Albisteak

Zabalik da Literatura Unibertsala itzulpen-lehiaketa

Asteartea, 2018-05-08

Aurten bi liburu hauek hautatu dira: Ingebor Bachmann austriar idazlearen Simultan narrazio-liburua eta Ngugi wa Thiong'o keniar idazlearen Dreams in a Time of War. Laginak aurkezteko epea maiatzaren 24an amaituko da.

Itzulpen-lehiaketa 2018

Itzulgaiak

Honako bi obra hauen laginak dira aurtengo itzulgaiak:

Simultan (Ingebor Bachmann).

Dreams in a Time of War (Ngugi wa Thiong’o).

Lehiatzailearen esku jarri dira lehiaketarako itzulgaien laginak, honako helbide honetan: EIZIE


Lehiatzaileak

Itzultzaile profesionalak zein hasi berriak izan daitezke lehiatzaile.


Aurkeztu beharrekoak

Lehiatzaileen eskura jarritako testuaren itzulpena (lau kopiatan), ezizen batekin.

Horrekin batera, itzultzailearen datuak adieraziko dira gutun-azal itxi baten barruan, eta ezizen bera errepikatuko gutun-azalean. Hauek dira adierazi beharreko datuak: itzultzailearen izen-deiturak, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa, izenpea. Nortasun agiriaren kopia ere sartu behar da gutun-azal horretan.

Obra baterako baino gehiagorako laginak aurkeztekotan, bakoitzari bere ezizen eta gutunazal itxia erantsi behar zaio.

Itzulpenen bat obraren jatorrizko hizkuntzatik egin ez bada, gutxienez bi sorburu-hizkuntza erabili beharko dira, eta horiei dagozkien orrialdeen fotokopiak aurkeztu. Nolanahi ere, jatorrizko hizkuntzatik itzultzea hobetsiko da.


Proiektuak aurkezteko lekua eta epea

Epea 2018ko maiatzaren 24an amaituko da, eguerdiko 12:00etan.

EIZIE elkartearen egoitzan aurkeztu behar dira itzulpen-proiektuak. Helbidea: Zemoria 25, behea - 20013 Donostia. Postaz bidaliz gero, «Literatura Unibertsala» lehiaketarako dela adierazi gutun-azalean.


Epaimahaia

Hiru lagunek osatuko dute epaimahaia, jasotako itzulpenak aztertu eta esleipena egiteko.

Itzulpengintzaren munduan aitorturiko gaitasuna eta prestigioa duen pertsona bana izendatuko dute Eusko Jaurlaritzak, itzulpenok argitaratuko dituzten argitaletxeek, eta EIZIE elkarteak. EIZIEk idazkari bat ere izendatuko du, hizpiderik eta botorik gabe arituko dena.

Epaimahaiaren erabakia atzeraezina izango da.


Esleipenaren jakinarazpena

EIZIE elkartearen webguneko albistegiaren bidez jakinaraziko da epaimahaiaren erabakiaren berri. Esleituak izan diren proiektuen itzultzaileei zuzenean jakinaraziko zaie.


Esleipenaren osteko kontratazioa

Esleipenaren ondoren, obra osoaren itzulpena egiteko kontratua sinatuko dute EIZIEk eta itzultzaileak, eta obra hori hirugarren batek argitaratzeko baimena emango dio itzultzaileak Elkarteari (Erein eta Igela argitaletxeek argitaratuko dituzte paperezko liburu eta e-book forman, bilduma honetarako bat eginik).


Ordainsaria

- Simultan: 6.360 euro.

- Dreams in a Time of War: 5.562 euro.

Bilduma honetarako finkaturiko ordainsariak aplikatu dira, sorburu-testuaren eta hizkuntzaren arabera. Ingelesa: 27 euro orriko; alemana: 30 euro orriko.


Obrak itzultzeko epea

Obrak osorik itzultzeko epea: 2019ko apirilaren amaiera.

Argibide gehiago: info@eizie.eus / 943 277 111.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)