Albisteak

Poetika 2018 zikloan, Jon Gerediagaren txanda

Asteazkena, 2018-06-13

Koldo Mitxelena Kulturunea da Poetika 2018 zikloaren egoitza. Hilean behin, errezitaldi bat antolatzen dute Areto Nagusian. Euskaraz nahiz gazteleraz, bertako eta kanpoko poetak deitu dituzte deklamatzera. Ostegun honetan, Jon Gerediagaren txanda izango da.

Poetika zikloan, hiru izaten dira oholtza gainera igotzen diren artistak: poeta gonbidatua, errezitaldia gidatuko duen gidaria eta emanaldia girotuko duen musikaria. “Poeta gonbidatuak haren olerkien irakurraldi librea egingo du. Poesia munduan aditua den batek poetaren aurkezpena egingo du eta haren poesia lanari buruzko nondik norakoak azaldu ditu”, Koldo Mitxelena Kulturunearen web orrian irakurri dugunez. Musikeneko ikasleek girotuko dituzte zikloko saio denak.

Martxoan hasi zen zikloa eta azarora arte iraungo du. Beraz, guztira zazpi emanaldi izango dira. “Poesiak ez du bere tokia galdu guztion topagune izan nahi duen etxe honetan”, antolatzaileek aditzera eman dutenez. Ostegun honetan, Jon Gerediagaren txanda izango da. Alex Gurrutxagak egingo ditu gidari lanak eta José Belda gitarrajoleak girotuko du errezitaldia.


Ekainak 14, osteguna

Arratsaldeko 19:30ean (euskaraz)

Poeta: Jon Gerediaga.

Gidaria: Alex Gurrutxaga.

Musikaria: José Belda (gitarra).

Jon Gerediaga (Bilbo, 1975) filosofia irakaslea da. Antzerkian ibilbide oparoa egindakoa bada ere, antzerkia baino lehenago poesia dago beti, eta gure artean diren poesia bideetan bide originalenetakoa agertu du Gerediagak argitaratu dituen lau poema liburuetan: Fitola balba, karpuki tui (2004), Jainkoa harrapatzeko tranpa (2007), Zentauro-hankak (2012) eta Argia, lurra, zuhaitza, zerua (2015), denak Pamiela argitaletxean. Ez da plazan agerpenak egin zalea.

Alex Gurrutxagak (Zarautz, 1988) Literatura Konparatua ikasi zuen Trentoko Unibertsitatean eta "Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak" Masterra egin du EHUn. Berria egunkarian kolaboratzen du literatura kritikari gisa 2012ko urritik, eta ‘Caravansari’ aldizkariko erredaktorea da euskal poesia sailean. Rikardo Arregi Saria irabazi zuen 2013an, Kazetari Berria atalean. Aspaldiko pasioa da Gurrutxagarentzat literatura. Euskarazko literatura solasaldiak gidatzen ditu Garoa liburu dendan, Zarautzen.


Argazkia: RTVE.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)