Albisteak

Sarah Kane: saminaren ahotsa eta gorputza

Asteartea, 2017-06-13

Antzerki idazkera garaikideak saminaren erretrato bortitz bilakatu zituen Sarah Kane dramaturgoak bere lanetan. 4:48 Psychosis haren azken testua izan dugu oinarri amu honetan, bere lanera gerturatzeko.

Ez duzu topatuko literatur antologietan (antzerki idazlea zelako?), ez antzerki egile ezagunenen alboan (emakumea zelako?), ez posdramaren azterketarik garaikideenetan (gordinegia zelako?). Eta hala ere bere eragina handia izan da, bere lanak taulara eramaten dira behin eta berriz, goiz hil bazen ere (buruaz beste egin zuen 1999an, 28 urterekin) bere lanek ezin hobeto islatzen dituzte testu eszenikoari dagozkion kezka garaikiderik nabarmenenak.

Gordintasuna, emakume gorputz hautsien agertzea, gaixotasuna edo suizidioa bezalako tabuak eztandaraztea, artearen arauei dagokionean transgenerotasuna. Sarah Kanek horiek guztiak bildu zituen bere lanetan, eta agian horregatik da egun ere ezinbesteko erreferentzia bat.

Ez dut lortzen maitasuna egitea

ez dut lortzen txortan egitea

ez dut lortzen bakarrik egotea

ez dut lortzen besteekin egotea

izterrak zabalegiak ditut

ez ditut gogoko nire genitalak

Hil aurretik idatzitako bere azken testua ikusi besterik ez dago: esaldien errepikapena, isiluneen erabilera markatzen da lehen unetik (absurdoaren eragina). Gordintasuna, irudi bortitzak, ezerosoak, higuina sor lezaketenak (edo ez): labezomorroz beteriko irudiak. Egungo jendarteriaren zauriak eta maitasun erradikalerako deiak islatzen dituzten ahotsak: hermafrodita zaurituak.

Ez dago pertsonaien ahots definiturik. Testuak ideiak, kontzeptuak, emozioak adierazten ditu, ez argumentuak, ez arrazionalki eta aldez aurretik zedarrituriko pertsonaiak. Depresioa ikaragarriro eta gupidarik gabe islatzen duten hitzak, esaldiak, ahuenak. Depresioaren barrutik heriotzaren aurreko azken ahalegina izan zen antzezlan hau, azkena. Bera hil ostean bidea egiten hasi zena, bere kabuz.

Diotenez, 4:48 da suiziden estatistiketan gehien errepikatzen den ordua, orduan delako aurreko gaueko farmakoek efektua egiteari uzten dioten ordua. Samina. Medikazioa. Samina. Heriotza. Bizitza. Medikazioa. Samina. Hipokrisiaren salaketa. Lotsa. Medikuak. Besteak. Lotsa. Idazkeran, definitu gabeko ahots baten, edo ahots batzuen, bakar-solas hautsiak. Tarteka dialogo batek zeharkatuko du bakar-solasa, zati hauetan ere ahotsak definitu gabe. Aktoreen esku egongo da hitz hauei forma bat ematea, gorputz batzuk edo bakarra, ahots batzuk edo bakarra.

(Isilune luze bat).

-Zoriontsuak ez diren pertsona guztiak mesprezatzen dituzu, edo ni bakarrik?

-Ez zaitut mesprezatzen. Ez da zure errua. Gaixorik zaude.

-Ez da egia.

-Ez?

-Ez. Deprimitua nago. Depresioa amorrua da. Egin duzuna da, han zegoena eta nori botatzen diozun errua.

-Eta nori botatzen diozu errua?

-Neure buruari.

Literatur munduari kritika, kontraesana dirudien arren zauriengatik maitatua izatea, artikulu hau bera, guztia aurreikusi zuen testu honetan:

Hilik daudenentzat idazten dut

jaio ez direnentzat

4:48 ostean ez dut berriro hitz egingo

Eta maitasuna, eta zauria, eta maitatua ez izatea, eta zauria, eta maitatua ez izatea norberak nahi lukeen bezala:

Uste duzu posible dela okerreko gorputzean jaiotzea?

Uste duzu posible dela okerreko garaian jaiotzea?

Artaudek zioen gizarteak suizidatu zuela Van Gogh. Nork suizidatu zuen Sarah Kane?

Moztu iezadazue mihia

atera iezazkidazue errotik ileak

anputatu gorputz-adarrak

baina utz iezadazue maitasuna

nahiago nuke hankak galdu izana

hortzak atera izana

begiak erauzi

maitasuna galtzea baino

sarah kane

Sarah Kane (Essex 1971, London 1999).

Gaztetatik agertu zuen arlo eszenikoarekiko interesa, gaztetan zuzendari jardun zen talde amateur batean. Arte dramatiko ikasketak egin zituen; hasiera batean aktoretzara eta zuzendaritzara zuzendu zituen pausuak, baina berehala idazketarantz gerturatu zen.

1994an Sick izeneko bere lehen lana idatzi zuen, bakarrizketen trilogia bat. Bertako ardatzak bortxaketa, bulimia eta sexua ziren. Gai hauekin batera samina, krudelkeria, tortura eta maitasuna izango dira bere lanaren ardatzak.

Depresioak jota egin zuen buruaz beste.

Bere obrak:

Blasted (1995)

Phaedra´s Love (1996)

Cleansed (1998)

Crave (1998)

4.48 Psychosis (1999)

Gidoia:

Skin (1995eko film laburra)

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)