Albisteak

“Zazpi senideko” antzezlanaren estreinaldia Lartzabalen

Astelehena, 2018-03-05

Axut!, Artedrama eta Le Petit Théâtre de Pain eskutik Zazpi senideko antzezlana estreinatuko dute martxoaren 8 eta 9an Lartzabalen. Anaitasuna izango du ardatz antzezlanak, eta gidoia osatzeko zazpi lagunen testigantzak jaso eta moldatu dituzte. Ekaina bitarte plaza ugari ezagutuko du antzezlanak.

Ander Lipusen zuzendaritzapean egingo dute jauzi oholtzara Ximun Fuchs eta Manex Fuchs aktoreek. Bi anai oholtzan, anaitasunaz mintzo, antzerkiaren bitartez. Antzezlaneko testua osatzeko zazpi lagunen testigantzak jaso dituzte: Lander Garro, Gaizka Sarasola, Lorentxa Beyrie, Aitzaro Arano, Argi Perurena, Unai Iturriaga, Eńaut Castagnet. Antzezlaneko arduradunek azaldu dutenez:

"Anaitasunaren aurpegi kontraesankorrak kontatzeko, lagun ezberdinei obra honen zati bat edo fragmento bat zirriborratzea eskatu diegu. Hortaz, idazkera ugaria izango da. Bigarren idazkera eszenikoaren mamia, oholtzako lanetik abiatuko dugu. Manex Fuchs eta Ximun Fuchs aktoreekin josiko dugu, gure sena eta kaos honen logika segituz. Egitasmoa ez da kaleidoskopio edo patchwork bat aurkeztea. Zatika eta orden kontra intuitibo batean eraiki nahi dugu gure dramaturgia hau. Fragmentazioa dela medio, bizi puxkak kontatuko ditugu, estilo, erronka, eta euskalki ezberdinetan. Ahots ezberdinetatik mintzatuko dira pertsonaiak, izan gizon ala emakume, gazte ala heldu, bizi ala hildako. Hausturak eramango du antzerkiaren erritmoa, bizian gertatzen diren istripuen irudikapen bat bezala."

Baina zer da anaitasuna, zein ikusepgitik landuko dute? Anaitasunaren barrunbeak, hare falta, sortzen dituen kontraesanak, loturak, elkartasunaren zentzuak. Honatx egileen azalpen zehatza:

"Anaitasunaz mintzatzea paradoxa hutsa da, zeren biki gehienek garbi adierazten duten bezala, anai edo ahizpen artean ez da hitz egiterik elkar ulertzeko. Beraz, gure intimitatearen laberintoetan murgiltzeko aukera paregabea dugu. Azken finean, denak gara anaitasunaren espezialistak eta denok badugu horri buruz zer esan. Baina antzerkiak, gure ustez, azaleko errutinatik haratago dagoen zerbait aztertzeko aukera emaiten du. Zeri deitzen diogu anaitasuna? Odolari? Laguntasun deskriba ezin horri? Elkartasunaren sinbolo sendoenari?

Deskribapen logika batean ito gabe, anaitasunaren bizipenak eta aztarnak ugariak eta osagarriak direla ezin uka, eta haren aurpegi ezberdinak argitan eman nahi ditugu, bere perfil atsegin zein lotsagarrienetan. Harreman hautsi-ezin hori, jeloskortasunean, ausentzian, traizio txikietan, edo gaizki-ulertuetan josi da. Eta hala ere, anaia, arreba, ahizpa, neba, ez da nolanahi kontsideratzen. Bada zerbait definitiboa. Ez dugu labirintoa ustekabean aipatu: errez galtzen da senidetasunaren sekretuzko pasabideetan eta benetazko aterabiderik ez da, heriotzean ez bada. Kain eta Abelen kasuan salbu, beti defendatuko dugu anaia, arreba, ahizpa, neba, fede txarrez izanda ere. Odolekoa edo biziak eskainitakoa, senidetasuna haurtzaroan eraikitzen da eta ezin da hezkuntza ulertu, anaitasuna aipatu gabe. Anai-arrebarik edo ahizpa-nebarik ezean ere, anaitasuna beti izango da gizabanakoaren nortasuna finkatzen duen zimendua.

Baina zer egin anaia, arreba, ahizpa edo neba ebatsia izan zaigunean? Presondegiak, auto istripuak edo gaixotasunak, bete ezinezko hutsune ilun bat etengabe sentiarazten duenean, nola egon gaitezke gurea genuen GU horretan? Anaitasunarekin bat sortzen da GU kontzeptua. Parekorik gabe, ez naiz “gu” izan ahal, “ni” horretan mugatua nago, ni bakarrik.

“Gu” hori elkartasunean sortzen da, minean, betebeharrean, zailtasunean, maitasun solasean, kezkan, biziaren bide latz zein ederretan. Jasan beharreko dominazioak edo hartu beharreko armek ere egiten gaituzte anai: gudari edo esklaboen artean, denak gara senide. Agian, horregatik afrikar jatorria duten ipar amerikarrek elkarri “brother” deitzen diote, edota Cuban “hermano”. Horren adibide hurbilagoa dugu bi euskal erresistente eta antzerki idazle ziren Monzon eta Lartzabal jaunek sortutako Anai-artea.

Hots, haren faltatik mintzo bagara ere, anaitasuna gorestea dugu xede."

Neba-Arrebak-02

Lehen emanaldiak

Martxoaren 8 eta 9an Lartzabaleko Larrezabal gelan eskainiko dituzte estreinako emanaldiak, 20:30ean. Ondoren etorriko dira honako hitzordu hauek:

-03/27 KANBO (ikasleentzat), Hamekan

-03/18 ESKORIATZA

-03 /28, 03/29, 03/30 BAIONA (ikasleentzat) B. Etxepare lizeoan

-04/02 AULESTI

-04/15 BAIGORRI

-04/27 HENDAIA

-04/28 & 04/29 DONOSTIA, Gazteszena

-05/03 UZTARITZE

-05/11 AZPEITIA

-06/01 ZUMAIA

-06/02 EZPELETA

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)