Albisteak

Silvia Federici plazara

Ostirala, 2017-12-29

Aurten Silvia Federiciren bi lan heldu zaizkigu plazara euskaraz: Katakrak liburu dendako argitaletxeak pasa den astean aurkeztu zuen Soldataren patriarkatua, eta Durangoko Azokaren aurretik Jakin/Elkarrek Caliban eta sorgina, Eskafandra bildumaren barruan.

Pasa den irailean Iruñean izan zen Silvia Federici, eta arrastoa utzi zuten bere esanek. Orain euskaraz sakondu dezakegu bere lanean, Katrakrak-ek eta Jakin/Elkarrek plazaratutako lanei esker. Jarraian dituzue erreferentziak:

Soldataren patriarkatua: marxismoari egindako kritika feministak

Itzultzailea: Amaia Ostobiza Uriarte.

 

soldataren patriarkatua

Sinopsia:

Esku artean duzun liburu hau Silvia Federici-k 70. hamarkadatik honera idatzitako artikulu sorta batek osatzen dute. Denek dute gauza bat komunean: marxismoari analisi sakona egiten diote ikuspuntu feministatik, ulertuz teoria marxistak ezinbestekoak izan direla feminismorako. Bost testuek badute osotasun bat sortzeko beharrezkoa den berezitasun propioa, osagarri egiten dituenak. Marximoari sakontasunez begiratzen dioten artikuluak badaude, ikuspegi historikoa azaltzen dutenak, aktibismo feministak «emakumeen lana»ri emandako erantzunak aurki ditzakegu, baita 2017an Federicik garatutako azken ideiak ere bai.

Caliban eta sorgina: emakumeak, gorputza eta metatze primitiboa

Itzultzaileak: Edurne Lazkano eta Aitor Arruti.

caliban eta sorgina

Sinopsia:

Caliban eta sorgina, Silvia Federici: Garapen kapitalistaren genealogia bat, Erdi Arotik gaur arte. Eta bide horretan, sorginkeria egotzitako milaka emakumeren gorputzak. XVI. eta XVII. mendeetako Europako eta Mundu Berriaren kolonizazioko sorgin-ehizek funtsezko rola bete baitzuten kapitalismoa abian jartzeko. Horixe Silvia Federiciren lan honen ardatzetako bat: deabruaren aurka borroka egitearen izenean, harreman kapitalisten aurrerabidearekin bat ez zetozen subjektu eta praktiken mundua suntsitu zuten. Soldatapeko proletariotza osatzeko, lurrak itxi behar zituztelako; eta ezinbestekoa zutelako erreprodukzio lana debaluatzea, emakumeen gorputza eta erreprodukzio gaitasuna lan indarra ekoizteko makina bihurtzea. Merkatuaren agintaritza nagusi den honetan ere, emakumeak ari dira garestien ordaintzen. Emakumeen gorputza kontrolatzeko ahalegina urratsak egiten ari da etengabe. Sorgin-ehizak ez dira iraganeko kontua.

Albiste honen uberan:

Elkarrizketa Berrian: "Etxeko lanak oso bakartzaileak izan dira emakumeentzat"

Silvia Federici ELEARAZI blogean

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)