Albisteak

Testuingurua

Astelehena, 2018-05-21

Pako Aristik euskal kulturaren kontsumizioaren inguruko inkesta izan du hizpide bere iritzi artikulu berrian: Testuingurua. Aurretik idatzi dituenak irakurr nahi izanez gero ere, "Sinadurak" atalean topatuko dituzue.

Hala zioen ´Berria´ko titularrak duela hiru hilabete: ´Euskaldunen erdiek baino gehiagok ez dute euskal kultura kontsumitzen´. Ikerketa baten sarrera zen, non ondorio pobre samarrak agertzen ziren gure kulturaren gizarteratzeari buruz. Ikerketak artikulu andana eragin zuen, tertulietan zer esana, eta nik, triste eta harriturik, ikusi nuen mezu orokor bat hedatzen zela ia parte hartze guztietan: euskal jendartearen erruduntasuna eta zigorkatzea. Hain neo-kolonialista den jarrera hori: zein herri eskasa garen, ez ditugula geure emaitza kreatiboak kontsumitzen.

Faltan bota nuen informazioa gure herriak jasan duen menderakuntza politikoaren testuinguruan kokatzea, mendeetan kultura baztertua, zokoratua eta debekatua izan garela, eta gaur ere hala garela aitortzea (ikus Torrealdairen ´Asedio al euskera´), bi inperio supremazista eta hegemonikoen erasoak jasan ditugula, konplexuak barneraino sartuak dauzkagula, gure interesak defendatuko dituzten erakunde propiorik gabe daramatzagula 700 urte, demografia gu integratzeko arma gisan erabili dutela estatu espainol eta frantsesak, eta botere politikoaren gabeziak sortutako errealitatea ezin dela norbanakoen bizkar bota, besterik gabe.

Oroitu nituen gai berari buruzko beste titular eta informazio batzuk. Adibidez: ´El Cervantes entierra la crisis y abre nuevas sedes´, non esplikatzen zen krisi garaian 85 milioi eurokoa bazen, soilik, bere aurrekontua, aurten 120 milioikoa izango dela, zeina oraindik oso urrun dagoen British Council-ek ingelesa bultzatzeko xahutuko dituen 700 milioietatik, edo Goethe alemaniarrak alemana indartzeko dauzkan 300etik.

Euskal Herrian, ostera, bost dira erakundeen lehentasunak: industria, etxegintza, ostalaritza, autogintza eta garraio-obra faraonikoak. Diru pila xahutzen da, baita ere: kiroletan, klase politikoaren bizitza pribilegiatuan, erakunde erraldoituetan alderdiek kokatuak dauzkaten lan zehatzik gabeko funtzionarioengan… eta euskal kultura non dago? Han, urrun, 187. postuan edo. Beraz, ez dezatela estatistikarik aurkeztu gehiago, inkestak gauzatu diren lurraldearen testuingurua esplikatu gabe.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)