Albisteak

Xabier Lete "Hitzen lihoa" ekimeneko ardatz

Asteartea, 2018-11-20

"Hitzen lihoa" izeneko literatur ekimena sortu berri dute Oiartzunen. Azaroaren 30etik abenduaren 4ra Xabier Leteren obra aztertuko dute ardatz ezberdinak hartuta: musikagintza, bertsolaritza, literatura... Jarraian ikus dezkezue egitaraua osorik.

Duela hilabete batzuk elkartu zen oiartzuar talde bat, eta letren inguruan zeozer antolatzeko konspiratzen hasi. Talde honen lehen ekimenean beste oiartzuar baten obra hartu dute ardatz: Xabier Lete. 2010eko abenduaren 4an hil zen Lete, eta data berdinetan  egingo diote ekimen honen biatrtez, omealdia.

Honatx priektuaren berri antolatzaileen hitzetan:

"Duela hilabete batzuk Oiartzunen hitzaren, bertsoaren, musikaren inguruan zerbait egin genezakeela pentsatzen hasi ginen. Bagenituela (eta baditugula) gure herrian euskal literaturari ekarpena egin dioten idazleak, bagenuela (eta badugula) bertsolaritzarekiko halako tradizio bat, izan ditugula (eta baditugula) euskal musikagintzan bidea urratu dutenak. Iraganean izandakoak gogora ekartzeko beharraz pentsatu genuen, gaur egun ditugunez baliatuta, etorkizunean berriak sortzeko. Memoria berreskuratzeko edo osatzeko ahalegin bat izan liteke, transmisiorako bide bat eta, ahal izanez gero, sortzaile berriak sortzekoa. Izandakoei aitortza egiteko modu bat ere izan daitekeela pentsatu dugu.

Eta horretan ari ginela, Xabier Lete etorri zitzaigun gogora. Hitza, bertsoa eta musika uztartu zituen sortzailea; abiapuntu ederra gure asmo horri forma ematen hasteko. Ekimenaren izena bera ere hitza-bertsoa-musika uztarketa horren adierazgarri izango zena bilatu dugu: Hitzen lihoa; bertsolari baten omenezko kantu bateko hitzak.

Abenduaren 4aren bueltako asteburua aukeratu dugu, Xabier Leteren heriotzaren urteurrenarekin bat eginez, aurtengo egitaraua osatzeko."

IMG-20181116-WA0000

"Hitzen lihoa" egitaraua osorik

Azaroaren 30ean

Xabier Lete: idazlea eta kantaria mahai-ingurua, 19:00etan, udaletxeko areto nagusian. Partaideak: Alex Gurrutxaga, Joxe Angel Irigarai, Jon Martin eta Antton Valverde. Xabier Letek poesian, Ez Dok Amairu mugimenduan, bertsogintzan eta kantagintzan egindako ekarpena izango dute hizpide.

Ruper Ordorika Bakarka, 22:30ean, udaletxeko areto nagusian.

Abenduaren 1ean

Xabier Leterenak Xabier Leteri jarriak emanaldia, 19:00etan, San Esteban Elizan. Oier Guillanek aurkeztuta, herriko abeslari eta musikariek Xabier Leteren abestiak joko dituzte. Beira, Jon Bergaretxe, Begoņa Bergaretxe, Joxeleon Kazabon, Oihana Lekuona, Irati Odriozola, Mirari Perez Gaztelu, Alaitz Telletxea, Maider Zabalegi. Tartean, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen Xabier Lete Poesia Sariko irabazleek euren eta Leteren poesia bana errezitatuko dute: Luis Garde, Karlos Linazasoro, Juanjo Olasagarre, Asier Serrano.

Abenduaren 2an

Urrian hasitako ikastaro bati emango diogu bukaera. Hitzen ahairea. Zeri kantatzen diogu euskaldunok? ikastaroaren azken saioa egingo dugu, Rafa Ruedaren eta Gotzon Barandiaranen eskutik. Azken saio hau bereziki Xabier Leteren ingurukoa izango da eta irekia izango da.

Abenduaren 4an

Leteren heriotzaren urteurrenean, Oiartzungo Udalak antolatzen duen Prosa eta Poesia lehiaketaren sari-banaketa ekitaldia izango da. Orain arte Txerri Egunean ospatu izan denak Xabier Leteren urteurrenarekin bat egitea egoki irudituta, Hitzen lihoak data aldatzeko proposamena egin zion Euskara Batzordeari. Batzordeak begi onez ikusi zuen eta era horretan, gainera, herritar gazteagoekin transmisio lan bat egingo da.

Informazio gehiago

Ildo beretik, transmisioa sendotzeko, Ludoteka eta Kuadrillategirekin elkarlanean honako ekimenak antolatu dituzte: Kuadrillategin, azaroaren 30ean, Xabier Lete ezagutzeko jolasa egingo dute eta bukatzeko Malen eta Ekain Elizasuren emanaldia izango da. Ludotekan, abenduaren 4an, Joxe Leon eta Antton Kazabonek kantu eta poesia emanaldia eskainiko diete LHko ikasleei. 17:00etan hasita ordubeteko saioa izango da.

Ruper Ordorikaren kontzerturako eta Hitzen Ahairea ikastarorako sarrerak Kastro Berri tabernan jarri dituzte salgai. Kontzertuko sarrera 8 eurokoa izango da aldez aurretik; 10 euro egunean bertan. Ikastaroko azken saiorako, berriz, 5 euroko sarrera.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)