez dugu Gutun Zuriaren dimentsioa, baina, egonkortasunaren aldetik, esan daiteke poesiaren arloan bere lekua aurkitu dutela Poesia eta pentsamendua jardunaldiek, eta erreferente bat ere badirela. Hamaikagarrena egitea espero dugu, eta aurrera jarraitzea".

Izan ere, Poesia eta Pentsamenduaren 10. jardunaldiek programa betea dakarte. Lehenengo zatia Durangon egin zuten, Arte eta Historia Museoan, eta hainbat errezitaldi eta hitzaldi antolatu zituzten bi egunetan. Ekaineko saio hauek ere bi hitzordu nagusi dituzte.

Ekainak 7an, Chillidari gorazarre

Gipuzkoako Aldundiarekin eta Chillida Lekuren laguntzaz, Eduardo Chillida zenari omenaldia egiteko ekitaldi bat antolatu dute. 19etan hasita, Francisco Jarauta filosofoak hitzaldia eskainiko du, "Chillida y la experiencia del límite" izenburupean, eskultorearen eta Juan de la Cruz poetaren arteko loturaz. Ondoren, ekitaldi honetarako propio idatzitako poemak eta beren liburuetan jada argitaraturiko beste zenbait irakurriko dituzte Gorrotxategik, Juaristik, Makusok eta Otxotekok. Chillidari buruzkoak ez ezik, Chillidaren kontzeptuari buruzko poemak dira. Azkenik, Jon Makusok biolina joko du, Prokofiev eta Bachen obrak hain zuzen ere. Ekitaldia dohainik da, baina gonbidapena eskatu behar da; horretarako, jo ezazue Chillida Lekuren facebook orrialdera.

Ekainaren 12an, nork bere ahotsez

Hilaren 12an, astelehenez, hainbat poetaren errezitaldia antolatu dute ohi moduan, Victoria Eugeniako Club aretoan. Aurten, 6 poetak hartuko dute parte: Isabel Cadenas Cañón, Mireia Calafell, Beatriz Chivite, Tere Irastortza, Gerard de Jong eta Angeles Mora. Nork bere hizkuntzan irakurriko ditu poemak, jardunaldion antolatzaileek garrantzia eman baitiote betidanik nor beretik aritzeari. Ekitaldia dohainik da, eta sarrerak Victoria Eugeniako lehiatilan jaso behar dira, egunean bertan, arratsaldeko bostetatik aurrera.

Paperera jauzi

Poesia eta Pentsamendua jardunaldiaren antolatzaileek iragarri dute argitaletxe berri bat jarriko dutela martxan: Balea Zuria. Are, lehenengo urratsa egin dute jada: Chillidari gorazarre egiteko idatzi dituzten poemak bildu eta papereratu dituzte. Liburu hori gaur banatuko diete, opari, Chillida Lekuko errezitaldira doazenei. Argitaletxeari buruzko xehetasun gehiago aurrerago zabalduko dute, hala ere, prentsaurrekoan adierazi dute gabezia bat betetzeko helburuz ekin diotela lanari, besteak beste, euskal poesian lantzen ez den ildo bati tokia egin nahian.

Hamaikagarrenaren ostean, etena

Jardunaldiak antolatzeaz gainera, hainbat manifestu idatzi dituzte Poesia eta Pentsamendua taldekoek. Aurten ere halaxe egingo dute, eta hamaikagarren manifestu horrek (urte batean bi kaleratu zituzten) poesiaren eta iraultzaren arteko loturari helduko dio. Errusiako iraultzaren mendeurrera dela-eta aukeratu dute gai hori, eta aurki plazaratuko dute testua. Antolatzaileek prentsari jakinarazi diotenez, hamaikagarren manifestu horren ostean eten bat egitea erabaki dute.

Imprimir

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)