Albisteak

Poesia orduak Donostian

Larunbata, 2010-09-18

Irailaren 9an eta 10ean Poesia Orduak antolatu zituen Euskal Idazleen Elkarteak Donostian, Viktoria Eugenia Clubean. Laugarren aldia da hitzordu hau antolatzen dela, euskal jaien egitarauaren barruan, eta urtero publikoa ugaria izan da.

Aurtengoan ere bi poesia saio eskaini dira: 9an, ostegunarekin, Harkaitz Cano idazleak eta Beñat Barandiaran musikariak Sidecar arima errezitaldia eskaini zuten. Testu propioak aukeratu zituen Canok, eta literatur Textjockey-arena eginez beste egile batzuenak ere tartekatu zituen: Leonard Cohen, Leopoldo Maria Panero, Mario Benedetti...

Canok zuzenekoetan jendearekin komunikatzeko duen gaitasuna utzi zuen agerian. Aukeratutako testuek erraz eraman zuten publikoa, esaldi zuzen, argi eta sarri umoretsuek lagundurik. Beñat Barandiaranek egokiro girotu zituen hitzak, eta tarteka bere bakarkako uneetan musika estilo ezberdinak jorratuz baita jendea harritu ere, flamenko ukituekin zein metal doinu gogorragoekin.

10ean honezkero plaza batzuk ezagutu dituen ikuskizunaren txanda: Haragizkoa. Susak udaberrian kaleratutako Haragizko amoreak Omar Nabarroren liburuan oinarrituta dago, Nabarro berarekin batera Rafa Rueda eta Jaime Nieto musikariak eta Joseba Barrenetxea argazkilaria dabiltza lanean.

Nabarrok biluzte ariketa nabarmena egiten du emanaldian, Edorta Jimenezen laguntzarekin. Aurpegi beraren pean tartekatuko dira bien ala bien ahotsak, gorputzen biografiak erkatuz. Momentu intentsuak (Titanioa poemaren irakurketa) eta momentu hunkigarriak (Usainak amari buruzko poema, arrebari buruzko kanta) uztartzen dituen saioa egin zuten ostiralean, letretan barreiaturiko sagarrak eta erleak, ipurtargiak zein inurrien laguntzarekin.

Irudiak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)