Albisteak

Viktor Franklen irakaspena

Asteazkena, 2017-11-15

Bigarren Munduko Gerran, Viktor Franklek kontzentrazio-esparruetan bizi izandako esperientziaren kontakizuna da Gizakia zentzu bila (Erein) liburua.

“Sufrimendu handiko urte haietan guztietan den-dena galdu, gosea hotza eta basakeriak pairatu, eta hainbat aldiz exekutatua izateko zorian egon arren, hala eta guztiz ere bizitzak merezi duela onartzera iritsi zen Viktor Frankl”, Ereinek prentsa-ohar bidez aditzera eman duenez.

1905ean jaioa, Vienako Unibertsitateko medikuntzako eta filosofiako doktore tituluak jaso zituen.

Bigarren Mundu Gerran, hiru urtez egon zen atxilo Auschwitzeko, Dachauko eta beste zenbait tokitako kontzentrazio-esparruetan.

Viktor Frankl psikiatra eta preso gisa mintzo da liburu honetan, “ezohiko itxaropen hitzak erabiliz, gizakiak zailtasunak gainditzeko eta gidari dugun eta gure bizitzei zentzua ematen dion egia sakon hori aurkitzeko duen ahalmenari buruz”.

Psikiatra batek kontzentrazio-esparru batean bizi izandako gertaeren gaineko lekukotasunaz gaindi, liburu hau “bizi irakaspen bat da”.


Logoterapia metodoa

Logoterapiak, Franklek berak asmatutako metodo psikoterapeutikoak, arreta norberaren existentziaren zentzuan jartzen du eta gizakiak zentzu hori bilatzen egiten duen ahaleginean.

Gerra amaitu ondoren, katedradun izan zen Harvard, Stanford, Dallas eta Pittsburgheko unibertsitateetan, eta logoterapiako ohorezko irakasle San Diegoko (Kalifornia) U. S. Nazioarteko Unibertsitatean.


48 hizkuntzetara itzulitako liburua

Viktor Frankl 1997an hil zen, Vienan. 39 liburu idatzi zituen eta 48 hizkuntzetara itzulia izan da. Gizakia zentzu bila (Erein) izango da bere lanik preziatuena. Erein argitaletxeari esker, euskaraz irakurri daiteke orain. Lontxo Oihartzabal Rezola eta Miren Arratibel Garmendia arduratu dira itzulpen lanaz.

Liburuaren aurkezpen ekitaldian, Javier Aranguren, Lontxo Oihartzabal eta Jexux Mari Mujikak hartu zuten parte. Euren hausnarketak bideo honetan jasota daude.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)