Albisteak

Urezko basamortu

Asteartea, 2018-03-06

Sinadurak atala martxan ipini genuenetik hona, hainbat lagunen idatziak jaso ditugu uberan.eus web orrian. Urezko basamortu izenekoa Aurelia Arkotxaren lehen iritzi artikulua duzue.

Amsterdam. 1927ko abendu hondarrean, asteazken arrats batez, Henri Michaux Guyaquilera eta Panamara doan Boskoop-en ontziratzen da. Parisetik aitzineko igandean zen atera, Eguberriz. Ipar-izarra ontzian heldu, bezperan, Amsterdamera. Arropa egokirik ez ukanez soinean, hango hotzak sesitzen du («Hotz honi frente egiteko soinekorik ez. Bere indar gehienak buruan, bularretan, besoetan kokatuak dituen pertsona ez da herrialde honetarako egina.»). Asteazken goiz horretan, Ekuadorrera enbarkatzeko tenorearen aiduru dagoela portuan, bere baitan berrikusten du bidean kurutzatu duen flamendiar kanpaina. Ezkiladorre zut-zutek meneratzen dituzten, «zerura buruz estaia bakar bat gehitzera menturatu ez diren, etxe apalak». Dio, bazter horri ez zaiola begiratzen ahal oroz dudatu gabe. Zerratua eta manatua den mundua. Bidaiariak irakurleari pasarazten dio bere gohaina. Hiru egun itsasontzian iragan ondoan: «Baina non ote da, delako bidaia?... Eta, delako bidaia, baina non ote?». Lau egunen buruan, ontzia bakartasunean «biziki ausart», «burgoi». Bidaiariak «Urezko basamortu handia» du inguruan. Bornuan denetik, egunak trebukatzen eta behaztopatzen zaizkio buruan, «Ea, zenbat egun abenduan, hogeita hamar ala hogeita hamaika? Zenbat egun itsasoan garela, bi ala hiru? Kontrako kalendrera den itsasoan? ». Elkar kaskatzen dira ere iragaileen hizkuntzak: «-Haben sie fosforos? -No tengo, caballero, but I have un briquet.». Urtarrilaren 6a: Boskoop «Atlantikoa trebesatzen duen itsu handi! Zaku batean bagina igual lirateke». Atlantikoan baitoa ontzia ezerezean balihoa bezala. Sagailo arina hausten duen sagailo gaitzaz kanpo, itsas-lantxurdaz kanpo, oldarkatzen eta lehertzen diren uhainez kanpo, branka zaflatzen duten ur-ukaldiez kanpo, iragan duten tenpesta bakarraz kanpo, eta arrain-hegalariez kanpo, «Deusik ez! Fitsik!». Urtarrilaren 10a: «Itsaso handi ez urtua». Ozeano solidoa. Urtarrilaren 13a, Curaçao, lehen geldigunea.

Argazkia: EKE.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)