Albisteak

Tomás Hernández Mendizábalen txanda

Asteartea, 2018-07-17

Tomás Hernández Mendizábal (Donostia, 1940) ibilbide luzeko artista da eta kartelgintza zein margogintza alorretan nabarmendu da bereziki. Bere lanen lagin bat aurkituko duzue egunotan Ilustratzailearen Txokoan: liburuak, diskoak, eskuorriak, kartelak, argazkiak eta aldizkariak.

Tomás Hernández Mendizábal kartelgile gisa nabarmendu da. 70eko hamarkadatik hona, Tolosako Inauterietako kartelak egin ditu. Donostiako Jazzaldian, Zinemaldian eta estropadetako kartel askotan ageri da bere sinadura. Horretaz gain, antzerki obren kartel eta esku-orriak ilustratu izan ditu.

Kartelgintzan aritzeaz gain, paisaien zuzeneko margolan ugari eginak ditu, horietako gehienak Donostiakoak. Eskultura eta argazkigintza abstraktuan ere aritua da. Euskal grafia, muralak, antzerki lanetako eszenatokiak edota maketak sortu ditu bere ibilbidean zehar. Aldizkari eta agerkari ugaritan ere kolaboratu zuen (besteak beste, Zeruko Argian) bere ilustrazioekin.


Kartelgintzatik haratago

Literaturaren alorrean, Gabriel Arestiren eta Mikel Zarateren liburuak ilustratu zituen. Haur Literaturari dagokionez, Ipurbeltz haurrentzako euskarazko komiki aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen, Antton Olariaga eta Jesús Lucas bezalako ilustratzaileekin batera. Berak sortu zuen aldizkari aitzindari honen izena eta logotipoa. 1977an hasi eta 2002ra arte aritu zen aldizkari honetarako komikiak sortzen.

Tomas

Aieteko Kultur Etxeko erakusketa iragarri berritan, Tomás Hernández Mendizabalek Euskal grafia (Erein) izeneko liburua plazaratu du. 1966. urtetik hona marraztutako 150 grafia bildu ditu lan honetan.


Sari ugari jaso ditu

Kartelgintza, margolaritza eta marrazketa alorreko sari ugari ditu eskuartean. Gipuzkoan bakarkako hamaika erakusketa egiteaz gain, hainbat erakusketa kolektibotan hartu du parte. Hernándezen arte lanak Donostiako San Telmo Museoaren, Granadako Arte Garaikideko Museoaren eta Alemaniako Wiesbaden Museoaren bildumen parte dira.


inauteriak

Ilustratzailearen Txokoa, Aiete Kultur Etxea (Donostia)

Erakusketaren iraupena:

Ekaina 12-Iraila 16.

 

Ordutegia:

Astelehenak eta jaiegunak: itxita.

Ekainaren 26tik aurrera irailaren 6ra arte: 10:00-14:00.

Larunbatak: 10:00-14:00 / 16:30-20:00. Igandeak: 10:00 – 14:00.

 

Aste Nagusiko ordutegia:

Abuztuak 11-19.

Ordutegia: 10:00-14:00.

Abuztuak 15, itxita.


Ilustratzaileen aterpe

2012an ireki zenetik hona, hauek izan dira Ilustratzailearen Txokotik igaro diren artistak: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalón, Jon Zabaleta, Belén Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Ińaki Martiarena “Mattin”, Ainara Azpiazu “Axpi”, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begońa Durruty, Dani Maiz, Lorena Martínez, Idoia Beratarbide. Orain Tomás Hernández Mendizábalen txanda da.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)