Albisteak

Uztailaren 2an amaituko da Jaurlaritzaren kultura sorkuntza diru laguntzetara aurkezteko epea

Osteguna, 2018-06-28

Eusko Jaurlaritzak hainbat arte diziplinetan kultura sorkuntza sustatzeko diru laguntza deialdia zabaltzen du. Idazketarekin zerikusia dutenen artean, antzerkia, zinema gidoiak, gazteei zuzendutako euskarazko literatura testuen sorkuntza eta ipuinak eta eleberri motzak sortzea daude.

Hainbat arlo artistikoei begira zabaltzen du Eusko Jaurlaritzak kultura sorkuntza diru laguntzen deialdia: musika konposizioa, koreografia sorkuntza... Idazkuntzari dagokionez, hainbat arlotako deialdiak daude.

Zinema gidoigintza dago akaso literaturatik urrunen, baina badu bere deialdia. Antzerkirako testuen deialdiak teatro-testuei erreparatzen die dramaturgiari baino gehiago, literaturatik gertu beraz. Hiru laguntza plazaratzen dira gazteleraz eta beste hiru euskaraz. Antzezlanaren balizko laginaz gain, argumentuaren sinopsia, proiektuari buruzko azalpen-memoria eta tratamendu dramaturgikoa (lagina) bidali behar dira, egilearen ibilbide artistikoa azaltzeaz gainera.

Literatura

Literatur idazketari dagokionez, euskarazko sorkuntzara bideratutako bi laguntza deialdi daude:

Batetik, gazteei zuzendutako euskarazko literatura-testuak sortzeko diru-laguntzak. 12-18 urte arteko gazteei zuzendutako literatura-testuak sortzea da xedea. Guztira, 40.000 euro banatuko dituzte; bost laguntza emango dituzte, bakoitza 8.000 eurokoa. Diruz lagunduko duten bukaerako testuak 100.000 karaktere izan beharko ditu gutxienez.

Bestetik, euskarazko ipuinak eta eleberri motzak sortzeko diru laguntzak. Aurkeztu beharrekoak: idatzi beharreko testuaren lagina, gutxienez 5.000 karakterekoa, azalpen-memoria, bukaerako testua sustatzeko plana argitaratzeari begira. Literatura-testuak sortzen laguntzeko, guztira 40.000 euro daude. Bost laguntza emango dira, bakoitza 8.000 eurokoa. Diru-laguntza hauek gutxienez 100.000 karaktereko euskarazko literatura-testuak –ipuin nahiz nobela motzak– sortzea sustatzeko dira.

Lehenbiziko aldiz, egilea nor den jakin gabe

Orain arteko deialdietan agerian geratu da proiektuaren egilearen izena eta haren curriculuma, eta hori da hain zuzen ere aurtengo deialdian aldatu den zerbait: lehen puntuazioa proiektuari berari emango zaio egilea zein den jakin gabe, eta bigarren epe batean egilearen ibilbidea baloratuko da.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)